Asteroko buletina
Apirila euritsu, urtea kakatsu.
Dani Blanco

Bostongo garoa

Nephrolepis exaltata

[Jakoba Errekondo]

Hostoen formagatik ezpata garoa ere esaten zaio. Etxe barruko airea garbitzen duenetakoa dela ondorioztatu zuen NASAk 1989an egindako ikerketa batek, dioenez formaldehidoa, toluenoa etea xilenoa iragazten ditu. Nephrolepis izena grekoko "nephros" (giltzurrun) eta "lepis" (ezkata) hitzetatik dator; indusioa edo hostopeko esporangioak babesten dituen organoaren formagatik, genero honetako garoen ezaugarria baita. Mundu guztiko baso heze eta zingira eta istinga tropikaletan ezagutzen da, Japoniako hegoaldea eta Zeelanda Berria barne. 

Deskribapena

Iratze honen hosto edo frondeak 1,2 m-rainokoak izan daitezke; hasieran tenteak, gero makurtuak, ugariak eta berde biziak. Heldutasunean hostopean ugalketa sexualaz arduratzen diren esporangio marroiak izango ditu.

Barietateak

Nephrolepis exaltata "Bostoniensis" Hosto edo fronde makurragoak eta lumakarak ditu. 

Nephrolepis exaltata "Rooseveltii" Fronde berde ilunagoak ditu. 

Nephrolepis exaltata "Hillii"  Fronde bihurriak ditu. 

Nephrolepis exaltata "Marissa"  Barietate nanoa da 

Nephrolepis exaltata "Green Delight" Hosto gogorxeagoak tenteago eta mantsoago hazten dira. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostopean izaerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholez bustitako kotoi batez igurtziz kendu. Erasoari aurrea hartzeko hostopea maiz miatu. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Garo edo iratzeek ez dute lorerik ematen; hostopean multzo marroixketan esporak bai ordea. Espora garoaren "hazia" dela esan daiteke. Ugalketa era berezia denez, saiatzeak merezi du. 

Gogoratu, baso heze, zingira eta istingetako landarea da. Lehortearekin asko sufritzen du; bai lurrean (maiz, baina ur gutxirekin ureztatu) eta bai airean (egunero lainoztatu).

Udan kontuz eguzkiarekin; erre egin baitaiteke.

Uda parteko ongarriketa ez ahaztu.

Lur berria jartzean horbela edo luarra edo simaur ondua erabili.

Neguan kontuz bero handiegia egiten duen tokietan, airea lehortu egiten da; ugariago lainoztatu edo toki epelxeagoan jarri. 

 

Barrukoa
Argia

Argitasuna behar du, baina eguzkietan ez jarri.

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Tenperatura egokiena 15-20ºC bitartekoa da. Hala ere 10ºC-ra egokituko da. Hortik behera ez. 24ºC-tik gora ez zimeldu egingo da. 

Ureztaketa

Lurra beti heze, baina sekula ez ur-asetuta eduki. Negu partean gutxixeago ureztatu. Hostoak egunero edo egunean bitan, tenperaturaren arabera, lainoztatu. 

Ongarriketa

Neguan ez du ongarririk behar, baina hazkunde sasoian ureztaketa edo lainoztaketa urari ongarri likidoa gehitu. 

Ugalketa

Hostopeko espora helduak bildu eta esterilizatutako loreontzi batean erein, kristal batez estali eta toki ilun batean jarri. Bestela udaberri hasieran landarea ebaki eta zatitu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora