[Jakoba Errekondo]
Plectranthus, grekoko "plectron" (ezproina) eta "anthos" (lorea) hitzetatik dator; landare honen loreek duten antzagatik, alegia. "Madagascariensis" hitzak adierazten du bere jatorria, Madagaskar uhartea. Batez ere barrurako erabiltzen da, baina kanpoan ere ederki bizitzen da, sasoi hotzenetan babestuz gero. Intsentsu landarea edo intsentsua esaten zaio igurtziz gero intsentsu usain nabarmena zabaltzen duelako. Zaintzen landare errazenetakoa da. Genero honetako landareak izendatzeko garaian izugarrizko zikilusaltsa dago eta beste izen zientifikoren batekin ere topa dezakezu.
Landare bizikor eta zintzilikaria da, 2 m eta gehiagoko adarrak luzatu ditzake. Zurtoin lauangeluar etzan antzekoak ditu. Hosto oposatuak, bakunak (5-7 cm), obatuak eta iletsuak ditu; kolore konbinazio askokoak, gehienak hostoaren erdialdea eta ertza bi kolorez bereiziz. Lore ezpainbikoak, 30 cm inguru luzeko galburu formako infloreszentziak eratuz, zuriztaz. Intsentsu usain handia du landare osoak, baina hura dastatzeko igurtzi egin behar da.
Zainetako usteldura: itxuraz adarrak zimeltzen hasten dira, lurra hezeegi egonda onddoek sustraiei eraso egiten dietelako. Erasoa eragozteko urriago ureztatu.
Botritisa: onddo honek zurtoin eta hostoak usteltzen ditu, hezetasun handiegiaren ondoriozko erasoan. Toki lehorragoan ipini, gutxiago ureztatu eta lainoztatu, erasotutako zatiak ebaki eta zati sanoak aldaxka gisa landatu, landarea berritzeko.
Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta eroriarazi egiten ditu. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentzio onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu.
Landare honek mantenimendu erraza du; ez baitu aparteko arretarik behar.
Urtero lur berria jarri, udaberrian.
Adar zintzilkario luzeak ematen ditu. Neguaren ondoren zarpailduta egongo direnez, udaberrian inausi, erdian motzago utzi, berritzeko.
Ugaldu nahi izanez gero, inausitako adarrak edo uda partean muturretatik moztutako adarrak aldaxka gisa landatu.
Landarea mardulago egoteko maiz kimatu.
Adar luzeen itxuragatik batik bat zintzilikari gisa erabili ohi da.
Bere forma eta koloreengatik lore edo hostaje biziak dituzten landareekin batera jartzen da.
Kontuz, lurra hezeegi ez eduki; usteldu egingo baita.
Ia edozein argi mailara ohituko da, baina argitasun handiarekin mardulagoa izango da. Zuzeneko eguzkitik urrundu. Kanpoan erdi itzaletan jarri.
Tenperatura arruntak behar ditu. Neguan 5ºC-tik behera ez eduki. Kanpoan badago, kontuz izotzekin.
Lurra lehortu ahala ureztatu. Negupartean urriago. Hostaila astean behin edo bitan lainoztatu.
Sasoi aktiboan (udaberritik udazkenera) bi astetik behin, ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. Luberritutakoan luar edo simaur ondua eman, asko.
Udaberrian edo udan landareari adartxoak moztu eta aldaxka bezala landatu. Oso erraz itsasten da.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545