Uztailean, aho beltz, lehor eztarrian.

Bolo-bolo, gezur-zulo

Mikel Oterok boterea besarkatu zuenetik, metaforikoki eta literalki, maiz harritzen gaitu “trantsizio energetikoari” buruzko matraka instituzionala indartzen duen artikulu burutsu batekin. Horretarako, ez du dudarik egiten bere garaian politika instituzionalak eta zehazki EAJk erabili zituen argudio berberei hautsa kentzeko, 1981ean Lemoizko zentral nuklearraren alde agertu zenean, baldintza gisa jarrita zentralarekiko kontrol publikoa ezartzea edo iragartzen zuenean Lemoizik gabe Euskadi azak landatzera itzuliko zela. Funtsean, “anaia handiak”, Sabin Etxetik, diskurtso nagusia ezarri du berriz.

Valen Arteaga
Valen Arteaga

Araba Bizirik-eko kidea


2025eko martxoaren 17a
Mundu bizigarriago bat eta bizitza gozagarriago bat egunero lantzen dugunon komunitateak eusten dugu Bizi Baratzea. Horregatik jartzen ditugu sarean eduki denak libre, Lurrari begiratzen eta entzuten diogunak gero eta gehiago izan gaitezen. Batu komunitatera. EGIN BIZI BARATZEAKOA.

Otero parlamentari berri dotoreak azkar ikasi du datu eta estatistika batzuk erabilita gorputza eman ahal zaiola argudio bati. Baina badirudi oharkabean utzi duela datu eta estatistikekin gertatzen dela zita literarioekin bezala, beti bada erreferentzia edo estatistika egoki bat sustengatu nahi duzun argumentuarentzat. Horrela bada, Oterok, diskurtso ofizialetik amiñi bat ere mugitu gabe, ikertzen du ze estatistika komeni zaizkion eta bilatu egiten ditu lobby energetikoek garaiko bozeramaileen esku jartzen dituzten azterlanen artean, bozeramaile horiek komertzial lehiakorren lana egin dezaten.

Oterok inolako zorroztasunik gabe dio ez badugu “garapen maila” galdu nahi lurraldearen zati bat sakrifikatu behar dugula. Sinesteko moduko argumentua dirudi, hain sinplea izanda. Aitzitik, egungo errealitatea askoz konplexuagoa da. Euskal Herrian oraindik geratzen diren eta kalitate zerbait duten natur gune gutxi horiek amortizatzeagatik, eta baserritar zein laborarien bizitza are zailago egiteagatik, ez dugu Otero jauna hain harro dagoen “garapen maila”rik bermatuko.

Duela hamarkada batzuk, agian ez hainbeste, ezkerreko alderdi politiko batek bestelako argumentuak erabiliko zituen didaktika politikoa egiteko. Agian ez zuen hainbesteko erreparorik izango kontzientzia kolektiboaren alde egingo zuen diskurtso bati eusteko, bizitzeko modu batzuk kuestionatuko lituzkeenak, jasangaitzak eta insolidarioak direlako. Erresilienteagoa den ekonomia eskala indartuko zuen eta ez zuen esperoko multinazionalak etorriko zirenik jendearen arazoak konpontzera. Errealitatea tematia da eta beti ezartzen du bere legea, eta garai txarrak datozenean argi dago mega enpresa hauek ez direla hemen egongo eltzetik babak ateratzeko, nahiz eta lurralde osoa eskaini diegun hemen ezarri daitezen.

Baina esanda bezala, hori esperoko genuen orain dela urte batzuk. Egun badirudi diskurtso bakarra dagoela eta horri batu zaizkio gobernuan dauden alderdiak bezala oposizioko alderdi nagusiak, eta horien artean dago Mikel Otero jauna bera. Edo hori gertatzen da behintzat ofizialki, zeren kosta egiten da pentsatzea EH Bildun ez dagoenik debaterik, oposiziorik eta politika egiteko beste modurik, ez dena lurraldearen arpilatze honen aurrean belaunikatzea.

“Trantsizio energetikorako” planteatu duten estrategia batez ere espekulatiboa da, ez ditu kontuan hartzen ez gertuko kontsumoak ez banaketa dependentziak eta hori guztia sakrifizio zonaldeak ezartzeak dakartzan peajeekin, batez ere Arabako lurraldean. Alegia, politika energetikoa, zentral eolikoak eta fotovoltaikoak buru izanda, “gezur-zulo” handi bat dela, eta hori zulatzen denean litekeena da erremediorik gabe eragingo diola Mikel Otero hainbeste kezkatzen duen “garapen maila”ri.

Eraso honekin ados ez gaudenoi insolidario deitzen digute, kaiku edo baita negazionista ere, baina guk argi dugu pasaeran gaudela, lurralde honen “usufruktudunak” gara eta betebehar moral eta bitala dugu gure ondorengoei ahalik egoerarik onenean uztekoa, eta hori ez da desarrollismo suizida sustatuta lortuko, zeina egungo krisi ekosozialaren kausetako bat den.

Ordea, arrazoi eman behar diot Mikel Oterori, bete betean asmatu baitu gauza batean. Hipokrisia neurtzeko beharrean, hori erabat beharrezko ikusten dut, baina ez du beharrezko kanpora eramatea, aski du bere baitan aplikatzearekin.

Valen Arteaga, Araba Bizirik-eko kidea

gora