Asteroko buletina
Zer da belar txar bat? Onurak ezagutzen ez dizkiogun landarea.
Dani Blanco

Efelido landarea

Hypoestes phyllostachya

[Jakoba Errekondo]

Madagaskar uhartetik ekarritakoa da. "Hypoestes" izena, grekoko "hypo" (azpia edo behea) eta "estia" (etxea) hitzetatik dator; brakteek lorearen kaliza estaltzen duten eragatik, alegia. "Phyllostachya" hitza grekoko "phyllon" (hostoa) eta "stachys" (artoaren belarria) hitzetzatik dator, bere hostoaren itxuragatik. Efelido landarea izena hostoen orbanengatik da, eguzkiak erretako zatien itxura baitute. 

Deskribapena

Landare bizkorra da; 60 cm ingururaino hazten da. Hostoak, 6 cm bitartekoak, arrautza formakoak dira, hondo berde-berdea, zuria edo gorria dutenak eta orban ugaridunak. Orbanetan bost kolore bereizten dira: zuria, arrosa, gorria, arrosa karminatua eta borgoia gorria; askotan nahasketa moduan eskaintzen dira. Loreak 2 cm luzekoak, ttikiak, urdin--moreak eta hosto-galtzarbean garatutakoak dira. 

Barietateak

Hypoestes phyllostachya-ren barietate ugari garatu dira, desberdintasunak hostoen arrosa koloreko orbanetan, margoaren bizitasunean, forman, ugaritasunean eta abarrean dira. 

Hypoestes phyllostachya "Carmina" Hosto berde iluna eta orban gorri ilunak ditu.

Hypoestes phyllostachya "Confetti Blush" Zuria da oliba berdearekin.

Hypoestes phyllostachya "Pink Splash" Berde eta arrosa zurbila ditu.

Hypoestes phyllostachya "Red Splash" Berde indartsua eta gorria da.

Hypoestes phyllostachya "White Splash"  Berdea eta zuria da.

Hypoestes phyllostachya "Pink Brocade"  Kolore arrosaz josita dago.

Hypoestes phyllostachya "Purpuriana"  Hosto moreak ditu. 

Hypoestes phyllostachya "White" Hosto zuri jaspeztatuak ditu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Euli txuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Maiz lainoztatuta alde egiten du. Intsektizidaz tratatu. 

Kukurrutxa: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu.

Trikimailuak

Landarea luzatu dadin zarpaildu gabe, eta hostaila trinkoago eta mardulagoa izan dezan, maiz kimatu. Ebaki bakoitzean bi kimu sortuko dira, haiek ebakitakoan lau... Kimuak aldaxka gisa landatu eta landarea erraz ugalduko dugu.

Zintzilikari gisa erabiltzeko aproposa da.

Neguan tenperatura epela behar du.

Udaberriko lur berria jarri.

Kontuz haize-korronteekin, hostoak zimeldu egingo zaizkio-eta.

Hostailaren kolorea bizitzeko eguzkitan jar daiteke.

Loreak ez dira ikusgarriak, eta sortu ahala kenduz gero, hostoen kolorea indartu egingo da.

Argi ahularekin hostoak erabat berdetuko dira. 

Barrukoa
Argia

Argia ugari behar du. Hostailaren koloreak argitasunarekin bizitu egiten dira. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Etxe barruko tenperatura arruntak. Negu partean beti 12ºC-tik gora eduki.

Ureztaketa

Uda partean ugari ureztatu, lurra lehortzen hasi ahala.  Neguan urrixeago. Hostaila maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Uda partean 3 astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.

Ugalketa

Udaberrian hazia erein eta udaberrian edo udan aldaxkak moztu eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora