Asteroko buletina
Batekoz beste, kukua euri eske.
Dani Blanco

Habi garoa

Asplenium nidus

[Jakoba Errekondo]

Afrika eta Asiako baso tropikalak, Australia eta Ozeano Bareko uharteak ditu jatorri. Asplenium izena latinizatutako grekoko "splen" (behazuna) hitzetik dator, izan ere Erdi Aroan landare hau behazuneko eta gibeleko arazoak sendatzeko erabiltzen zen, "Nidus" izenak habia esan nahi du, hostoak borobilean haziz habi baten itxura hartzen baitu landareak. Hortik datorkio habi garoa izena. Garo guztiak bezala hezetasun eta urzalea da, hostoen forma horrek urak sustraien aldera biltzea errazten dio. Zenbait tokitan bere hostoen kimu berriak barazki gisa jaten dituzte. 

Deskribapena

Garo edo iratze epifito edo litofitoa da, hau da, beste landare batzuen gainean edo harrien gainean bizi da. Garo gehienez ez bezala, osoko hostoak ditu, ebaki gabekoak. Kolore berde bizi eta distiratsuak ditu. Hosto guziak ipurdi beraren bueltan sortzen dira, izena ematen dion habia antzekoa osatuz. Landare zaharretan metroko hostoak gara daitezke. 

Barietateak

Asplenium nidus "Osaka" Hosto tenteak eta ertza kizkurtua ditu. 

Asplenium nidus "Crispy Wave" Hosto tenteak eta erabat kizkurrak ditu. 

Asplenium nidus "Fimbriatum" Hosto desberdinak ditu, luze zabalean, ertza ebakiarekin. 

Asplenium nidus "Champion" Aurreko barietatean tankerakoa, hosto libreagoak ditu eta ebakidura sakonagoekin.  

Asplenium nidus "Chrissie" Hosto muturrak sakon ebakiak eta adarkatuak ditu. 

Asplenium nidus "Leslie" Hosto muturrak arin ebakiak eta bihurriak ditu. 

Asplenium nidus "Supreme Cobra" Hosto ertzak kizkurtuak ditu eta kizkurra erdiko nerbioraino iristen da. 

Asplenium nidus "Variegata" Hostoetan hori koloreko orbanak ditu, nerbiotik ertzera. 

 

Gaitzak eta izurriteak

Zorriak: hostoen izerdia zurrupatuz bizi da. Banaka kendu edo intsektizidaz tratatu. 

Bareak: kanpoan dagoen landarera edo landare berri batean etor daitezke. Hostoak ausikaz jatez dituzte. Banaka kendu. 

Trikimailuak

Udan lurrak beti heze egon behar du. Neguan gutxiago ureztatu, baina ez dadila inolaz ere lehortu. 

Udan eguzki argitik aldendu eta neguan 10ºC-tik gora dagoen gelan eduki behar da. 

Uda partean hostoak lainoztatu. Oso gogokoa du. 

Hosto berriak hazten ari direnean, ureztaketa urari ongarria gehitu diezaiokezu, baina oso dosi txikia, erre egin daiteke eta. 

Garo hau landareen enbor eta adarretan bizi ohi da. Zainak goroldiotan bilduta, zintzilik bizi daiteke, baina maiz-maiz lainoztatu, ia egunero. 

Barrukoa
Argia

Garo edo iratze gehienak bezala, ez du zuzeneko eguzkia maite. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Epeltasuna maite du. Neguan 12-13ºC-tik behera sekula ez. 

Ureztaketa

Udan astean behin edo bitan. Neguan noiz-behinka. Lurra urez ez ase eta hostoak oso maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Neguan ez. Udan nahi izanez gero, ongarri likidoa eman bi edo hiru astetik behin. Oso dosi ahula. 

Ugalketa

Garoak lorerik gabeko landareak direnez gero, ez dira hazitik ugaltzen. Horretarako hostopean esporak garatzen dituzte, soro deituriko multzo gorrizketan; baina etxean ugaltzea oso zaila da. Toki bero eta hezean (negutegi edo antzekoan) udaberrian esporak "ereinez" saia zaitezke. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora