Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik.

Jauzi Ekosoziala eragilea aurkeztu dute, sistema ekozidaren aurrean "erantzun bateratua" emateko

Jauzi Ekosoziala eragilea aurkeztu dute maiatzaren 4an Eibarren. Bere helburu nagusia "sistema ekozidaren aurrean, eta krisi anizkoitzen kontestu batean, Euskal Herrian justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala bultzatzea da". Horretarako, "borroka kulturala disputatzea eta gehiengoak artikulatzea" dute bide eta Euskal Herriko lurralde guztietako ikuspegiak batzeari lehentasuna ematen diote.


2024ko maiatzaren 06a

Honela definitu du Jauzi Ekosoziala eragileak bere burua: "Hegemonia Neoliberalaren aurrean, Jauzi antikapitalista eta propositiboa da, bizitza bizigarrien aldekoa. Krisi sistemikoaren konplexutasunaren aurrean ezagutza zorrotzean oinarrituriko irakurketa eta proposamenak egin nahi ditu, betiere egiturazko eraldaketei bidea irekitzeko. Horretarako, desazkundea eta burujabetza giltzarriak direla uste dugu".

Mundu anitzagoa eta ekofeministagoa sortu nahi dutela adierazi dute, "eta horretarako gu geu ere deseraiki behar garela ulertzen dugu". "Denon parte hartzea" sustatu nahi dutela nabarmendu dute, "belaunaldi gazteen presentzia bultzatuz eta harremanen zaintzari leku berezia eginez".

Hiru helburu, bi deialdi eta  kanpaina bat

Jauzi Ekosozialak hiru helburu nagusi zehaztu ditu bere aurkezpenean: batetik, trantsizio ekosozialaren inguruko gogoeta gizarteratzea; bigarrenik, ekologismoa zeharka lantzea gainontzeko eragile eta borroka sozialekin; eta hirugarrenik, alternatiba integral bizigarriak planteatzea.

Udan kanpaina bat egingo dutela iragarri dute: "Gehiegikeriaren gizarte honetan nahikotasunez jokatzeko beharra aldarrikatuko dugu eta udan egiten ditugun kontsumo neurrigabeei alternatiba jasangarriak eskainiko dizkiegu".

Amaitzeko, herritarrei dei egin diete "Jauzira zein tokian tokiko eragileetara batzeko, borroka ekolosozialetan bat egitera". Izan ere, nabarmendu dute "larrialdi egoera bete-betean" gaudela eta hurrengo urteak "erabakigarriak" izango direla "gure biziraupenerako". Eraldaketa "hasia egon beharko luke", salatu dute, eta herritarrek parte hartzea eta antolatzea "funtsezkoak" direla adierazi, "herritarron beharrak lehenesteko". Zehazki, mobilizazio batean parte hartzera deitu dituzte herritarrak: "Maiatzaren 11rako Karta Sozialak bultzatutako eta Su Txikien Itsasotik abiatutako manifestazio nazionalarekin bat egiten dugu eta bertara joateko deia zabaltzen dugu".

Orain arteko bidea

Euskal Herrian mugimendu ekologistak "tradizio luze eta emankorra" duela baloratu du Jauzik, baina mugimendu hori "makroproiektu konkretuen aurkako borrokan sakabanatua" egon da bere irudiko. "Borroka horiek ezinbestekoak badira ere, krisi ekosozialaren neurriari erantzun indartsu eta osatu bat eman ahal izateko, mugimendu ekologista handiago eta bateratuago baten falta" sumatu zuten eta 2021. urtean horri buruzko hausnarketa abiatu zuten.

Hurrengo urratsa 2022. urtean Portugaleten antolatu zituzten Ekotopaketak izan ziren: "Hor ondorioztatu eta adostu genuen euskal ekologismoak tresna berri bat behar zuela dagoeneko martxan dauden hainbat talde ekologisten borrokak osatzeko, eta dinamika berri bat abiatzeko erabakia hartu zen". Hortik etorri da Jauzi Ekosoziala eragilea. 

Zer ikasi Kubako laborantza eta elikadura sistema (ezinbestean) agroekologikotik?
2024-05-15 | Estitxu Eizagirre
Amets Ladislao Kuban egon berri da bertako laborantza eredua eta elikadura sistema ezagutzen. Sobiet Batasuna (SESB) erori zenean eta jasaten duen mundu mailako blokeoa dela-eta,... (+)
Amillubi martxan da
2024-05-13 | Estitxu Eizagirre
Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektua abiatu du, Gipuzkoan toki estrategikoan kokatua dagoen Amilibia baserria eta bere bederatzi hektarea lurrak kolektibizatzeko. Maiatzaren 11n... (+)
Lurra taupaka hasiko da
2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen... (+)
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun... (+)
"Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da"
2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora