Asteroko buletina
Bizitzaren saioen eta pasioen artean, zein ederra da baratzea
Dani Blanco

Gloxinia

Sinningia speciosa

[Jakoba Errekondo]

Brasilen du jatorria eta 1817an ekarri zen Europara. Hasiera batean Gloxinia speciosa izena jarri zitzaion, hortik bere izan ezagunena: gloxinia. Gero aldatu zitzaion eta Sinningia generoan sartu. "Sinningia" izena Wilhelm Sinning (1794-1874), Bonngo Unibertsitateko lorezaintza arduraduna eta gloxinia hibridoak sortzen iaioa zenari zor zaio. "Speciosa" izenak ikusgarria, deigarria dela esan nahi du. Gloxinia izena Benjamin Peter Gloxin (1765-1794) botanikari alemanaren ohorezko izena da. Bitxikeria moduan, bere generoko Sinningia brasiliensis landarearen loreak saguzarrek polinizatzen dituzte.  

Deskribapena

Lurpeko zurezko tuberkuluan goranzko zurtoin tenteak garatzen ditu (15-25 cm). Hostoak 15-20 cm luze eta arrautza antzeko eta luzanga artekoak dira, belusatuak edo ile oso labar, ugari eta bigunak estu-estu eta era paraleloan kokatuak ditu, gainaldean berde ilunak eta azpialdean distira gorriztak ditu. 5 gingildun hodi-formako lore bakartiak, ikusgarriak, 4-5 cm luze, belusatuak, mamitsuak eta gorria eta morea arteko kolorekoak dira eta udan ireki ohi dira. 

Barietateak

Sinningia generoan 75 espezie biltzen dira. 

Sinningia speciosa hibridazio mordo baten ondorioa izaki, bere baitan bi tlde bereizten dira:

Maxima taldea Loreak luzeagoak, dilindariagoak eta mamitsuagoak, bi koloretakoak izan daitezke.

Fyfiana taldea Loreak tenteagoak dira eta alebakarrak edo bikoitzak izan daitezke. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorria: hostopena, kimu berrietan eta landarearen zati samurretan bizi ohe da izerdia zurrupatuz. Banaka kendu. 

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu. 

Botritisa: hostoak edo tuberkulua gehiegi bustita onddo honek usteldurak sor ditzake. Berehala kendu erasotutako hosto, lore edo txortenak. Ingurune lehorragoan jarri eta fungizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Bero handiegiekin, kontuz.

Beti BETI, behetik, azpiko plateratik eman ura, bestela hostoak, loreak edota lurpeko tuberkulua ustel daitezke.

Toki oso argitsuan jarri.

Loraldiaren hasieran kontuz hotzarekin (15ºC inguruan eduki).

Aire-korronteak gorratu egiten ditu. 

Loraldi aparta izatea nahi baduzu, ongarritzeaz ez ahaztu. 

Inguru hezea atsegin du, baina hostaila busti gabe (landarea bera ez lainoztatu). Hartxintxarrez betetako ontzi zabal baten gainean eduki eta ura beti harrien maila mantendu. 

Loraldia amaitu ondoren eta hostaila zimeltzen hasi orduko, ureztaketa urritu. Hostaila erabat galtzean lehorrean eduki eta 10ºC-tan. Lurpeko turberkuluak udaberrian berriz landarea emateko fresko eta lehor egon behar du. Loraldi bat edo atsedenaldi bat behar du. Udaberri hasieran ondo ongarritutako luberrian landatu tuberkulua (lehengo era berean), toki beroan jarri eta ureztatzen hasi. 

Barrukoa
Argia

Argi asko behar du baina eguzkitan ez jarri sekula.

 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Etxe barruko tenperatura arruntetan ondo bizi ohi da, 15-20ºC artean. Neguko atsedenaldian 10ºC inguruan eduki eta udaberri hasieran, ernetzaroak, 21ºC-tan edukitzea da onena. 24ºC-tik gora sekula ez eduki. 

Ureztaketa

Udan astean 2-3tan ureztatu, beti behetik, hostoak eta loreak inoiz busti gabe. Loraldia amaitu eta hostaila zimeltzen doan eran, ureztaketa urritu. Hostaila erabat galtzen lehorrean eduki lurpeko tuberkulua. Ureztatzeko ur epela erabili. 

Ongarriketa

Hosto berrien sorta zabaldu denean eta haien artean lore-begi edo pipilak sumatu aurretik, ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitu, loraldia amaitu arte. 

Ugalketa

Udaberrian haziak ereinez, martxoan tuberkuluak zatituz edo uda hasieran hosto-aldaxkak landatuz. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora