Asteroko buletina
San Markek euri, gereziak ihaurri.

Kautxu landarea

Ficus elastica "Decora"

[Jakoba Errekondo]

Indiatik eta Malasyatik dator. Ficus, pikondoaren latinezko izena da, izan ere pikondoa da genero honetako landare ezagunena (Ficus carica). 1815ean hasi zen Europan etxeko landare bezala erabiltzen. "Elastica" izenak adierazten du gai elastiko bat sortzen duela; bere izerdia kautxua sortzeko erabiltzen da. "Decora" izenak esan nahi du barietate hau polita, ikusgarria dela. 

Deskribapena

Naturan oso poliki hasten den zuhaitz galanta da, 35 m edo gehiago luza daiteke. Hosto luzanga-eliptikoak ditu, 15-30 cm-koak, gogorrak eta berde ilunak. Erdiko hosto-nerbioa nabarmena du. Brasildar Hevea aurkitu arte, kautxua landare honen izerditik ekoizten zen. 

Barietateak

Ficus elastica Hosto estuagoak eta luzeagoak ditu. 

Ficus elastica "Doescheri"  Koloreaniztasun hostoak ditu: berde argia, hori-larua eta zuria nahasian. 

Ficus elastica "Abidjan" Hostaje berde iluna eta era berean itxura gorrizta du landare osoak. 

Ficus elastica "Burgundy"  Aurrekoa bezalakoa da baina hostaje ilunagoarekin. 

Ficus elastica "Scgruhveriana"  Hosto zabaltxeagoak ditu eta hosto-txortena gorrizta. 

Ficus elastica "Zulu Shield"  Arestikoaren antzekoa da eta hosto-txortena gorri ilunagoa.  

Ficus elastica "Tricolor"  Koloreaniztasun hostoa du, berde iluna, larua eta arrosa kolorekoa.  

Ficus elastica "Tineke"  Hosto berde argiek ertza larua dute. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorraratzen dizkio. Hostoak maiz lainoztatzea da prentziorik onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Berostasun handiegia baino freskura nahiago du.

Gehiegi baino hobe da gutxiegi ureztatzea.

Ongarriketa ez ahaztu.

Hostoak tarteka garbitu, ur epel eta belaki gozo batekin.

Loreontziz aldatzean batik bat lurra duen nahastea jarri, luar edo simaur onduarekin. 

Noizean behin kimatu, beti hosto baten gainetik. Horrela zabaldu egingo da. Landarea handiegia bada, loreontzi berean, sustraiak zuritu gabe, ahal den lurra kendu eta berria jarri. 

Izerdia latex antzekoa du eta toxikoa da. Kimatutakoan izerdi galera mozteko goroldio edo oihal hezea jarri. 

 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argi askorik gabe ere bizi ohi bada ere, argitasunak eta zuzeneko eguzkiak kalte baino mesede gehiago egiten diote. 

Tenperatura
termometroa 10-16℃ artean

Bero handiegia baino freskura nahiago du, eta gustoena tenperatura epeletan bizi da, 10-16ºC inguruan. Toki beroegietan (22ºC-tik gora) hezetasun handia behar du inguruan, bestela hostoak zimeldu egiten zaizkio. 

Ureztaketa

Sekula ez da gehiegi ureztatu behar. Negu partean lurra ia ez da busti behar, ondo lehortutakoan. Udan astean bitan nahikoa da. 

 

Ongarriketa

Maiatza-iraila bitartean, ongarriketa behar-beharrezkoa du, hilean behin. Ureztaketa urari nahastea da egokiena. Lur berria jartzean ere erruz ongarritu. 

Ugalketa

Aireko belaunketa egin behar da. Hau da, enborrean azala ebaki eta inguruan goroldio hezea lur pixka batekin nahasi, plastiko batekin estali eta lotu. Denborarekin sustraiak sortuko dira. Orduan enborra beheraxeagotik ebaki eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora