Lurra lantzea eta zaintzea ahaztea, geure burua ahaztea da

Lursail bakoitzak bere arnoa

Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti izan du harreman estua laborantza munduarekin. Amak jubilazioa hartzearekin batera, arnogintza ikasketak egin eta erreleboa hartu zion semeak, laborantza biologikora salto eginda. Irulegi sormarkaren barruan dago Amama proiektua.

Garazi Zabaleta
Garazi Zabaleta

2016tik ARGIAn astero esperientzia baten berri ematen du.


2025eko irailaren 08a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Hiru hektarea mahasti ditu guztira Haritschelharrek, hiru lursailetan banatuta; bi hektarea arno beltzerako, eta hirugarrena, zurirako. Beltzean Bordelesa, Axeria eta Axeri Handia barietateak darabiltza, eta zurian, berriz, Izkiriota Txikia eta Izkiriota Handia. “Lursail bakoitzak bere arno propioa du, mahatsak ez ditugu nahasten, arno bakoitza lursailaren erakusleiho izatea nahi dut eta”. Izan ere, mahastizain honek azaldu digunez, lur motak, orientazioak, topografiak, mahastien adinak eta beste zenbait faktorek eragina dute arnoaren izaeran: “Zaporean eragina dute elementu horiek guztiek, horregatik da arno desberdina lursail bakoitzeko, izen banarekin”.

Baina arnoaren izaera eta zaporea aldatzen doa, ez soilik lursailaren arabera, baita urtearen arabera ere. “Urtetik urtera aldatzen dira arnoak, urte horretako klimaren arabera. Ez da gauza bera urte freskoa izan bada edo beroa eta eguzkitsua, ni ez naiz saiatzen urtero ber arnoa egiten”. Ekoizpen ekolologikoan ari da irulegiarra, mekanizazio gutxirekin eta batez ere eskuz biltzen du –gune menditsuak ez du mekanizazioa errazten–, eta gehigarririk erabili gabe. “Arno naturalak dira, bakoitza bere nortasunarekin, gehigarririk eta artifiziorik gabe”, dio. Urte osoan jardunaldi erdian langile bat du kontratatua, eta mahats-biltze kanpainan beste langile bat edo bi hartzen ditu, baina auzolanak pisu handia du Amaman. “Auzoko laborariekin, familiarekin, lagunekin… mahastizainen artean ainitz mantentzen dugu auzolan kultura hori”.

Irailaren 14an Irulegiko sormarkaren besta

Mahats biltzen bezala, materialak partekatzen ere elkarlanean ari dira Irulegiko laborariak, Haritschelharrek nabarmendu duenez. Izan ere, makineria eta tresneria partekatzeko taldea dute zenbait ekoizpenen artean. “Etxalde ttipiak ditugu, eta garrantzitsua da tresnak partekatzeko eta elkarlanerako horrelako proiektuak egotea”, dio. Biba Ardoak proiektuko kide ere bada.

Irailaren 14an Irulegiko sormarkaren besta edo ate irekiak eginen dituzte herrian. Amama proiektua eta gainontzeko mahastizain guztiak bertan egonen dira, eta bertaratzeko gonbitea luzatu du laborariak. “Gure arnoak dastatzeko, ezagutzeko eta Irulegin besta giroan egun eder bat igarotzeko aukera izanen da”, amaitu du.

Marmelada eta kontserbak, Artiedako Arterra Bizimodu proiektuaren barruan
2026-03-30 | Garazi Zabaleta
Artiedako (Nafarroa) Arterra Bizimodu proiektu kolektiboko kide dira Ione Andia Celaya eta Lorena Mompel Sanchez, Gukalde Kontserbak egitasmoa abiatu dutenak. 2024ko udan hasi ziren kontserbak... (+)
Landareak, gorputza eta gogoa zaintzeko
2026-03-23 | Garazi Zabaleta
Ana Velez hernaniarraren (Gipuzkoa) proiektua da Akna Atelier, garai batean ‘Koloreztatu’ izeneko egitasmoaren segida dena, nolabait. “2017 inguruan hasi nintzen olio birtziklatuarekin xaboiak egiten, etxean”,... (+)
“Baratzegintzarako lurra xerkatzea izan da zailena, baina azkenean lortu genuen”
2026-03-16 | Garazi Zabaleta
Behauzeko (Nafarroa Beherea) Isakenia etxaldean hazia da Amaia Elichiry laboraria, eta umetatik izan du laborari munduarekin lotura estua. “Gurasoak ahuntz hazleak ziren, laborantza biologikoan, eta... (+)
Baratzegintza agroekologikoa, garapen pertsonal eta sozialerako
2026-03-09 | Garazi Zabaleta
Iruñeko Aranzadi parkean, Arga ibaiaren ondoko baratze gunean du proiektua Elkarkide fundazioak. Zentro okupazional gisa funtzionatzen du baratzeak, eta buruko gaixotasunak dituzten pertsonek egiten dute... (+)
Haragi-zirkuitu propioa sortzeko proiektua martxan
2026-03-02 | Garazi Zabaleta
Oiartzun Burujabe prozesuaren baitan, herriko haragi-zirkuitu propioa martxan jartzeko lanean aritu dira azken urteetan Elikadura Mahaitik. Labore Oarsoko kideek, herriko ekoizleek eta udal eta landa... (+)
gora