Asteroko buletina
Urtarril hotza ikazkinaren poza.
Dani Blanco

Azafrai saskia

Calathea crocata "Eternal Flame"

[Jakoba Errekondo]

Brasilgo zonalde tropikaletik dator. Calathea izena grekoko "kalathos" (saskia) hitzetik dator, lore multzoaren itxuragatik, antza. "Crocata" izenak bere lorearen kolorea adierazten du, azafrai kolorea, alegia. Azafraia izendatzen duen Crocus generoa grekoko "krokos" eta gero latineko "crocus" hitzetatik dator. "Eternal Flame" barietatearen izena landarearen itxuragatik datorkio: hosto azpiak eta loreak sugarrak gogora ekartzen dituzte. 

Deskribapena

30 cm inguru hazten den landare hau, beste Calatheak ez bezala, batik bat bere lore-elkarteen edertasunagatik landatzen da. Loreak doi-doi hostailaren gainetik azaltzen dira, galburu tenteetan elkarturik. Lore bakoitzak petalo laranja-gorriztak eta sepalo gorriztak ditu eta braktea laranja distiratsu baten babesean kokatua dago. 

Barietateak

Calathea generoko 150 espezie baino gehiago ezagutzen da. Denak tropikalak dira eta hostaje iraunkorra dute.  

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: hostoak ugari lainoztatzea da prebentziorik onena. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

Kolenboloak: zainak jaten dituzte. Lurra dena kendu eta berria jarri. 

Esziaridoen larbak: lurra urez aseta dagoenean azaltzen dira. Ureztaketa urritu eta loreontziko drenaje-zuloa libratu. 

Trikimailuak

Hostoa ertzetik kiribildu eta zimeltzen hasten bada, lurra lehorregi dauka. 

Hostaila egunero lainoztatu. Honek armiarma gorrien erasoa eragozten laguntzen du.

Eguzki-galdatan badago, koloreak ahuldu egingo zaizkio eta landare osoa zimeldu egingo da. 

Aire-korronteetatik urrutiratu.

Neguan ez ahaztu, 15ºC-tik gora egon behar du.

Lurra berritzeko luarra edota simaur ondua erabili.

Ureztaketarako euri ur epela erabili.

Barrukoa
Argia

Erdi itzalean egotea komeni zaio. Eguzkitan koloreak ahuldu egiten zaizkio. Neguan eguzkiak zuzenean joko ez duen gela argitsu batean eduki. 

Tenperatura
termometroa 15-20℃ artean

Epeleko landarea da. Gora-behera nabarmenek landarea, zapuztu eta hondatu egiten dute. Gutxienez 15ºC behar du. 

Ureztaketa

Lurrari beti heze eusteko moduan ugari ureztatu, baina ito gabe. Lurra ez dadiila urez ase. Aire hezea maite du. Beraz, maiz lainoztatu. 

Ongarriketa

Uda partean hilean behin ongarritu. Neguan ez. 

Ugalketa

2 urtetik behin loreontziko lurra berritzean, landarea ebaki eta zatitu. Hosto pare bateko aldaxkak, inguru heze eta beroan erraz sustraitzen dira. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora