[Jakoba Errekondo]
Amerika tropikaletik dator. Garo hau Euskal Herrian dugun iturri-belar arruntaren oso antzekoa da; azken horrek hostoak hortzakatuagoak ditu eta etxe barruko giroetara aiseago egokitzen da. Adiantum. grekoko "adiantos" (lehor edo ez-heze) hitzetik dator. "Raddianum" izenak Giuseppe Raddi botanikari italiarrari egiten dio ohore; garo eta bestelako kriptogamo biltzaile ezaguna izan zen, batez ere Brasilen eta Egipton. Iturri-belar amerikarraren hosto azalean urak korritu egiten du eta espezie batzuek aire lehorra jasan dezakete.
Iturri-belar amerikarrak hosto pinatuak eta kolore berde bizi eta distiratsukoak ditu. Hosto-txortenak marroi ilunak dira. 30-40 cm-raino garatu ohi da. Hostopean sortzen diren esporaz ugaltzen da, izan ere, garo guztiek bezala ez du lore, fruitu eta hazirik ematen.
Espezie honetan izugarrizko kultibar aukera dago:
Adiatum raddianum "Brilliant Else" Hostoak berritan gorriztak dira.
Adiatum raddianum "Gracillinum" Fronde ugari eta dotoreak ditu, hosto mehe luzeekin. Forma tentea du.
Adiatum raddianum "Double Leaflet" Hostoak 2-4 aldiz pinatuak ditu. Itxura dotorekoa da.
Zorria: hostopean izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Banaka kendu edo intsektizidaz tratatu.
Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den eta lapa antzeko oskola duen intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.
Tenperatura hotzak (10ºC-tik behera), lur lehorrak eta inguruan hezetasunik ezak hil egiten dute.
Uda parteko ongarriketa ez ahaztu. Izugarrizko mesedea egingo dio.
Eguzkitan erre egingo da.
Zintzilikari gisa erabil daiteke, goroldiotan bilduta. Horrela badago, maiz lainoztatu; egunean behin edo bitan.
Zuzeneko eguzkirik ez du maite. Hala ere argitasun handia behar du.
Epeltasuna maite du. Negu partean 10ºC-tik behera sekula ez eduki, eta udan 24ºC-tik gora ere ez. 15-20ºC bitartean edukitzea da egokiena.
Hostoak oso maiz lainoztatu. Hezetasuna maite du, baina lurra ez urez ase. Udan astean behin eta neguan biz behin-edo ureztatu.
Udan, nahi izanez gero, bi edo hiru astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa (dosi txikia) gehitu dakioke.
Garo edo iratzeak lorerik gabeko landareak direnez, ez dira hazitik ugaltzen. Horretarako hostopean esporak garatzen dituzte. Etxean espora bidez ugaltzen oso zaila da, baina udaberrian "ereinez" saia zaitezke. Udaberri hasieran, baita ere, landarea zatitu daiteke.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545