Asteroko buletina
Azileko ortzia, neguko eguzkia.
Dani Blanco

Koral koxkorrak edo oilo begia

Ardisia crenata

[Jakoba Errekondo]

Asiako eki-hegoaldekoa da. Ardisia, grekoko "ardis" (puntua) hitzetik dator, anterak edo lore-koskoilak duen itxura dela-eta. Antera horiek eratzen duten tutua da genero honen berizgarri nabarmenenetako bat. Crenata izenak hostoaren ertzaren forma adierazten du, kizkurtua-hozkaduna dela alegia. Korak koxkorrak bezala oilo begia fruituaren itxuragatik esaten zaizkio.

Deskribapena

1,5 m arte hazten den zuhaixka da. Hostoak iraunkorrak, txandakatuak, distiratsuak, larrukarak, lantza luzeen formakoak, 5-10 cm artekoak eta ertz kizkurdunak dira. Loreak 5 petalodunak dira, izartuak, usaintsuak, zuriak eta tarteka gorrixkak, galtzarbeko adar muturretako mordotan. Fruituak, gorri biziak eta biribilak dira eta, 6-8 mm arteko diametroa dute. 

Barietateak

Ardisia crenata "Alba" Fruitu koxkor txuriak ditu. 

Ardisia crenata "Sims" Fruitu koxkorrak hasieran txuriak dira, gero koral kolorekoak. 

Ardisia crenata "Chirimen" Fruitu koxkorrek gerezi itxura dute.

Ardisia crenata "Beni Kujaku" Hostoen ertzak arrosa kolorekoak ditu. 

 

 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurrenetan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Kotxinila: hostoen edo ardarrean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko oskola duen intsektua da. Mutur zorrotza duen orratz edo labana batez kendu. 

Trikimailuak

Aire-korronteetatik aldendu.

Neguan kontuz tenperaturarekin. Ahal bada, 10ºC-tik gora mantendu beti; hala ere freskura ere komeni zaionez, berogailuetatik urrundu. 15ºC inguruan denboraldia igarotzea komeni zaio, horrela loraldi ona izango du. 

Sekula ez utzi lurrari lehortzen.

Hostaila maiz lainoztatu.

Landarea ahuldu egin bada, udaberrian behe-behetik (10 cm-ra)  ebaki eta berrituko da.

Nekez hazten den landarea da, bera, zaindu beharrekoa. Hostoak galduz gero zaila du bere itxura berreskuratzea. Bera, kontuz haur, zakur eta abarrekin.

Udaberrian kimatzea komeni da. 

Barrukoa
Argia

Argi asko behar du, baina eguzkitan ez jarri. 

Tenperatura
termometroa 10-30℃ artean

Tenperatura arruntak gustukoak ditu, neguan 7ºC-tik behera ez eduki. 

Ureztaketa

Lurrari beti heze eutsi, baina ito gabe. Udan lasai ureztatu, negu partean urrixeago. Maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Hazkunde sasoian, apirila-iraila artean, ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitzeak mesede egingo dio. 

Ugalketa

Udaberrian haziak erein edo udaberri-udan 7-10 cm-ko zurtoin-aldaxkak landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora