Asteroko buletina
Martxoak hausko edo auri asko.
Dani Blanco

Bihotz philodendrona

Philodendron hederaceum

[Jakoba Errekondo]

Mexikotik Amazonaserainoko Amerika tropikala eta Karibea ditu jatorri. "Philodendron", grekoko "philos" (laguna) eta "dendron" (zuhaitza) hitzetatik dator; landare honek zuhaitzetan gora igotzeko ohitura baitu. "Hederaceum" hitzak esan nahi du "huntzaren antzekoa". Beraz bi hitzek gauza bera diote: Bihotz Philodendron izena hostoen itxuragatik datorkio. Etxe barruan erraz hazi eta bizitzen den landarea da. 

Deskribapena

Landare hostoiraunkor igokaria da. Hostoak 10-15 cm-koak ditu gazte fasean, heldutasunean 30 cm ingurukoak, obatu bihotz-formakoak, berde ilunak, kotoi-distiradunak eta azpialdean tarteka orban gorri biziak dituena. Oro har liraintasun itxura dotorea du. Aireko sustraiak garatzen ditu zurtoinean zehar, igotzen doan eran landareari eusteko eta ura eta elikagaiak bereganatzeko. 

Barietateak

Philodendronak 200 espezie baino gehiago dira; denak Hego eta Ertamerikako tropikoetakoak. Gehienek bi fase dituzte, hostoa gaztaroan eta heldutasunean oso desberdina delarik. Hosto, txorten, zurtoin edo aireko sustraien kolore, forma eta abarrengatik dira ikusgarriak. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: hostoen edo zurtoinean itsatsita izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu. 

Zorria: hostopean, kimu berrietan eta landarearen zati samurretan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.

Zainetako usteldura: inguru heze eta hotzean, zainak eta landarearen lepo-aldeari erasotzen dioten onddoak garatzen dira. Toki lehorragora eraman, gutxiago ureztatu eta lainoztatu. 

Trikimailuak

Hostaila lainoztatzeaz ez ahaztu.

Aire-korronteetatik eta zuzeneko eguzkitik urrundu.

Ongarriketa garrantzitsua da.

Bi edo hiru urtez behin lurra berritu, behar badu loreontzi handixeagoan jarri eta beti ondo ongarritutako lurra eman. 

Handiegia denean inausi eta ebakitako arbak landatuz ugaldu.

Zurtoinean zehar garatzen dituen sustraiak garrantzitsuak dira, landareari eusteko eta ura eta elikagaiak bereganatzeko. Loreontziaren mailaraino jaisten direnean, bertan lurperatu. 

Lurra hezeegi edo lehorregi badago, hostoak erori egingo zaizkio. 

Landarearen zati batzuek kaltzio oxalatoaren kristalak dauzkate. Landarea saguentzako eta arratoientzako toxikoa da, katuekin zalantzak daude. 

Barrukoa
Argia

Argia ugari behar du, baina eguzki-galdatan egon gabe; erre egingo balitzateke. Toki ilun samarrera ere ohitu ohi da. 

 

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Barruetako normalak. Neguan sekula ez eduko 10ºC-tik behera eta udan 25ºC-tik gora ere ez. 

Ureztaketa

Negu-neguan atsedenalditxo bat hartzen du eta orduan lurra ez zokortzeko adina busti. Hortik kanpo lurrazala lehortu ahala ureztatu. Hostaila maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Bi astetik behin ongarri likidoa gehitu ureztaketa urari. 

Ugalketa

Udan aldaxkak ebaki eta toki beroan landatu edo aireko belaunketa egin. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora