Asteroko buletina
Agorileko ura da zafran, ezti eta ardau
Dani Blanco

Begonia hibridoa

Begonia X tuberhybrida

[Jakoba Errekondo]

Bere jatorria ezezaguna da. Begonia izena, Michel Bégon (1638-1710) botanikaria eta Kanadako frantziar koloniako gobernadore izan zenari zor zaio. "Tuberhybrida" izenak lorategietako hibridazioetan sortutako tuberkuludun begonia kultibarren multzoa dela dio. Izeneko X horrek Begonia genero barruko espezieen arteko hibrido bat dela adierazten du. Gehienak Begonia boliviensis, Begonia pearcei eta Begonia rosaeflora arteko hibridoak dira. 

Deskribapena

Lurpean tuberkuluak ditu. Bertatik azkar hazten diren puja tenteak garatzen dira, 30 cm-raino. Hibriko bakoitzak forma, tamaina, itxura eta margo ezberdineko hosto eta loreak ditu.

Barietateak

Begonia x tuberhybrida espeziaren barruan multzo asko daude: Multiflora edo Intermedia, Dilindariak, Kamelia-loreak, Lorraine, Hiemlis, eta abar. Izugarrizko aukera dago. Bitxikeria gisa, Begonia x tuberhybrida "Kimjongilhwa" Kamu Motoretu botanikari japoniarrak sortu zuen 1988an Ipar Koreako diktadore Kim Hong-ilen 46.urtebetzea ospatzeko. 

 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztatu, zimeldu eta erorrarazi egiten ditu. Intsektizidaz tratatu. 

Usteldurak: tuberkulu eta sustraiei erasotzen die; lurra hezeegi dagoenean batipat. 

Botritisa: onddo honek, hostoak zimurtu eta usteldu egiten ditu. Lurra edo ingurua hezeegia denaren adierazle. Toki lehorragoan jarri, gutxiago ureztatu, eraotutako hostoak ebaki eta kendu. 

Trikimailuak

Lurpean tuberkulua duenez, ahal bada goitik sekula ez ureztatu, beti behetik, hura ustel ez dadin. 

Tuberkuluak erosiz gero: martxoan, lur hezean landatu, 15-18ºC bitartean eduki eta kimuak 5-8 cm garatu direnean, loreontzi batera birlandatu. Loraldia amaitu eta hostaila zimeltzen denean hostoak ebaki, tuberkulua lurretik atera eta lur arin eta lehorrean jaso hurrengo martxora arte. 

Hostoak sekula ez busti. 

Inguru lehorrean kontuz, laster soilduko da-eta. 

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argi handia behar du. Beraz, etxeko leku argitsuenean jarri. Eguzki ahulean ordu batzuk igaro ditzake; galdatan ez ordea. 

Tenperatura
termometroa 15-25℃ artean

Zikloa udaberritik udazkenera garatzen duenez, garai horretako tenperaturak egokiak dira. Neguan, jarraitu nahi izanez gero, 13ºC-tik behera sekula ez eduki. 

Ureztaketa

Bustialditik bustialdira lurra zertxobait lehortzen utzi. Inguruko airea noizbehinka lainoztatu, baina hostoak sekula ez. 

Ongarriketa

Sasoi aktiboan ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu, oso dosi txikian. 

Ugalketa

Tuberkuloak bakarrik edo landarea saldu ohi dira.Ugaltzeko tuberkulua landatu eta kimu berriak aldaxka gisa erabili.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora