Asteroko buletina
Baratzezaintza, funtsean, beti izan da artea
Dani Blanco

Agure bizarra

Saxifraga stolonifera

[Jakoba Errekondo]

Asiako ekialdetik dator, Txina, Japonia et Koreatik. Saxifraga, latinezko "saxum", haitz eta "frago", apurtzen dut, hitzetatik dator. Itxuraz, genero honetako espezie batzuk harkaitz-zirrikituetan bizi dira eta hau ezpaltzeko duten gaitasunaren aipamena omen da. "Stolonifera" hitzak landarearen hazteko ohitura edo forma aipatzen du, herrestadarren edo estolien bidezko zabalkundea alegia. Herrestadarren luzatu eta loreontzitik erortzeko itxurak eta hosto iletsuek ekarri diote izena: agure bizarra. 

 

 

 

Deskribapena

Landare herrestaria da, erroseta formako zurtoinetik herrestadar edo estoloi mehe ugariz luzatu eta hauen muturretan sustraiak garatzen dituzten landaretxo berriak sortzen dira. Hostoak 6 cm ingurukoak dira, biribilak eta hortz zakar itxurako ertza du; gainaldean zilar-koloreko ileak ditu eta azpialdean gorriztak, hostoa berde distiratsua da. Loreak, 2 cm-koak eta zuriak dira, bi eta batzuetan petalo bakarra izaten dute.

Barietateak

Saxifraga stolonifera: Hostoak erabat berde ilunak eta handiagoak (10 cm-ra arte) ditu.

Saxifraga stolonifera "Maroon Beauty": Hosto berdean nerbio zuriztak eta azpiko aldea gorrizka. 

Saxifraga stolonifera "Tricolor": Hostoak zuri, arrosa eta berdez jaspeztatuak dira. 

Gaitzak eta izurriteak

Armiarma gorria: izerdia zurrupatuz, hostaila horiztatu, zimeldu, soildu eta erabat hondatzen du.

Zorria: hostopean eta landarearen zati samurrenetan, izerdia zurrupatuz bizi ohi den intsektua da. Banaka-banaka kendu. 

Onddoak: onddoen erasoa gehiegizko ureztaketa edo hezetasunaren ondorioa da eta eraginak nabarmenak dira: txorten-ipurdiak usteldu, hostoak makurtu eta erori, eta abar. Urriago ureztatu, toki lehorragoan ipini eta fungizida batez tratatu. 

Trikimailuak

Zintzilikari gisa dotorea da.

Aire-korronteetatik urrundu.

Argitasuna behar du, bestela hostaila zimeldu egingo zaio.

Lurra urtero berritzen bazaio, hostaila-mototsa mardul-mardula izango da.

Kontuz ureztaketarekin, lurra lehortzen utzi, bestela onddoen erasoa erraztu egingo duzu.

Zuzeneko eguzkitan ez jarri, bestela hostaila erre egingo zaio.

Hostoak zimeldu orduko ebaki eta kendu.

Barrukoa
Kanpokoa
Argia

Argitasuna maite du, baina ez jarri sekula eguzkitan.

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Etxe barruko ohiko tenperaturak gustuko ditu. 

Ureztaketa

Neguan gehiegi berotuz gero, ingurua hezetu. Lurra lehortu ahala ureztatu, sekula ez urasetu. Negu partean urrixeago. Bere ingurua lainoztatu hostaila zuzenean ez. 

Ongarriketa

Luberria aberatsa bada, ez du aparteko ongarriketarik behar. 

Ugalketa

Oso erraza da, herrestadar muturretan garatzen dituen landaretxoak ebaki eta landatu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora