Asteroko buletina
Ezpala egurretik eta egurra zuhaitzetik
Dani Blanco

Azalea

Rhododendron simsii

[Jakoba Errekondo]

Txina hegoaldean eta Indotxinan du jatorria azalea dotoreak. Azaleak errododendreoen generoko multzo dira. Rhododendron izena antzinako greziatik dator, "rhódon" (arrosa) eta "déndron" (zuhaitz) adierazten du, arrosa kolorez janzten den zuhaitza alegia. Horixe da azalearen ezaugarri nagusia, bere bat-bateko loraldi ikusgarria. Simsii, beriz, John Sims botanikar ingelesaren ohorez jarritako izena du. 

Deskribapena

Zuhaixka iraunkorra da, zur gogorreko arbatxo sare trinkoa osatzen du eta 1,5 m arte hazi daiteke kanpoan lurrean landatuta. Loreontzian 90 cm inguru. Hosto berde ilun eta iledunak ditu, udaberrikoak eta udakoak desberdinak. Neguaren amaieran eta udaberrian hasieran ematen ditu loreak gorri, arrosa, laranja, zuri edo kolore nahasikoak. 

Barietateak

Azalea barietateen aukera izugarria da. Esaten da ehun eta berrogeita hamar barietate baino gehiago badaudela salgai. Kolore askotako loreak dituzte eta sei astez loreari eusten diotenak badira. 

Gaitzak eta izurriteak

Zorriak: hostopean eta kimu berrietan bizi ohi dira. Banaka kendu, eta asko ugalduta badaude intsektizidaz tratatu.

Larbak: intsektuen harrek edo larbek hostoak jaten dituzte. Intsektizidaz tratatu.

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostoa horiztarazi egiten du. Intsektizidaz tratatu.

Trikimailuak

Lurra ez dadila sekula lehortu. Hezetasunaren marrari begiratu: enborrean lurrazaletik gora zentimetro batera egon behar du. Gorago badago ito egingo da, beherago badago ihartu. Hostoak zimeltzen hasten badira lorapotoa erabat uretan sartu.

Harri txintxarrez betetako ontzi baten gainean jarri azalearen loreontzia, eta harrien artean beti ura eduki zezala. Landarearen ingurua heze egongo da.

Toki fresko eta hospelak maite ditu, horrela loraldia oso luzea izango da.

Neguaren hasieran loratutako azaleak "behartutakoak" dira, berezko zikloan udaberrian loratzen da.

Izotzek kastigatzen duten lekua ez bada, kanpoan askoz hobeto biziko da, eta ur hezea bada eguzkia ordu batzuk ere jasan ditzake.

Lur azidoa behar du, beraz ur karetsuarekin ureztatzea kaltegarria da. Euri ura erabili.

Loreontzian bizi bada, bi urtez behin luberritu eta ontzi handixeagoan jarri. Lur azidoa erabili.

Kanpokoa
Argia

Kanpoan bada, erdi itzalean edo itzalean jarri. Etxe barruan ere eguzki zuzenetik urrundu. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Freskura maite du. Neguan etxe beroan kontuz, txoko ospelenean jarri, berogailuetatik urrun, eta beti 16º edo hotzago dagoen tokian. 

Ureztaketa

Loreontziko platerak beti ura izan behar du, lurra sekula lehor ez dadin. 

Ongarriketa

Ureztaketa urari ongarri likidoa gehitu, baitik bat loraldian eta ondorengo hazkunde sasoian. 

Ugalketa

Udaren hasieran aldaxkak ebaki eta lur azido, bero eta beti hezean landatu. Belaunketa ere egin daiteke, adarra makurtu eta lurrean sartuta eduki errotu arte, ondoren moztu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora