Asteroko buletina
Edozein belar pila ez da meta
Dani Blanco

Kentia

Howea forsteriana

[Jakoba Errekondo]

Tasmaniako Lord Howe uhartetik dator. Howea izena, uharte horretan aurkitu zelako du landare honek. Forsteriana izena William Foster senatari australiarra zenaren ohorezkoa da. Kentia izen arrunta, lehen Kentia generoan sailkatu zelako du, zeina William Kent landarezale eta bidaiari herbeheretarraren ohorezkoa zen. Bere jatorrizko uhartean "teilatu palmondoa" esaten diote, bere hostoekin erikuntzetako teilatuak eratzen dituzte-eta. 

Deskribapena

Jatorrizko tokian, 20 m-raino garatzen den palmondoa da. Loreontzietan 3-4 m-rainokoa da. Hostoak, luzeak, uztai formako txortendunak, pinatuak, foliolo edo hostoskak lerro edo lantza formakoak eta, erabat beherantz makurtuak ditu. 

Barietateak

Tankerako beste kentia bat da: 

Howea belmoreana Hosto-txortenak nabarmenago uztaituak ditu, baina motzagoak; eta foliolo edo hostoskak kanpora arteztuak ditu, ia horizontalak.

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu eta zimelarazi egiten ditu. Erasoa eragotzeko hostaila maiz lainoztatu eta inguru hezean eduki. 

Kotinilla: frondean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko oskola duen intsektua da. Mutur zorrotza duen orratz edo labana batez kendu. Alkoholetan bustitako kotoi batekin ere askatzen da. 

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Trikimailuak

Drainatzea garrantzitsua da. Ura zurtoinetan geratzen bada, laster hilko da. 

Hostaila lainoztatzeaz ez ahaztu eta inguru bero eta lehorrean (berogailuak, aire egokitua, eta abar daudenean) maizago. 

Hostoak garbitzeko belaki heze bat erabili. Sekula ez produktu kimikorik. 

Kontuz aire-korronteekin.

Toki arrunt ilunetan ere oso ongi bizi daiteke, baldin eta gainerako baldintzak egoki zaintzen badira. 

Zuzeneko eguzkiarekin kontuz. Erraz jasan dezake, baina ez ordurik beroenetan. 

Uda partean kalera atera nahi badugu, pixkanaka ohitu eta ez bat-batean.

Barrukoa
Argia

Argitasun handia behar du. Zuzeneko eguzkitan ere egon daiteke egunean 2-3 orduz. Ia ilunpetan ere, geldoago, baina iraungo du. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Hazkunde sasoian tenperatura egokiena 15-25ºC bitartekoa da. Neguan 10-15ºC bitartean eduki. Horrela atsedenaldi egokia izango du. 

Ureztaketa

Neguan zenbat eta hotzago, orduan eta urriago ureztatu. Udan lurrazala lehortu ahala ureztatu. Hostaila maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Hazkunde sasoian, udaberri-udan, hilean behin urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Udaberri hasieran hazia erein. 26ºC inguru behar ditu eta ugaltzea zaila da.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora