[Jakoba Errekondo]
Kolonbia eta Venezuela aldetik dator. Spathiphyllum, grekoko "spathe" (kordotxa edo lore multzoa babesten duena) eta "phyllom" (hosto) hitzetatik dator. Hau da, bere loreak hosto itxurako braktea babesle bat du inguruan. Hau da landare honen berezitasuna, eta kordotx horixe du ikusgarriena. Espezie honena ia 15 cm artekoa izan daiteke, zuri-zuria. Bela zuria ere hortik datorkio, haizetara zabaldutako bela dirudi.
Landare honek zurtoinik ez du. Txorten luzeetan, lantza-formako hosto berde distiratsuak diru. Loraldia maiatza-abuztua bitartean izaten du. Lore-multzo bakoitza inguratuz lantza-formako espata edo kordotx zuri tente eta deigarria du. Landare honek 30-40 cm-ko garaiera du gehienez.
Spathiphyllum x "Mauna Loa" Oso zabaldua dago. Hostaje trinkoa du eta 45-60 cm-raino garatzen da. Kordotxa zuria du.
Spathiphyllum floribundum Kordotxa zuri-zuria (8 cm) eta bere barruko lore multzoa zuri-berdea ditu.
Spathiphyllum cochlearispathum Handiena da, hostoak 80-90 cm-koak eta kordotxak 1,2-1,5 m-ko txortenetan ditu.
Spathiphyllum x "Clevalandii" Barietateak, espataren atzealdean marra berde bat du.
Zorria: hostopean izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka kendu.
Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Hostaila maiz ihinztatzea da prebentziorik onena.
Kotxinilla: hostopean itsatsita, izerdia zurrupatuz bizi ohi den lapa antzeko intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez banaka-banaka kendu.
Ureztaketaren ondoren beheko platera hustu. Hezetasuna maite du, baina itotzea ez.
Etxeko aerosol eta sprayen eraginez hostoetan zimeldurak azal daitezke. Kontuz!
Ongarriketa ez ahaztu.
Lorapotearen azpiko drenaje-zuloa garbi mantendu, gehiegizko urak erraz alde egin dezan.
Udaberriero lur berria jarriz gero, landareak nabarmenduko du; baita zerorrek ere.
Lorearen kordotxa berdetutakoan nahi izatera ebaki eta kendu, bestelea bertan utzi zimeldu arte.
Aire-korronteak eta zuzeneko eguzkia arerio gogorrak ditu.
Hostaila maiz lainoztatzea ez ahaztu.
Eguzki-galdatan egonez gero, erre egiten da. Hala ere, argitasun handia dagoen gelan ipini.
Etxe barruko ohiko tenperaturak egokiak dira; 15-22ºC bitartekoak, alegia. Neguan 10ºC-tik behera ez eduki.
Lurrak beti heze egon behar du. Negu partean gutxixeago ureztatu. Udan lasai, nahi adina.
Apirila-iraila bitartean, hiru astetik behin ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu.
Udaberrian loreontziz aldatzean sustraijea banatuz landarea zatitu.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545