Asteroko buletina
Azaro, azaro, erein eta itxaro.
Dani Blanco

Katu belarri hiru-kolorea

Tradescantia fluminensis "Tricolor"

[Jakoba Errekondo]

Hego Amerikatik ekarria da. "Trasdescantia", John Tradescant aita eta seme Ingalaterrako Karlos I.a erregearen lorezain izandakoen ohorez ipinitako izena da. "Fluminensis" izenak Brasilgo Rio de Janeirokoa dela dio (Flumen Januarii). "Tricolor" hitzak hosto hiru-kolorea adierazten du. Inbaditzaile izendatua dago eta ezin da ingurunean landatu ezta eraman-ekarrian ibili, ezta saldu ere. 

Deskribapena

Katu-belarria, herrestari eta igokaria da, eta oso luze zabal daiteke. 3-5 cm-ko hostoak, luzanga-eliptikoak, barietatearen arabera margo ezberdinetakoak ditu. 8 mm-ko lore zuriztak ditu. 

Barietateak

Tradescantia fluminensis "Tricolor" Hostoaren gainaldea zuri-arrosa-berdea du.

Tradescantia fluminensis "Albonttata" Hostoa marra zuri eta berdeduna du.  

Tradescantia blossfeldiana  Hostoaren azpialdea purpura kolorekoa eta 5-10 cm-ko luzeraduna du. 

Tradescantia fluminensis "Variegata" Hostoaren azpialdea purpura-kolorekoa du, eta gainaldea laru-berdea, batzuk ia osoki berdeak, beste batzuk nahasiak edo ia erabat laruak. 

Tradescantia fluminensis "Quicksilver"  Landare mardulagoa da eta marra zuri-beltzak ditu hostoetan.  

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztarazi egiten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. 

Zorria: kimu berrietan pilatuta izerdia zurrupatuz bizi ohi dira. Banaka-banaka kendu edo intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Hostaila mardulari eusteko muturrak ugari kimatu, eta kimuak landarea ugaltzeko erabili. Aldaxka gisa landatu; erraz itsasten baita. 

Arba berderen bat sortuz gero, beste margo bateko barietateren batean, ipurditik moztu.

Berogailuetatik urrundu. 

Argitasun ahula badu, hostoetako margo bereziak galdu egingo ditu eta berde bilakatuko da. 

Gehiegi ureztatuz gero, hostoak erori egingo zaizkio.

Zintzilikari gisa erabili ohi da.

Lainoztatzea ez ahaztu, bestela hosto-muturrak zimelduko dira eta armiarma gorriak erasoko dio.  

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun handia behar du, baina ez eduki eguzki-galdatan. Kanpoan itzaletan ederki bizitzen da. 

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Fresko zalea da, baina loreontzian badago neguan 7ºC-tik behera ez eduki. Gainerakoan tenperatura normalak. 

Ureztaketa

Lurrari lehortzen ez utzi, baina ito gabe! Negu partean urrixeago bota. Noizbehinka hostaila lainoztatu. 

Ongarriketa

Hilean behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu, baina oso dosi ahula erabili. 

Ugalketa

Edozein urte-sasoitan, arbatxoak ebaki eta aldaxka gisa landatu, erraz itsasten da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora