Asteroko buletina
Jondone Laurendi, esku batean uria, bertzean itxindi.
Dani Blanco

Koleoa

Plectranthus scutellarioides

[Jakoba Errekondo]

Java uhartean du jatorria. Espezie hau lehen "Coleus" generoan sartzen zer, hortik mundu guztian Koleo izenarekin ezagutzea. Gaur egun "Plectranthus" generoan sailkatzen da. Plectranthus, grekoko "plectron" (ezproina) eta "anthos" (lorea) hitzetatik dator; landare honen loreek duten antzagatik, alegia. 

Deskribapena

60 cm arteko altuerako zuhaixka da. Labiatae familiakoa izaki, zurtoin karratua du. Hostoak binaka eta aurkakoak, kolore nahasketa askotakoak, arrautza edo bihotz-formakoak, nabermenki peziolatuak, narraski horzkatuak eta gehienetan azpialdean ileak dituztenak dira. Lore txikiak, hodi formakoak, galburu antzeko infloreszentziatako bertiziloetan sortuak, bi ezpaindunak eta zuri edo urdinak dira. 

Barietateak

Espezie honen barruan izugarrizko barietate aukera dago. Hostoen kolore nahasketagatik bereizten dira, batez ere. Adibide gisa, hona Londresko Royal Horticultural Society elkarte sonatuaren sario jaso duten barietateak:

"Black Prince", "China Rose", "Combat", "Crimson Ruffles", "Gay's Delight", "Balcenna", "Juliet Quartemain", "Lord Falmouth", "Picturatus", "Pineapple Beauty", "Pineapplette", "Pink Chaos", "Redhead", "Roy Pedley", "Royal Scot", "Trusty Rusty", "Walter Turner", "Winsome", "Wisley Tapestry".

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopean eta kimu berrietan izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Mildiua: gutxi aireztatutako inguruan sortzen da. Erasotutako zatiak ebaki eta kendu eta toki egokira eraman. 

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki, txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Maiz lainoztatuta alde egiten du. Bestela intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Tokia egokian bizi bada, berehala luze-luze egin, makurtu eta itsusitu egingo da, beheko aldea soilduz. Hori ekiditeko mutur-muturreko hosto parearen barnealdeko kimutxoa azazkelaz maiz kendu. Adar baten bi, bi horietatik lau eta horrela zurtoin mehe eta luzeak dituen landarea izan beharrean, hostaila mardul eta trinkoa duena izango duzu. 

Hostaila maiz lainoztatzea ez ahaztu.

Kolore biziko landarea eduki nahi badugu, etxeko txoko argitsuenean jarri. 

Udan eta sasoi beroetan egunero ureztatu.

Landare zaharrari eustea ez da erraza. Bai ordea urtero adartoxak ebaki eta aldaxka gisa landatuta, landare gazte, sendo eta berria izatea beti. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun asko behar du baina uda parteko eguerdi beroetako eguzki beroenetik urrundu. 

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Beti epelean gustura biziko litzateke landare hau. 10ºC-tik behera sekula ez eduki. 

Ureztaketa

Lurrari beti heze eutsi. Euri-ura erabili ur gogor edo karetsuak diren parajeetan. Neguan ureztaketa urritu. Hostaila maiz lainoztatu urte osoan. 

Ongarriketa

Apirila-iraila artean, hilean behin, ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitu dosi txikian. 

Ugalketa

Otsaila-martxoan hazia erein, edo udaberrian edota udan zurtoin aldaxkak ebaki eta landatu; oso erraz itsasten da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora