Asteroko buletina
Maddalen bero, gaztaiña seguro.
Dani Blanco

Adanen saihetsa edo zeriman

Monstera deliciosa

[Jakoba Errekondo]

Mexiko eta Ertamerikako baso tropikaletatik dator. “Monstera” izena latinezko “monstrifer” (munstro itxurako), hitzetik omen dator; izan ere izugarri handia egin daiteke landarea, 9 metro artekoa. “Deliciosa” aldiz bere fruitu jangarriagatik jarria du, zeinak bananaren eta ananaren arteko nahasketaren dasta duen. Fruituarekin egiten den jaki bat da “zeriman” eta hortik izen hori. Adanen saihetsa hostoaren zatiketaren formagatik esaten zaio. Landare ikusgarria da eta asko zabaldu da mundo osoan, batez ere lurralde tropikaletan. Zenbait tokitan inbaditzailetzat dute.

 

 

 

Deskribapena

Igokari indartsua da naturan, eta etxe barruan 2-3 m-raino garatzea da arruntena. Hostoak 40-90 cm bitartekoak, fenestratuak edo zulatuak, arraila edo ebaki handiekin arrailatuak eta landare helduetan berde ilunak ditu. Gaztetan hostoak  osoak, bihotz-formakoak eta txikiak dira. Lore-ezpatak 20 cm luzekoak, berde edo laruak dira. Anana tankerako fruitu jangarri preziatua ematen du.

 

Barietateak

Monstera deliciosa "Variegata": Hosto-orria berdea eta laru-zurixka, tarteka.

Monstera deliciosa f. Borsigiana: Espeziea baino motz eta trinkoagoa. 

Monstera deliciosa "Thai Constellation": Laru-hori marradun zipriztinez margotutako hostoak. 

Gaitzak eta izurriteak

Kotxinila: izerdia zurrupatuz, hostoetan itsatsirik bizi ohi den lapa antzeko oskoldun intsektua da. Alkoholez bustitako kotoi batez, banaka-banaka kendu.

Armiarma gorria: begi-bistaz ia ikusi ezin diren armiarmatxo gorriek, izerdia zurrupatuz hostoen azpialdea arretu, ertzak horiztatu eta zimeldu ondoren, hostoak erori egiten dira. Erasoa eragozteko hostaila maiz ihinztatzea da egokia. Erasoa gogorra bada, intsektizidaz tratatu. 

 

Trikimailuak

Landarea gehiegi hazten ari bada lasai inausi. Puja berriak botako ditu eta moztutako zurtoiak landatu landare berriak sortzeko.

Lurra beti urez aseta badago, usteldura-onddoen erasoak izango ditu.

Tenperatura hotzegi eta beroegiekin kontuz.

Hosto-ertzak zimeltzen hasten badira, ingurunea lehorregia dela adierazten dute. Hostaila maiz lainoztatu.

Bi urtetik behin, udaberrian, lurra berritu. Landarea handiegia bada, mugitzeko baldarra, ahal den lurra kendu eta berritu, eta gehiago ongarritu. 

Ongarriketa nahitaezkoa da, bai luberritzean lurra adina luar edo simaur ondu jarriz eta baita ureztaketa urari ongarria, hostoentzako berezia dena nahasiz.

Hosto berriak kaxkarrak edo zurbilak badira, argitasun handiagoa behar du, baina eguzkitan sekula ez jarri.

Zurtoinean zehar, hosto-txortenen oinean garatzen dituen aireko sustraiak behar-beharrezkoak ditu, batik bat hezetu eta landareari eusteko. Beraz, ez ebaki eta ahal bada loreontziko lurrera bideratu. Luze eta itsusiak badira, zurtoinaren bueltan lotu. 

Barrukoa
Argia

Argia maite du. Eguzkitan ez jarri; erre egingo bailitzateke. Erabateko ilunpean ere hosto kaxkarrak izango lituzke. Zeharkako argitasuna du egokiena.

Tenperatura
termometroa 10-25℃ artean

Tenperatura arruntak. Udan 23ºC-tik gora hostoak erortzen hasiko dira. Neguan 10ºC-tik behera ez eduki. 

Ureztaketa

Neguan lurra ez lehortzeko adina ureztatu. Udan, ordea, erruz eman ura, lurrazala lehortu ahala. Hostaila eta zurtoineko sustraiak maiz lainoztatu. Ugariago berogailuak dauden gelaren batean badago. 

Ongarriketa

Hazkunde-sasoian, hilean behin edo, ureztaketa-urari ongarri-dosi txiki bat gehitu. Lur berean urte batzuk baldin badaramatza, ugariago ongarritu. 

Ugalketa

Muturreko zurtoina moztu aireko sustrai sorta baten azpitik eta aldaxka edo landaren oso bezala landatu. Aireko belaunketa ere egin daiteke. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora