EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu jomugan" azaldu dute, berariaz Hernanin egin duten prentsaurrekoan. Lurraldearen aldeko defentsa egiteagatik kriminalizatu nahi dituzten eta errepresioa jasaten ari diren borrokak gogoan izan dituzte: atzo bertan atxilotu eta askatu zituzten Ostia kolektiboko kideak eta Aroztegiako zazpi auzipetuak.
Manifestazioa iragartzeko Hernani hautatu dutela azaldu du EH Bizirik sareak: "Bildu garen lekua adibide ezin hobea da, enpresa eta instituzio politiko nagusietatik aurrera eraman nahi duten astakeriaren dimentsioa ikustarazteko. Repsolek Urumeako mendietan Euskal Herriko poligono eolikorik handiena ezarri nahi du. Handiena izangatik ordea, izan duen ibilbidea orain arte ikusi ditugun gainontzeko beste proiektuen berdina da. Enpresen mesedetan altxatzen saiatuko diren beste proiektu bat gehiago, instituzio nagusien kolaborazioarekin. Honen aurrean herritarrak antolatzen hasiak dira jada, eta hortxe ireki da erraldoi hauei aurre egin ahal izateko bidea".
Manifestazioaren helburuetako bat makroproiektuak sustatzen ari diren "enpresari handiak seinalatzea" da, EH Bizirikek azaldu duenez: "Europatik etorri eta herritar guztiok zorpetu gaituzten diru partidez aprobetxatu nahi duten enpresari handiak seinalatu nahi ditugu, Repsol kasu. Hauek zuzenean edo zeharka makroproiektu hauek aurrera atera nahian ari baitira".
Instituzioak interpelatzea ere bilatzen dute manifestazio honekin: "Ezinbestekoa deritzogu, Europatik hasi eta Frantzia, Espainia, Nafarroa eta EAEko instituzio nagusiak jokatzen ari diren papera seinalatzea. Hauek baitira azken finean, herritarron ongizatearen aurretik enpresen irabaziak jartzen ari direnak". Eusko Jaurlaritza onartzear den Lurralde Plan Sektorial berria horren adibidetzat dauka EH Bizirikek: "Herritarron iritzia kontuan hartu gabe aurrera ateratzear dagoen lurralde antolamendua dugu hau. EH Biziriketik bertan behera uztea exijitzen dugu".
Hondamendi ekologikoari aterabidea ematea ere aldarrikatuko du manifestazioak, "kapitalismo berdearen promesa faltsuetatik haratago". Horretarako, egungo eredu ekonomikoa gainditzea "ezinbestekoa" dela deritzo EH Bizirikek.
"Ezin dugu salatu gabe utzi lurraren defentsaren inguruan ematen ari den kriminalizazioa", esan dute EH Bizirikeko kideek prentsaurreko amaieran. Horren adibidetzat jarri dute atzo goizeko seietan haien etxeetan jendarmeek atxilotu eta etxea miatu zieten Ipar Euskal Herriko Ostia kolektiboko bi kideak. Baionako polizi etxean izan zituzten atxikita eguerdira arte.
Ostia kolektiboak salatu du atxiloketa hori lotua dela joan den urtarrilaren 20an, 60 bat lagun Puyo higiezin agentziako lokalera sartu izanarekin. "Okupazio baketsu eta sinboliko horrekin" salatu nahi izan zuten Aiherra herriko Etxexuriaren salmenta espekulatiboa, agentzia hau ari baitzen bitartekaritzan: Etxexuria etxea 2017an 250.000 euroan izan zen erosia eta 1.600.000 eurotan dago salgai emana.
EH Biziriken prentsaurrekora itzuliz, baita ere gogoan izan dituzte "Aroztegiko herri-lurrak enpresa eraikitzaile baten atzaparretatik defendatu zituzten 7 auzipetuak". Izan ere, azaroaren 26an atera berri da kalera Aroztegiaren aurkako mugimendua, zazpi kideri guztira 20 urteko kartzela-zigorra eta 56.000 euroko isuna jarri nahi dizkietela salatzera, "talde kriminala" izatea egotzita. Salaketa hori "faltsua" dela azaldu dio Garbiñe Elizegi auzipetuak ARGIAko kazetari Garazi Zabaletari: “Mugimendua kriminalizatu eta aurrekari bat jarri nahi dute".
EH Bizirikek bai Ostia kolektiboaren eta bai Aroztegiko auzipetuen kasuaz zera esan du: "Lurraldearen defentsa ezin da kriminalizatu, eta gure herrietako bizitzaren defentsarako borroketan aurrekari kritikoa sor dezakeen zentzugabekeria hauei aurre egin behar diegu. Gure elkartasun osoa dute, eta haien alde antolatzen diren salaketa-ekintza guztietarako deia egiten dugu".
Martxoaren 22an Gasteizen elkarrekin manifestatzeko deia egin du EH Bizirikek, "indarrak batuta soilik lortuko baitugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea".
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545