Asteroko buletina
Martxo gezurti, gaur euri, bihar eguzki.
Dani Blanco

Bioleta afrikarra

Streptocarpus ionanthus

[Jakoba Errekondo]

Tanzaniako Usambara mendietatik dator. Hantxe aurkitu zituen eta bere berri Europan eman Walter von Saint Paul baroiak (1860-1910). Bere ohorez du dagoeneko galdua duen izen zaharra: Saintpaulia. Gaur egun beste genero batean kokatzen dira: "Streptocarpus" eta bere esanahia grekoko "streptos" (kiribildua) eta "karpos" (fruitua) hitzetatik dator, hau da, fruitu kiribildua du. "Ionanthus" hitzak kolore moreko loreak dituela dio. 

Deskribapena

Landare belarkara eta hostoiraunkorra da. Erroseta formako sortaren itxura du. Hostoak 4-6 cm-koak, txorten luzedunak, arrautza formako biribilduak eta zeta itxurako gainaldea dutenak dira. Loreak 2-2,5 cm-koak, moreak, arrosak, gorri motelak, gorriak edo zuriak, hostoen erdian gora 5-10 cm luzeko garen muturretan garatzen dira tarteka, urte guztian zehar. 

Barietateak

Streptocarpus ionanthus espeziean oinarrituta hibrido eta kultibare ugari sortu da. Subespezie, kultibare eta barietateak batez ere lorearen itxuraren arabera sailkatzen dira: lore bikoitza, margobikoa, kizkurra, eta abar. 

Gaitzak eta izurriteak

Akaroa: hostopean itsatsita egon ohi dira eta hauts itxura dute. Loreak zimeldu, hostoak zimurtu eta landare osoa galtzen da. Irtenbiderik ez du eta ingurukoak kutsatu aurretiz landarea erretzea da onean. 

Kotxinila: izerdia zurrupatuz, hostoetan itsatsirik bizi ohi den lapa antzeko oskoldun intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez, banaka-banaka kendu. 

Zorria: hostopean eta kimu berrietan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu. 

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri eta ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Intsektizidaz tratatu. 

Botritisa: onddo honek hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Lurra edo ingurua hezeegia denaren adierazle. Toki lehorragoan jarri, gutxiago ureztatu eta erasotutako hostoak ebaki eta kendu. 

Trikimailuak

Haize-korronteetatik urrundu.

Neguan ekialdeko edo hegoaldeko leiho batean eduki. Udan mendebaldeko batera eraman, ordea. 

Tenperaturaren gora-behera zakarrak saihestu.

Ureztaketa-ura epela edo hotzila erabili beti. Onena euritakoa da, kareak ere kalteak eragiten baitizkio. 

Hostoak eta  loreak zimeldu ahala kendu, txorten arrastorik ere utzi gabe, usteldurarik sor ez dadin. 

Ingurune hezea behar du, nahitanahiez.

Alboetan altsumak sortu ahala kendu. 

Lur berria jartzez gero, udaberrian. Beti loreontzi estuan eta plastikozkoan jarri. Arrazoia ez dago argi, baina lurrezkoan baino askoz hobeto hazten da. 

Tratamendu kimikoekin kontuz, asko sufritzen du--eta. 

Barrukoa
Argia

Argitasun handia behar du. Goiz edo arratsaldeko eguzki goxoan gustura egongo da, baina eguerdiko eguzki-galdatan ez jarri. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Epeltasuna maite du bioleta affrikarrak. Neguan 15ºC-tik behera hil egingo da. 

Ureztaketa

Lurrai heze eutsi. Lurrazala lehortu ahala ureztatu. Ur epela erabili. Ureztatzean hostoak ez busti, onena azpiko platerean ura jartzea. Ihinztagailu fin batez noizbehinka eta eguzkitatik urruti lainoztatu. 

Ongarriketa

Lurra berritzean ongarritu. Gero maiatza eta urria bitartean 2 astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu. Negu partean hilean behin. 

Ugalketa

Ekaina eta iraila bitartean hosto-aldaxkak landatu, txorten eta guzti. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora