Asteroko buletina
Urtarrila bero, zinkurinak gero.
Dani Blanco

Biolin pikondoa

Ficus lyrata

[Jakoba Errekondo]

Afrika mendebaldetik, Kamerun eta Sierra Leona arteko lurraldeetatik dator, hango beheko baso tropikaletik. Ficus, pikondoaren latinezko izena da, izan ere pikondoa da genero honetako landare ezaguna (Ficus carica). Lyrata izena latineko lyra (lira musika tresna) eta -atus, (antzekoa) atzizkitik dator eta liraren forma duela esan nahi du: bere hostoarena, alegia. 1815ean hasi zen Europan etxeko landare bezala erabiltzen. Lira pikondoa esan beharko litzaioke, baina antzeko forma baduen tresna aipatuz biolin pikondoa esaten zaio. Banianoa da, hau da, bizitza beste zuhaitz batean gainean hasten du, epifita gisa, gero azpian duen zuhaitzaren enborra bilduz lurrera sustraiak luzatzen ditu eta pixkanaka estrangulatu egingo du bera bakarrik geratuz. Zuhaitz soil gisa ere haz daiteke, 15 bat metrora arte. 

Deskribapena

Naturan 15-20 m-ko zuhaitza da. Hosto iraunkorrak, pandurriformak edo arrabita formakoak, 20-40 cm x 15-25 cm, gogorrak, zurrunak, distiratsuak eta berde ilunak ditu. Erdiko hosto-nerbioa nabarmena du goiko aldean, baita azpian ere, erdiko saihets lodia eta 4-6 bikote alboko saihets dituena. 

Barietateak

Ficus elastica Hosto estuagoak eta luzeagoak ditu. 

Ficus lyrata "Bambino"  Hostoak nabarmen obobatuagoak, landare motzagoa eta hostaje trinkoagoa duena. 

Ficus lyrata "Suncoast" Espezie tipoaren antzekoa da, baina hotza gehixeago jasateko gai da. 

Ficus lyrata "Compacta"  Hostaje trinkoa eta hazkunde geldoa ditu. 

Ficus lyrata "Variegata"  Hostoak ertza laru-hori kolorekoa du.  

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazten dizkio. Hostoak maiz lainoztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogora bada, intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Berotasun handiegia baino freskura nahiago du.

Gehiegi baino hobe da gutxiegi ureztatzea.

Ongarriketa ez ahaztu.

Hostoak tarteka garbitu, ur epela eta belaki gozo batekin.

Loreontziz aldatzean batik bat lurra duen nahastea jarri, luar edo simau onduarekin.

Noizean behin kimatu, beti hosto baten gainetik. Horrela zabaldu egingo da. Landarea handiegia bada, loreontzi berean, sustraiak zauritu gabe, ahal den lurra kendu eta berria jarri. 

Izerdia latex antzeko du eta toxikoa da. Kimatutakoan izerdi-galder mozteko ohial hezea jarri. 

Barrukoa
Argia

Argi askorik gabe ere bizi ohi bada ere, argitasunak eta zuzeneko eguzkiak kalte baino mesede gehiago egiten diote. 

Tenperatura
termometroa 10-16℃ artean

Bero handiegia baino freskura nahiago du, eta gustoena tenperatura epeletan bizi da, 10-16ºC inguruan. Toki beroegietan (22ºC-tik gora) hezetasun handia behar du inguruan, bestela hostoak zimeldu egiten zaizkio. 

Ureztaketa

Sekula ez da gehiegi ureztatu behar. Negu partean lurra ia ez da busti behr, ondo lehortutakoan. Udan astean bitan nahikoa da. 

 

Ongarriketa

Maiatza-iraila bitartean, ongarriketa behar-beharrezkoa du, hilean behin. Ureztaketa urari nahastea da egokiena. Lur berria jartzean luarra edota simaur ondua erruz eman. 

Ugalketa

Aireko belaunketa egin behar da. Hau da, enborrean azala ebaki eta infuruan goroldio hezea lur pixka batekin nahasi, plastiko batekin estali eta lotu. Denborarekin sustraiak sortuko dira. Orduan enborra beheraxeagotik ebaki eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora