Ez daude bi baratze berdin. Baratze batean ez daude bi egun berdin.

Eguzki-lore meteorologoa

Mendirik altuenetako okoilu gordeetan. Ziztu biziz haize hotzak zazpi hilabetez neguztatzen duen zokoan. Udan igotzen dituzten azienda saldoek motzean eusten dioten belaze bazterretako zuhaixken altzoan. Bertan ezin biziraunari eutsi eta basoak ere txil egin eta urrun-urrunera gibelatzen diren zoko-mokoetan. Hor topatuko duzu elezaharrenetik jaulkitakoa dirudien landare aztarrena, denboretako erlikia arantzatsua: eguzki-lorea.

Jakoba Errekondo
Jakoba Errekondo

Bizi Baratzea liburuaren egilea


2024ko azaroaren 04a
Eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia).
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Karaitza oinarri duten lur aldapatsu drainatuetan hazten da, bakean utziz gero… Etxeetan kutun edota amuleto gisa jartzeko ohitura asko zabaldu da eta, mendian desagerrarazten ari garenez, hartzeko debekua arautua da.

Etnografia lantzen dutenek bildutakoetatik dakizkigu eguzki-lorearen eta gure arteko eman-hartuak. Egun horrelakoen jaulkiz dakigu sendabelar handia izan dela. Bere sustraiaren ura da ezagunena: besteak beste, tripetako bizioak edo zizareak botatzeko, hidropesiadunak flakatzeko, txiza egin ezin dutenak oneratzeko eta ardoarekin batera hartuta sugeen pozoiari aurre egiteko. Sustraia bera janez gero hiltzeko arriskua dago; adibidez animaliaren bat hil nahi izanez gero, formula hau ematen du Pio Font i Quer botanikari ezagunak Dioscorides medikuari jasoa dela esanez: “Nahasi sustraia, irina, ura eta olioa txakurra, txerria edo arratoia hiltzeko”. Baita pertsona ere, eransten du Piok berak.

Babesletzat dugu eguzki-lorea etxeetan. Ateetan jartzen da eguzkirik ez dagoenean haren lana egiteko. Izaki gaiztoak, gaitzak, ekaitzak eta antzekoak uxatzen ditu. Zabaldua da sorginak etxean ez sartzeko trikimailua ere badela eguzki-lorea. “Okerkeriaren” bat egiteko asmotan etxera hurbiltzen direnean, atean eguzki-lorea topatzean ezinbestean haren erdiko lore multzoak dituen loretxoak banaka-banaka zenbatzen gelditzen dira eta amaitzerako egunabarra agertzen da, eta sorginak ezinbestean argitatik ihes egin behar du.   

Berari esateko “sorgin-kontra” izena jaso zuen Telesforo Aranzadik Beizaman; baita “ilargi-lore” ere. Gorritin “astalar” eta Olaztin “otarraska” izenak ere jaso zituen 1929an argitaratutako Nombres de plantas en euskera artikuluan. Jose Migel Barandiaranek Ataunen jaso zuen, baita ere, “ilargi-belar”. Beraz, eguzkiarekin adina lotura badu ilargiarekin ere. Bestetik “astalarra”, “basalarra” eta “kardalora” behintzat ere esaten zaio. Bi espezie ditugu: eguzki-lore laburra (Carlina acanthifolia) eta eguzki-lore luzea (Carlina acaulis).

Erdiko lore multzoaren inguruan duen braktea distiratsuzko eraztunak aparteko dotorezia eransten dio. Baita bestelako erabilpenik ere. Braktea horiek hezetasunaren arabera mugitzeko gai dira: aire lehorra dagoenean zabal-zabal egiten dira eta hezetasun handiarekin beregain bildu, barruko loreak babestu nahiko balituzte bezala. Barometroa da, beraz. Frantsesez “chardon baromètre” (barometro kardua) eta alemanez “wetterrosen” (eguraldiaren arrosa) esaten diote. Nire ustez, sorginen uxatzeko baino eguraldiaren iragarle gehiago erabiliko zen. Sorginena istorio polita da, baina kanpoko lanetarako eguraldi iragarle fidagarri bat izatea kontuzkoagoa ez al da?

Tradizioan sendagai izan da eta esanahi sakona du eguzki-loreak, baina gaur egun dekorazio kuttun huts ez al da? Hala ere etxean nahi izatera, oraindik mendi txokoren batean lore arrastoren bat topatuko duzu: haziak eskuratu, datorren otsail-martxoetan erein eta hurrengo urteko udan lorea izango duzu.

Bizi Baratzearen lurreko ekosistema oparoa
2025-04-14 | Jakoba Errekondo
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi... (+)
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta... (+)
Ohea berotzearen teknika
2025-03-31 | Jakoba Errekondo
Ohe beroan edo hotzean egiten da hobeto lo? Nik zalantzarik ez daukat: hotzean. Landare jaioberriek bero punttu bat nahiago dute, ordea. Udaberriko ekinozio garai hau... (+)
Ilargiko borda, lurra eta ilintia
2025-03-24 | Jakoba Errekondo
Bada Borda bat ilargian. Bai, bai, Borda izeneko krater bat badu ilargiak; talka krater edo astroblema bat da, ilargiaren ageriko aldean dago eta bere koordenadak... (+)
Magnolian kakalardoa polen-mamitan
2025-03-17 | Jakoba Errekondo
Magnoliak eleganteak dira. Dotoreak. Anddereak. Pontxoak. Apainak. Pimentak. Gurbilak. Ponposak, ponpoxearrenak. Ortiroak. Ia-ia fazazkoak, kriket eta kraket. Ez naiz harritzen, beren loraldien azpian lurrarekin urtzerainoko... (+)
gora