Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen gerizpean. Ebroren aditu handienetakoa da. Tesia hari buruz egin zuen 1990eko hamarraldiaren hasieran. Mito ugari daude Ibaien bueltan, batez ere haien ur-goraldiak tarteko: elkarrizketan xehe-xehe txikitu ditu. Ebro aztertu dugu nagusiki, baina oro har, haren urak egungo ibaien ispilu dira.
Logroñon jaio zen 1964an. Bere ikerketa eremuak ibaien geomorfologia, ibilguen eta erriberetako ingurumen aldaketak, eta ibaien leheneratzea dira. 1992an argitaratu zuen Ebrori buruzko tesia. 1991 eta 1995 artean ingurumen aholkularitzan jardun zuen. Ondoren, EHUn aritu zen irakasle, 2002an Zaragozalo unibertsitate publikoan hasi arte. Uraren Kultura Berria Fundazioaren sortzaileetakoa izan zen, eta hainbat sari jaso ditu ibaien defentsan egindako lanagatik, besteak beste, 2012an Ecologistas en Acciónekoa.
Zer esan daiteke Ebro ibaiaren osasunaz?
Nik duela 30 urte Ebrori buruzko tesia egin nuenetik bere egoera ez da asko txartu. Areago, hartzen ari dira neurri egokiak, nik nire tesian defendatzen nuen moduan, eta apur bat hobetzen ari da. Egiten ari diren hainbat lan ibaiaren leheneratzeko lan gisa har daitezke. Ebro hondatu zen bereziki 1960ko hamarralditik 2000. urtera gutxi gorabehera –nik batez ere jartzen dut arreta adierazle hidromorfologikoetan–. Ikuspegi biologikotik arazo gehiago daude, erriberako basoak hiltzen ari direlako, besteak beste. Ebroren alde gatazkatsuena uholdeena da, baina ingurumenaren ikuspegitik une honetan ez da kezkatzen nauen ibaia.
Baina zuk esaten duzu ibaiek larrialdi egoera bizi dutela. Zergatik diozu hori?
Egoera hori Antropozenotik dator, hau da, kapitalismo neoliberalak eragindakoa da. Ibaiak batez ere XX. mendeko bigarren erdialdean pobretu ditugu. Ur kopurua jaitsi egin da, ibai gehienetan %20-30 ur gutxiago dago, eta horrek zerikusi handia du landa-eremuetako exodoarekin. Horrek ekarri zuen mendi eremuetan abeltzaintza eta nekazaritza bertan behera utzi zirela, eta ondorioz, basoak asko ugaritu ziren. Hori oso positiboa da hainbat alorretarako, baina basoak ur asko kontsumitzen du. Horri gehitu behar dizkiogu beste bi arrazoi: bata, azken hamarkadetan izandako lur sail ureztatuen hazkunde itzela, eta bestea, urtegietatik lurruntzen den ur kopuru handia. Horren ondorioz, ibaien ur kopurua asko gutxitu da, baina baita sedimentu kopurua ere, eta horrek nabarmen eragiten du gaur egun nozitzen ditugun ingurumen aldaketetan.
“Ur kopurua jaitsi egin da, ibai gehienetan
%20-30 ur gutxiago dago,
eta horrek zerikusi handia du landa-eremuetako exodoarekin”
Landa-eremuan 1950eko eta 1960ko hamarraldietan gertatu ziren aldaketa horiek orain ari dira nozitzen ibaietan. Ibaien emarien gutxitzearen ondorioz, erriberetako landaretza biziki hazi da. Lehen ez zen ia landaretzarik ibai bazterretan, edo askoz gutxiago, animaliak bazkatzen zirelako bertan eta, oro har, nekazaritza eta abeltzaintza jarduera handiagoagatik. Landaretza hori handitzea ongi dago, arrazoi askorengatik gainera, baina ibai-ibilguan ere hazi egin da. Zergatik? Erriberetan gero eta ur gutxiago dagoelako eta, ondorioz, ibaiak ibilguan hondoratzeko joera duelako. Fenomeno geomorfologikoa da, eta ebakidura deitzen da. Erriberetatik erretiratzen doaz ibaiak eta haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen dira. Hori Europa osoan gertatzen ari da, eta hemen bereziki Pirinioetako ibaietan. Landagunetako exodoak eta urtegiek eragin handia dute ibaien ebakidura horretan.
Beraz, nagusiki hortik dator ibaien larrialdiaz aritzea.
Bai. Ibaiek oroimena dute, eta jasaten duten presioaren ondorioa hamarkada batzuk geroago erakusten dute. Beraz, duela 40-50 urte egin ziren urtegiek, aldaketa klimatikoak eta landa-eremuen exodoak ibaiak estutzera eta sakontzera bultzatzen dituzte. Pirinioetatik jaisten diren Gallego ibaia, Aragon, Cinca... lehen oso zabalak ziren, gaur egun estuagoak dira, eta ibilguan sartuago daude. Eta gainera, sinpleagoak dira: orain hondartza eta sedimentu barra gutxiago dituzte.
Ibaien larrialdi egoeraz hitz egiten dugu, ebakidura hori eragin duten faktoreak hor daudelako eta ez dagoelako desagertuko diren zantzurik. Herritarrak ez dira mendira itzuliko, urtegi handiak ez ditugu eraitsiko, eta aldaketa klimatikoa gehiagora doa. Euria kopurua antzekoa da orain eta lehentxeago, baina oso modu desberdinean dator; eta batez ere, tenperaturak gora egiten du, eta beraz, hur gehiago lurruntzen da. Euria horren era desberdinean egitean, esaten da ibaien ur-goraldiak ere murriztu egingo direla, baina handiagoak ere izango direla. Eta lehorte garaiak luzeagoak izango dira, dagoeneko gertatzen ari zaigun bezala.
Ibaiarentzat zer da egokiena?
Ibaiaren osasunarentzat onena da ur-goraldi ugariak izatea, baina ez oso handiak, eta hain zuzen ere, horiexek dira erabiltzen direnak urtegiak betetzeko. Konponbide gaitzeko arazoa da hori, beraz, uste dut ibaien ebakidura handitu egingo dela.
Ebroren kasuan, adibidez, tesia egin nuenean ez nuen ebakidura zantzurik ikusi. Duela hamabost urte, aldiz, antzeman nuen leku batzuetan hondoratzen ari zela. Azken bost urteetan lanean aritu naiz hainbat lekutan, eta ikusten dut ebakidura nahiko orokorra dela. Hala ere, Ebrori XX. mendean kendu zitzaion espazioa itzultzen ari zaio, oso apurka bada ere. Ibai zabala da eta erresilentzia handia du, uste dut hondoratzea ez dela beste ibai batzuetakoa bezain azkarra izango.
Ibaien arazo hidromorfologikoak konpontzen badira, gainerako arazok ere –bioaniztasuna...– berez konponduko direla diozu. Azalduko duzu hori?
Ibaien hondoratzea fenomeno humanoa da, ur-goraldien eta emarien gutxitzeak eragindakoa, eta horrek ondorioak ditu bioaniztasunean. Ibaia hondoratzen bada, freatikoa ere –lur azpiko urak– jaitsi egiten dira eta zabaleran urritu; orduan, erriberako zuhaitzak ur faltagatik hil egiten dira, eta horren ordez zuhaixkak sortzen dira. Ondorioz, makalak eta sahatsak ibilguan edo ubidean bertan sartzen dira, eta badoaz kolonizatzen irlak, sedimentu barrak... Beraz, ibaien hondoratzea berreskuratzea lortzen badugu, hau da, hidromorfologia osasuntsu bat, erriberako basoak ere berreskuratuko dira, eta ibaiaren fauna ere bai.
“Fenomeno geomorfologikoa da, eta ebakidura deitzen da. Erriberetatik erretiratzen doaz ibaiak eta
haien ibilguetan gero
eta sakonago
hondoratzen dira”
Edozein modutan, hasieran aipatu dituzun hiru osagai nagusiak hor egonda, ez dirudi hori samurra izango denik.
Hala da, bai. Gaitza ekarri duten zioek hor jarraituko dute, hortaz, irtenbide bakarra ibaien lehengoratzea da; hau da, ibaia gaixo dago eta “botika” bat eman behar zaio ondoratu ez dadin, eta horretarako, batzuetan beste nonbaitetik ekarritako sedimentuak gehitu behar zaizkio.
Ibaien ebakidurak, hondoratzeak, ibaiaren arro guztiari eragiten dio?
Ibaian gora ez horrenbeste, baina apur bat bai. Ibaia zati batean hondoratuta badago, ibaian gora ere higadura ematen da. Adibidez, zubi bat egiteko erreka ondoko legarrak erabiltzen badira, horrek toki horretan ibaian zulo bat sortuko du, eta epe laburrean uhaldi bat ez badator, zulo hori goialdean ere handituko du; hots, hondartzaren ertzean zulo bat egiterakoan eta urak estaltzen duenean gertatzen den bezala.
Hemendik gertu, Gallego ibaian, hori gertatu da 70eko urteetan egin ziren legar erauzketa batzuekin. Eta ibaiak memoria duenez, 2000. urtetik aurrera hasi zen sufritzen gehien. Gero geratu zen, ibaian gorako higadurak gertu zegoen presa batekin egin zuelako topo, baina orduan presaren oinarria desegiten hasi zen, eta hormigoia eta beste bota behar izan dute presa eror ez dadin. Edozein modutan, ibaiaren hondoratzearen eraginik handienak ibaian behera sumatzen dira, ibaiaren energia handiena norabide horretan doa eta. Horregatik, urtegiek ez dute kalterik egiten ibaian gora, ibaian behera baizik.
Goazen jorratzera ur-goraldien gai eztabaidatua. Zergatik esaten duzu ez duela zentzurik “ibaiak garbitzea”?
Gaur goizean honako adibidea jarri diet unibertsitateko ikasleei, hemendik gertu Cabañas herrian Ebron egin zen dragatzeari buruz. 2010ean jakin genuen dragatze eremuaz, eta egin aurretik hara joan ginen sedimentu barra hura neurtzera. Egin zen dragatzea, gu hurrengo urtean joan ginen ostera ere neurketak egitera eta ikusi genuen berdin-berdin zegoela: urtebetean ibaiak leheneratu zuen dragatutako zatia ibaiak berak ekarritako legarrekin. Urte hartan ez zen uhaldi handirik egon, baina ibaiak segundoko 400 metro kuboko emaria daramanean, sedimentuak garraiatzen ditu eta hori hainbatetan gertatzen da. Dragatzea, beraz, dirua botatzea besterik ez da.
Horrez gain, dragatzeak ibaiaren ebakiduran sakontzen du. Kentzen baduzu metro bateko sakonerakoa, ibaiak bete egiten du. Eta egiten baduzu bi metrokoa, ibaiak agian ez du betetzeko ahalmenik, baina orduan haren ondoratzea eragiten da. Hor daude ere dragatzaileen bultzatzaileek dioten dragatze integralak. Kilometroetan egiten dituzte, eta orduan bai, ibaiari zauri sakona egiten zaio, baina horrek ondorio larriak ditu: zubiak oinarririk gabe uztea, erriberako basoen heriotza freatikoa asko jaisten delako...
Diozunez mito ugari daude ibaien inguruan. Ikus ditzagun batzuk. 2022an Burlatan foru gobernuko eta udaletako hainbat agintari bildu ziren 2021eko goraldiez aritzeko. Tuterako alkate Antonio Toquerok hala zioen: “Duela 40 urte Ebro garbitzen zen eta ez zuen gainezka egiten, eta gaur egun bai”.
Bera batez ere ibaiaren ertzetako landaretza kentzeaz ari da, eta horrek eragin txikia du ibaiaren ur-hustuketan, gehien jota %5-%10ean eragiten dio. Landaretza garbituta lortzen duzu ibaiaren abiadura handitzea, landaretzak batez ere hori lortzen baitu, emariaren abiadura geldotzea. Ibaiak badu bere autoerregulaziorako modua, eta beraz, kudeaketa hori imitatu behar dugu: gainezka egitea, sedimentuak barreiatzea, landaretza abiadura gutxitzeko erabiltzea...
Horrez gain, Toquerok esandako hori ez da egia, lehen gutxiago garbitzen zen eta; gainera, ez dut goraldi bakarra ezagutzen txikiagoa izan dela ibaia garbitu delako. Ebrok antzeko goraldiak ditu eta horietan ez dago inongo alderik ibaia garbitu aurretik eta ondoren. Horiek guztiak kondaira urbanoak besterik ez dira.
“Ibaiaren osasunarentzat onena da ur-goraldi ugariak izatea, baina ez oso handiak, eta hain zuzen ere, horiexek dira erabiltzen direnak urtegiak betetzeko”
Beste mito bat: “Emari gutxiagorekin Ebrok gero eta gehiagotan egiten du gainezka”.
Arazoa da lehen Ebroren emaria gaizki neurtzen zela, eta hori Ebroren Konfederazio Hidroelektrikoak (CHE) berak onartu du. 1997tik sistema berriekin neurtzen da eta ikusten da lehengo uhaldiak eta egungoak berdintsuak direla, eta gainezka ere antzera egiten duela.
Hirugarren bat: “Gaur egun legarra-barra eta irla gehiago dago, eta beraz, dragatu egin behar da”.
Hori guztiz gezurra da. Hori dioen jendeak ez ditu inoiz ikusi 1927ko edo 1956ko Ebroren aire irudiak. Lehen askoz barra gehiago ziren eta handiagoak. 1957an, Ebrok ez zuen ia erriberako landaretzarik, eta hondartza zabalak zituen. 1927n Ebrok ez zuen ia itzulirik egiten, hainbat besotako ibai zabala zen, irla handiekin eta ia zuzena leku gehienetan. Meandroak geroko kontua dira.
Eta zergatik bihurtu da meandro-ibaia? Batez ere urtegiengatik eta eraikitako defentsengatik. 1960ko abenduaren 31n uhaldi oso handia gertatu zen Castejonen, eta emariak ia 5.000 metro kubo segundoko hartu zuen –gaizki neurtua seguruenik, nire ustez ez baitzen 4.000tik pasatu–. Goraldi hark uholde handiak eragin zituen, eta kalte handiak. Orduan hasi ziren eraikitzen uholdeen aurkako defentsak, eta ibai-itzulietan jarri ziren batez ere, ibaiak gehien higatzen duen tokietan. Horrekin indartzen ari zara ibai hori meandro-ibaia izatea, baina aniztasun geomorfologikoa galduta, hala nola irlak edo ibai-besoak.
“Ez dugu ibaia okupatu, beti landu dugu lurra ibai-ertzeraino”
Ibaia sinplifikatu egin dugu eta nekazariek landaketa defentsetaraino eraman dute horiek jarri ondoren. 80ko urteetatik aurrera defentsa horiek Ebro osoan eraiki ziren. Ondorioz, ibaia ez da ia mugitzen, ia egonkorra da. Ibaiari tokia kendu diogu eta nik nire tesian proposatzen nuen espazioa itzuli behar geniola, gutxienez 500 metro alde bakoitzetik. Oso poliki bada ere, orain CHE hori egiten ari da aukera duenean. Kontu hauez eztabaidatzeko bilerak egiten dira lur-jabe, zientzialari, talde ekologista eta administrazioaren artean, eta horietan lur-jabeek ez dute nahi ibaiaren inguruko lurretan eragitea, dena ibilguan egin nahi dute. Haien ametsa da urtegiek guztiz egonkortutako ibaia, ibilgu ahalik eta sakonenarekin, etor daitekeen ur dena hor sar dadin eta inoiz ez dezan gainezka egin. 60ko urteetatik aurrera egindako lanen ondoren, ibaiaren espazioa 700-800 bat metro izatetik 200era pasatu zen.
“Urtegiek ez dute lehortea konponduko, alderantziz, egokitu egin behar da eta ur asko kontsumitzen duten uztak kendu”
Goazen Esako urtegira. Gaur egun 447 hm³ ditu eta 1.525 hm³-ra handitzeko lanetan ari dira. Apirilaren 17an 257 hm³ zituen (%57), iaz sasoi horretan %79an zegoen eta duela hamar urte %83an. Oraingoa betetzea gaitza da, baina hirukoiztu nahi dute.
Lehenik aipatu nahi nuke oso gaizki iruditzen zaidala lehortearen adierazle bat urtegien ur kopurua izatea. Zergatik hedabideek ez dute adierazle gisa hartzen ibaien edo akuiferoen ur kopurua? Funtsean uraren ikuspegi kontsumista dugulako: urtegietako ura baliagarria da, baina ibaietakoa ez. Urtegietako ura ona izan daiteke gauza batzuetarako eta besteetarako kaltegarria da. Ibaien urak guztioi ematen digu osasuna.
Bigarren hausnarketa: ez da urtegi gehiago egin behar, ez delako urik egongo horiek betetzeko. Urtegiek ez dute lehortea konponduko, alderantziz, egokitu egin behar da eta ur asko kontsumitzen duten uztak kendu. Urtegietatik, ubideetatik, igerilekuetatik... ur kopuru itzelak lurruntzen dira. Baina urtegi handien kalteez gain, aipatzekoa da ere urtegi txikiena, horietako kopuru handia dago ibai eta arroiletan; horiek sedimentu kopuru handiak geldiarazten dituzte, eta horrek ibaian behera sedimentu gabezia handia dakar.
Esaren kasuan, nik uste horren handia egin nahi dutela, buruan dutelako Ebrotik noizbait ura beste nonbaitera eramatea. Adibidez, zuk Tortosatik [Tarragona] Valentzia edo Murtziara ura eraman nahi baduzu, segurtatu behar duzu Ebrok beti izango duela hori egiteko adina ur, eta hori gerta dadin nonbaiten pilatu behar duzu ura. Bestela, bakarrik Zaragozako ur edangarrirako eta Bardeak ureztatzeko ez da horren urtegi handia egin behar.
Esakoa kezkagarria da ere magalak duen ezegonkortasunagatik, horrek ibaian behera sortzen duen arriskuarekin. Eta gainera, azkenean guztiz betetzea erabakiko balitz, urteak beharko lirateke betetzeko, eta horretako urtegiak uhaldi denak irentsiko ditu, horrek ibaian behera izango dituen ondorio kaltegarriekin, lehenik Aragoi ibaian eta gero Ebron.
Esaten da Espainiako Estatua dela Europan presa gehien eraisten ari den estatua. ¿Hala da?
2022an egindako txosten batean, Espainian 618 presa kendu dira eta 2021ean Europan presa gehien eraitsi zuen herrialdea izan zen. Zalantzarik gabe, hori da bidea, bota presak eta gero ibaiak berreskuratuko du apurka bere izaera. Zehaztu behar da, halaber, kentzen ari diren presa gehienak jadanik ez direla erabiltzen, edo gatazka sozial gutxikoak direla. Iruñean, adibidez, hor da Santa Engraziko presa Arrotxapeko auzoan. CHEk ezikusiarena egiten jarraituko du berriz eraiki ez dadin, baina ez du guztiz sartu nahi ere, erantzun sozialaren beldur. Landabenen dagoen presa txikia ere kendu beharko litzateke
Oro har, dena den, harritzen nau zein gutxi hitz egiten den horien eraisteaz, dakartzaten kalteez eta abar.
Ni egon naiz Gipuzkoan presa txiki horietako batzuen eraistea aztertzen, eta hainbatetan biztanleriaren oposizioa izan dugu: herritarren bainu lekua delako, edo ondarearen ikuspegitik han halako industria edo burdinola egon zelako... Toledoko Arte Ederren Akademiak esan berri du mesedez ez daitezela Toledoko presak kendu, haiek El Grecoren margoetan agertzen direlako. Eta bai, 600dik gora kendu dira, samurrenak, baina halako milaka daude. CHEn kendu nahi dituzte, baina nik proposatu dizkiedan guztietan ezetz esan didate.
Horrez gain, energia berriztagarrien garaian, energia hidroelektrikoak garrantzia handia hartu du.
Bai, energia berde edo berriztagarritzat hartzen da hori, baina jakina, mahaiaren gainean jarri behar da azpiegitura horiek ibaietan sortzen dituzten kalteak. Kapitalismoak ekarri dizkigu egun bizi ditugun energia eta ingurumen arazoak, eta egungo trantsizio energetikoan ere kapitalismoaren eskua ikusten dut. Azkenean berdinak aberasten dira. Klima aldaketaren ondorioetako bat da Frantzian edo iparralderago dauden hainbat herrialdetan erregadioak sortzen ari direla, baina sistema horrek funtziona dezan presa kopuru handia eraiki behar da. Beldur naiz XXI. menderako energia hidroelektrikoak eta erregadioak har dezakeen indarrarekin; horien ondorioz presa gehiago egingo balira, ibaien requiem-a litzateke eta.
“Dragatzea dirua botatzea besterik ez da eta ibaiaren ebakiduran sakontzen du”
Oso modan jarri dira nekazari lurretan eraikitzen ari diren uraska handi horiek. Doñanako parkean, Huelva, akuiferoak agortzen ari dira eta Estatu Frantsesean istilu handiak ekarri dituzte.
Batzuetan ibaietatik ateratzen dute ur hori eta besteetan akuiferoetatik. Bietan sortzen dituzte kalteak. Baina kezkagarriena ur kontsumo maila handia da, eta zenbat eta ur kopuru handiagoa kontsumitu okerrago denerako. Irtenbidea ez da ur gehiago, baizik eta gu ur eskasiara egokitzea. Maila guztietan irtenbidea ekonomiaren desazkundean dago, ez hazkundean. Datozen hamarkadak gogorrak izango dira eta desazkundea ezinbestekoa izango da.
Artikuluren batean kexu idatzi duzu tokiko hedabide askok normalean presak eraistearen aurka egiten dutela, ibaiak garbitzearen alde... Tokiko botereek indar handia dute, antza.
[Barre egiten du eta galdera itzuli] Zuek independenteak zarete?
Euskaraz ekoizeten dugunez, gure aurrekontuaren %30 diru-laguntza ofizialetatik dator. Baina hori kontuan hartuta, medio independentea gara eta hala jokatzen dugu.
Galdera luzatu dizut, halako gaietan ez dugulako hedabideen laguntza handirik jasotzen, eta iruditzen zaidalako hedabideek menpekotasun handia dutela dirua ematen dietenekiko. Ikusi besterik ez Canal Royarekin gertatu dena. Irakurtzen dugu Heraldo de Aragón eta itzela da, baina jakina, nola ez du proiektu horren alde egingo bere jabeak zuzenean sartuta daudenean proiektu horretan? Edozein kasutan, Canal Royaren kasuan aurkako olatu handia sortzen ari da, eta uste dut azkenean ez dela egingo.
[Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2023 aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545