Asteroko buletina
Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino
Dani Blanco

Etxe-orratz landarea

Curio ficoides "Mount everest" edo Senecio ficoides "Mount everest"

[Jakoba Errekondo]

Genero honetako landareak Hego Afrikatik datoz, baina barietate hau 2010ean ustekabean sortu zuen landarezale herbeheretar batek. Harrezkero herrialde horretan soilik ekoizten da, eta etengabeko hazkundea du. Bere sailkapen botanikoarekin izugarrizko zikulu-saltsa dago: Senecio ficoides, Curio ficoides eta abar, izen asko jarri izan zaizkio. Ekoizleak saltsa hori saihesteko "Mount Everest" izena eman zion..."Aquarine" izenarekin ere topa dezakezu. Zuzen eta tente gorantz luzatzen den landarea da, hortik etxe-orratz landarea izena; horrexegatik eta hostajearen koloreagatik "Mount Everest"

Deskribapena

Etxe-orratz landarea zukutsua da. Landare belarkara da, enbor nagusirik gabe. Adar tenteak ditu, gehienez ere metro bete inguru hazten direnak. Adar txorten eta hosto lodiak, azken horiek bigunak dira, zapak, labana itxurakoak, asko jota 10 cm-koak. Gris, urdin-berde argi kolorekoa da erabat. Landare guztia babes egiten dion hauts zurizta batek estaltzen du, argizari tankerako ukituarekin. Lore zuriak ematen ditu adar muturrean. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostoen edo bere zortenean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko oskola duen intsektua da. Mutur zorrotza duen orratz edo labana batez banaka-banaka kendu. Alkoholetan bustitako kotoi batekin ere askatzen dira. 

Trikimailuak

Argi asko behar du, beraz, toki argitsuenean jarri. Baita eguzkitan ere. Toki ilunean edota itoan ez jarri.

Beti azpitik ureztatu edo lurretik, sekula ez busti hostoak.

Oso gutxi ureztatu, ur gehiegi badu sustraiak ustelduko dira.

Kanpoan bizi bada, bustiagatik ez arduratu.

Luberritzerakoan kontuz sustraiekin, ahalik eta gutxien ukitu eta lur nahaste hau eman: loreontzirako lurra, lurraren erdia hare lodia eta ongarri organiko pittin bat.

Hostoetan duen hauts zuri nabarmena ez kendu inola ere. Eguzki gordinarengandik babesteko eta uraren lurruntzea urritzeko lagungarri du. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasun eta eguzkizalea da, argi asko behar du.

Tenperatura
termometroa 22-35℃ artean

Berozalea da, ahal duzun toki gozoenean jarri. 5 eta 35ºC artean ondo biziko da. 22-35ºC arteko tenperatura du gustukoena.

Ureztaketa

Lurra busti, gainetik edo azpiko plateratik. Sekula ez busti hostoak. Udan hamabostean behin 200 ml eman. Neguan ur hori bera baina hilean behin.  

Ongarriketa

Ez da organiko zalea, oso gutxi ongarritu behar da. Lurrean simaur edo luar oso gutxi jarri, seitik bat-edo. Ureztaketa urari uda partean hilean behin erantsi ongarri likido pittin bat. 

Ugalketa

Hazitik ugaldu daiteke, baina errazena adar aldaxkak egitea da. Moztu, zauria lehortzen utzi eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora