Asteroko buletina
Babazorroa, babazala, babalasto eta babazaku. Zenbat babalore!

Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak

Nekazari eta abeltzainentzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea etsigarria izan bazen –eta izan zen–, ez pentsa askoz alaiagoa izan denik 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena irakurtzea. Urriaren 31n argitaratu zen, eta gaua ohi baino beltzagoa izan genuen landa-eremuko eta mendialdeetako etxe askotan.


2024ko azaroaren 08a

Lehenbiziko 34 orrialdeetan ondoren zetozen 453 orrialdeko txostenean behin eta berriz errepikatuko diren esaldiak, hitzez hitz, deliriora eramango zaituzten argudioen segidak, apenas ez du etenik. Irakurketan aurrera egin ahala, argi ikusten da herritar, elkarte eta udalei emandako erantzunen muinean daudela 2023ko maiatzaren 10ean argitaratutako EEBB LPSaren dokumentuaren hasieran jasotzen ziren helburuak: “Helburua da sustatzaileek gaur egun dituzten ziurgabetasunak murriztea eta ekimen pribatuaren interesa pizteko segurtasun juridikoa areagotzea”. “Zehaztutako kokalekuak energia elektrikoa sortzeko instalaziorako dira, helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta”.

Ez dugu paragraforik aurkitu non pertsonen ongizatea aitortzen den edo babesteko intentziorik azaltzen den, dena dago enpresa sustatzaileei begira

Helburu horiekiko erabat koherenteak dira txostenean azaltzen diren esaldi gehienak; ez dugu paragraforik aurkitu non pertsonen ongizatea aitortzen den edo babesteko intentziorik azaltzen den, dena dago enpresa sustatzaileei begira; herritar arrunton eskubideak –baita gure bizitzak sustengatzeko behar dugun energia ere– ez dira ageri. Herritarrok babesten dituzten neurri apurrak, komeni bada, ezabatzen dira. Horren adibideetako bat instalazio horietatik pertsonen bizilekuetara dagoen 500 metroko distantziari dagokio. Beizamako udalari emandako erantzunean –280. orrialdean– txostenak dio: "LAPak sosegu publikoko bazterketa-eremu bat ezartzen du, hau da, 500 metroko erradioa, biztanle-guneekiko, eta hori ez da aplikagarria etxebizitza isolatuetan; izan ere, horrek ia ezinezkoa egingo luke aprobetxamendu berriztagarrirako eremuak mugatzea".

Halere, ez zegoen ezustekorik; izan ere, alegazioei emandako erantzunen txostenaren hasiera-hasieran –8. orrialdean, hain zuzen– administrazioak bidea markatzen du, lurralde-ereduari dagokionez: "Instalazio handiak eta txikiagoak konbinatuko dituen eredu bakar bat garatzeko. Lehenik eta behin, errealitateak erakusten duelako instalazio handiak beharrezkoak direla sistemari bermeak emateko; (...)".

Sistemari bermeak ematearren, herritar arruntok bermerik gabe geratzen gara

“Tamaina guztietako instalazio elektrikoak dituen ereduan, beharrezkoak instalazio handiak dira sistemari bermeak emateko”. Zer sistemari? Sistema elektrikoaz ari bagara, enpresa pribatuen mozkinez ari gara; IBEX35 eta beste burtsetan oinarrizko eskubideekin espekulatzen dituzten inbertitzaileen dibidenduez, hain zuzen –sistema hitzaren polisemia aplika dezakegu, eta sistema kapitalista ere izan daiteke berme horien hartzailea–. Kontua da sistemari bermeak ematearren, herritar arruntok bermerik gabe geratzen garela, eta energia berriztagarrien instalazio deszentralizatuen eta gertukoen planifikazioak emango lizkigukeen aukerak galdu egin direla.

Dokumentuko esaldi horietan elikadura edo baserri eredua txertatuko bagenitu, hemen ere, handikeriarekin egingo genuke topo; ez, ordea, pertsona guztiontzako gertuko elikadura osasuntsu eta osasungarria bermatu beharko lituzketen politika publikoekin. Ikusterik besterik ez dago Eusko Jaurlaritzak elikaduraren sistemarentzat ezarritako lan-ildo estrategikoak zeintzuk diren.

Ikusten denez, herritarron elikadurarako Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak etorriko dira enpresa teknologikoen eskutik

Lehena, Errioxako upategi handiak erreskatatzea, ataka larrian baitaude; izan ere, ezin diote aterabiderik eman hainbestetan amestu zuten gainprodukzioari. Ondoren, Donostian BioTech Foods enpresak duen laborategiko haragi-fabrika –EBk eta Eusko Jaurlaritzak batera finantzatutako proiektua–. Hirugarrena, balio teknologiko handiko negutegiak eta zutikakoak –indoor vertical farming delakoa– EAE osora zabaltzea –orain ere multinazionalekin lankidetzan–. Azken aurreko lekuan nekazaritza ekologikoaren zabalpena dago; horren arrazoia aurkituko dugu Europatik dirua jasotzen jarraitzeko, Bruselak 2030erako nekazari- eta abeltzain-lurren %25 ekologikoan egiaztatzeko egindako iradokizunean. Helburu horretan, ez dira garrantzitsuak lan-egiteko moldeak edo lurraldearekiko eta komunitatearekiko atxikimenduak; baizik eta hektarea kopurua lortzea. Eta bosgarrena, Getarian izango den atun gorria kaiolatan hazteko Itsas Balfegó izeneko instalazioa –Balfegó SL enpresak eta AZTIK elkarlanean sortutakoa–. Ikusten denez, herritarron elikadurarako Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak etorriko dira eredugarriak diren enpresa teknologikoen eskutik.

Kuriosoa da oso baserrien etorkizuna ez egotea ildo estrategikoen zerrendako lehen postuetan; are gehiago kontuan izanda etorkizuneko pertsonek ere jan beharko dutela eta egun lanean gauden baserritar gehienok gertu dugula erretiro adina. Hori horrela, gazteek baserrietako erreleboa hartu ezean, zer jango dugu? Dirudienez, gobernuak jada pentsatu du zein izango den etorkizuneko elikadura, eta baserritarren erreleboa osatuko dute eredugarriak diren enpresa teknologikoek; erraz limurtuko baititu gobernuak herritarron diruarekin. Baserritarrok tokia izango dugu Euskal Jaietan eta Olentzeko egunean. Basque Culinary Centrerrak labeldun gourmet produktuz hornitzeko ere bai. Eta argazkitarako edo museo etnografikoetarako.

Aztertzen ari garen LPSri jarritako alegazioen erantzunen txostenaren arabera, energia berriztagarrien zabalpen masiboak ez du elikadura burujabetza zalantzan jartzen, baizik eta "EAEko lurraldearen ezaugarriek eta tamainak mugatu egiten dute, eta horrek eragotzi egiten du laboreen garapen masiboa, orografia eta baldintza desberdinak dituzten beste eskualde batzuetan bezala".

Lurraldearen ezaugarriek eta tamainak. Ez, ordea, baserritarrei eta landa-eremuko herritarrei orain datozkigun putre energetikoek, botere politikoaren laguntzarekin, gauzatu nahi duten kolonizazio prozesuarekin eman nahi diguten azken kolpeak; ezta lehenagotik pairatu dugun lur emankorren artifizializazioak eta okupazioak ere; ezta diru-laguntzen politika publikoek eta horien banaketa injustuak ere; are gutxiago banatzaile handiek, agronegozioaren lobbyek eta nazioarteko merkataritza akordioek nekazariei eta abeltzainei inposatzen dizkieten prezioek eta baldintzek ere. Ezta existitzen ez den erreleboak ere. Ez, afera orografikoa baino ez da. Eskerrak erakarriko ditugun eredugarriak diren enpresa teknologikoak euskalautonomiaerkidegotarren tripak betetzeko, bestela, akabo makina-erreminta, "herri industrial" honen esentzia.

Zertarako gorde proiektu energetikoetarako, nekazaritzarako zailagoak diren lurrak; "indoorreko janari eredugarria" bidean bada?

Horrela bai, horrela ulertzen da, oso ongi gainera, alegazioen txostenean azaltzen den hau: "Araba Erdialdearen kasuan, beste Eremu Funtzional batzuetan ez bezala, tamaina handiagoko instalazio fotovoltaikoak hartzeko gaitasun handiagoa duen eremu laua da (...)". Beraz, zertarako gorde proiektu energetikoetarako, duten inklinazioagatik nekazaritzarako zailagoak diren lurrak; "indoorreko janari eredugarria" bidean bada?

Biblia bilakatu zaigun txostenean diotenez, nekazariok eta abeltzainok janaria sortzen erabiltzen ditugun lur horietan "instalazio elektrikoak jartzea izango da hauen arabera: 1. Sustatzailearen interesa, eta 2. Aurkezten den proiektuak sektore- eta ingurumen-baimen egokiak lortzea".

Izan ere, mundua horientzat dago egina, sustatzaileentzat eta haien gosearen neurrira egina. Berdin dio energia hori zertan erabiliko den: heriotzarako ala bizitzarako. Gerora etorriko dira baimen egokiak egokitzen lortzea, den-dena jasangarria bezain jangarria izan dadin.

Ezker eta eskuin, badakizue gainean dugun desastrea nola desegin: planetaren mugetara etorri behar du jendarte honek

Legeak lege izan arren, beti ez dira zilegi denon bizitzak arriskuan jartzen dituztenean; are gutxiago bidezko, etorriko direnei etorkizuna ukatzen dietenean. Eta zuek ere jakin badakizue, ezker eta eskuin; jakin badakizue gainean dugun desastrea nola desegin, frogatuta dago: planetaren mugetara etorri behar du jendarte honek. Baina nahiago duzue aparrak bezala bizi, han goian, egoaren gainean.

Ematen du lurra altxatzeko garaia heldu zaigula, elkarrekin, kaletik eta landa-eremutik. Bizirik mantentzen gaituzten lurra eta ura ezin diegu arpilatzen utzi; izan ere bizitza horretan doakigu –literal, orain dioten bezala–.

Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora