Astelehenero 8:00etan zure epostan
Haize Berria plataformak, Enigma Green Power enpresak Odieta, Olaibar, Anue eta Esteribar inguruan ezarri nahi dituen zazpi parke eolikoek eragin ditzaketen kalteak salatu zituen berriki. Ekainaren 11n bukatzen da proiektuaren kontrako elegiteak aurkezteko epea.
Iruñerriko irrati euskaldun eta independentea. Iruñerriko Euskaldunon Agerkari Digitala.
Enigma Green Power enpresak proiektatutako zazpi parke eoliko eraikitzearen aurka agertu zen berriki Odieta, Olaibar, Anue eta Esteribarreko bizilagunek osatutako Haize Berriak plataforma. Aerosorgailu horiek eremuan sortuko luketen kalte larriaz ohartarazi zuen elkarteak, “habitaten eta faunaren galeragatik, paisaiaren inpaktuagatik eta iraunkortasun ezagatik”.
Iosu Alfaro plataformako kideak argitu moduan, proiektuaren gaineko kezkak hasieratik piztu zitzaizkien, jarri nahi diren haize-errota proiektu bakoitza Enigma Green Power konglomeratuaren barreneko azpi-enpresa baten izenean erregistratua zegoela atzematerakoan. "Enpresa hauek ez dira gerora parke eolikoak kudeatuko dituztenak, ezta eraikiko dituztenak ere. Enpresa hauek proiektu ehiztariak dira, behin baimenak eskuratuta proiektuak saltzen dituztenak. Prozesu guzti horretan pista galtzen diogu jabetzari". Proiektuaren kontrako elegiteak ekainaren 11 arte egin daitezke eta dagoeneko hasi da inguruko udalekin bilerak egiten, babesa biltze aldera.
Proiektuaren eskutik ezarri nahi diren zazpi haize-errota horiek, etorkizunean, zazpi parke eolikotan bilakatzeko aukerari ateak irekiko liokete, bailarako ingurunean eragin zuzena izanen lukeena. "Gure bailarak baso atlantikoetako zonaldeak dira, eta benetan galdetu beharko genioke gure buruari zer nolako energia berriztagarrien ereduak ezarri nahi ditugun, benetan berriztagarriak izan daitezen". Haize-erroten instalazioak berak, izan ere, eskuhartze handia eskatzen du ingurunean, tartean errotak lekura garraiatu ahal izateko ireki beharko litzatekeen bidea eta bost megawaitteko potentzia elektrikoa eta 195 metroko altuera duten aerosorgailuak zutik mantendu ahal izateko lurpeko oinarria, "bi futbol zelairen tamainakoa" liratekeena.
Parke eolikoen eragina ez da eremura mugatzen, izan ere, Alfarok nabarmendu bezala zonaldeko bailarak pasabide berdeak dira, "azken aldian erakunde publikoetatik babestea eskatzen den azpiegitura berde horietakoak", hain zuzen ere. "Bibliografia zientifikoak erakusten digu korridore migratorio garrantzitsu batean gaudela, eta gure ingurune horrek erabakigarriak direla espezie ugaritarako. Miru gorriaren kasua litzateke, adibidez, baina beste hegazti pilok ere pasabide hau erabiltzen dute euren migrazioan".
"Ez al ditugu gure lurraldean energia berriztagarrien proiektuetarako eremu egokiagorik?", galdetzen du Alfarok. "Erantzuna da bai, Iruñeko Udalak badaki eta diagnostiko oso zehatza egin du, adibidez, bere energia beharren %76a fotoboltaikoekin ekoizteko. Baditugu gure etxeetako teilatuak, industrialdeak, kirol zonaldeak horretarako. Hori bultzatu beharra dugu. Horretan ari gara, baina bi eredu horien arteko aldea oraindik handia da". Maila burokratikoan, izan ere, proiektu eolikoek "autopista zabal bat" ireki dute azken 30 urteotan, bestelako proiektuek oraindik erdietsi ez duten muga.
Kontzientzioa gakoa dela nabarmendu du Haize Berriakeko kideak, eta horren eskutik baita herritarren erabakimena sustatuko duten komunitate energetikoena bezalako proiektuen aldeko apustu argia egitea ezinbestekoa dela ere. "Orain arte komunitate energetikoak proiektu txikien kudeaketarako proiektuak bezala atzeman ditugu, baina proiektu energetiko handiagoak kudeatzeko ere baliagarriak izan daitezke. Beste proiektu ereduekin, aldiz, merkatuen menpe gauden bezeroak besterik ez gara izango".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545