[Jakoba Errekondo]
Afrika tropikaletik dator. "Dracaena" grekoko "drakaina" (dragoi) hitzetik dator (Kanarietako dragoi zuhaitza Dracaena draco, Madagaskarreko dragoi zuhaitza Dracaena marginata eta abar). "Fragans" hitzak usaintsua esan nahi du, bere loreengatik da. Espezie honetako lehen landareak 1763an agertu ziren Ginean eta harrezkero landare klasikoa bihurtu da. Barietate ugari sortu da, batez ere Belgikan. "Massangeana" hau 1883an deskubritu zen. Ikaragarrizko zabalkundea izan duen landarea da eta maiz ikusten da.
Naturan 15 metro arte hazten bada ere, etxe barruetan 3 m arteko luzera izan dezakeen zurtoinaren muturrean, 60 cm luze eta 10 cm zabal diren hostoez eratutako hosto-mototsa du. Beheranzko joera dute eta hostoek erdi-parean luzetako lerro lau-hori zabala dute. Etxe barruan garatzea zaila bada ere, lore zuri usaintsuak ditu eta fruitu gorri-laranjak.
Dracaena fragans Hostoak erabat berdeak ditu.
Dracaena fragans "Lindenii" Hostoek ertz hori-larua eta erdialdea berdea dute.
Dracaena fragans "Victoria" Hostoek erdialdean lerro gris-berdea eta ertzak laru-horiak dituzte.
Dracaena fragans "Compacta" Trinkoagoa da.
Dracaena fragans "Fragans" Lore usaintsuagoak ditu.
Kotoi-kotxinila: intsektu honen larbak kotoi antzeko babesa du. Intsektu garatuak, hostoen itsatsita izerdia zurrupatuz bizi diren oskoldunak dira. Alkoholez bustitako kotoiaz banaka-banaka kendu.
Armiarma gorria: hostopean aurki daiteke. txiki eta gorri-gorria da. Izerdia zurrupatzen du, hostoak horitu eta zimelduz. Garbitzen oso zaila da. Intsektizidaz tratatu.
Kontuz, eguzkia zuzenean jo ez dezan.
Lurra ez dadila erabat lehortu.
15ºC-tik behera sekula ez jarri, hostoak agudo galduko ditu-eta.
Gehiegi luzatzen denean, gupidarik gabe ebaki, moztutako tokian hosto motots berria haziko da. Eta ebakitako zatia aldaxka gisa landatu eta landare berriak sortzeko erabil daiteke.
Beranduenera bi urtez behin udaberrian loreontzi handixeagoan landatu. sekula ez handiegian. Tarteko urtean lurrazala berritu. Beti lur beltz eta luar edo simaurrezko nahastea erabili.
Normalean hostoak bigarren urtean horitu eta erori egiten dira, baina goiko aldean berriak sortuko dira. Horrela beti palmondo-itxura hartzen dute.
Argi ugari behar du baina eguzkitan erre egiten da.
15-20ºC bitartean gustura bizi da. 10ºC-rainoko tenperaturan ere biziko da, baina hostoak galdu egingo ditu.
Udaberri eta udan ur asko behar du, baina ureztatu ondoren beheko ontzia hustu. Negu partean lurra lehor samar utzi.
1-2 urtez behin luberritu eta lur berriari ongarri asko nahastu. Hazkunde garaian ureztaketa urari 2-3 astetik behin ongarria gehitu.
Beldurrik gabe enborra ebaki eta 6-8 cm-ko zatiak landatu lur epel eta hezean. Kimu berriak erraz garatzen dira ebakitako enborrean eta landatutakoetan.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545