Asteroko buletina
17: San Anton. sasoian sasoiko, San Antonez ospelak belarritako.
Dani Blanco

Baltsamina arrunta

Impatiens walleriana

[Jakoba Errekondo]

Afrika ekialdetik dator, Kenya, Tanzania eta Mozambiketik. Impatiens, latinez egonarri gutxiko edo pazientzia gutxiko adierazteko hitza da; haziz betetako kapsulak heldutasunera iritsi orduko lehertzen direlako omen da. Balakoria deitzen zaio, fruituetako haziak askatzeko eztanda antzera gertatzen da. Walleriana izena Horace Walleren ohorez darama. Apaiz ingeles honek Mozambike inguruan landareak biltzen zituen, esklabutzaren aurkako borrokan aritzeaz gain. Batsamina izena, garai batean Baltsamina generoaren barruan sailkatzen zelako du. 

Deskribapena

Zuhaixka itxura duen landare iraunkorra da. 60 cm-koa eta garaiagoa ere izan daiteke. Hostoak 4-10 cm bitartekoak dira, lantza-formako eta obatu bitartekoak. Lorea 3-5 cm diametrokoa, zapala, 4 cm-ko ezproiduna, eta gorrimina, laranja, ubela, magenta, gorrizta edo zuria da. Petaloak asimetrikoki banatuak izan ohi dira. 

Barietateak

Impatiens walleriana "Holstii" 60 cm edo garaiagoa, hosto-txorten edo pezioloa eta nerbiazioa gorriztak ditu (argazkikoa).

Impatien walleriana "Fiesta Ole Peppermint" Hosto ertza krema kolorekoa eta lore bikoitza ditu.

Impatiens walleriana "Sultanii" 30-60 cm arterainokoa, zurtoin eta peziolo berdeak ditu.

Impatiens walleriana "Sultanii variegata" Aurrekoaren berdina, hosto-ertza larua edukitzea izan ezik.

Impatiens walleriana "Petersiana" Hostoak lantza-forma nabarmenekoak eta hostaila eta zurtoina, dena ubel edo more-gorrizka.

 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoak horiztarazi egiten ditu. Hostoak maiz ihinztatzea da prebentziorik onena.

Zorria: kimu berrietan pilatuta izerdia zurrupatuz bizi ohi dira. Banaketa kendu eta intsektizidaz tratatu.

Euli zuria: hostopean biltzen diren euli txiki txuri ugariak dira. Izerdia zurrupatzen dute. Maiz-maiz ur soilaren lainoztatzeak uxatzen ditu, hezetasuna ez dute atsegin. Intsektizidaz tratatu. 

Trikimailuak

Eguzki beroari gorroto dio.

Itzalean baina inguru argian ederki biziko da.

Uda partean behar adina ureztatzeaz arduratu.

Ongarritzeaz ez ahaztu.

Neguan hotzak eta aire-korronteek hostaila galtzea eragiten diote.

Neguan toki beroegian badago, luze-luze eta ahul-ahul bihurtuko da.

Loreontzi bandiegian ez landatu. Ontzia sustraiz betea dagoenean emago du loraldi oparoena.

Kanpokoa
Argia

Argi asko behar du, baina zuzeneko eguzkitik urrun. Neguan loretan badago, eguzki epeletan egon daiteke. 

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Neguan 10ºC-tik gora eduki. Udan 25ºC-tik gora kontuz. 

Ureztaketa

Udan ur asko behar du. Behar izanez gero egunero ureztatu (hostoak zapuzten hasi orduko). Neguan lurrari heze eustea nahikoa da. Aire hezea behar du; azpian harritxoz eta urez betetako ontzi bat jarri. 

Ongarriketa

Loraldian bi astetik behin ureztaketa-urari ongarri likidoa gehitu. Oso dosi txikia erabili. 

Ugalketa

Aldaxkak edo eskejeak urte osoan erraz sustraitzen dira. Udaberrian hasian ereinda. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora