Asteroko buletina
Sasiak begiak eta hontzak belarriak.
Dani Blanco

Zolda-belarra

Symphytum tuberosum

[Garbiñe Larrea]

Bere izena soldatzetik datorkio dirudienez. Antzinakoentzat hautsitako hezurrak soldatzen zituen landarea baitzen honako hau. Ingelesez “knitbone” esaten zaio, hezurrak josten dituen landarea.  Hezurretako eta periostioko traumatismoak tratatzeko erabiltzen da gaur egun. Hezurra estaltzen duen zorroa da periostioa: odol-hodiz eta nerbioz josia dago, hezurra elikatzeko eta honi sentikortasuna emateko zeregina duelako.
Hanketako ultzerak, odoluzkiak eta uzkiko etenak sendatzeko ere egokia da landare honen sustraia, nahiz eta hosto eta loreek ere balio duten zeregin hauetarako.
Gluzidoak (almidoia, sakarosa, glukofruktosanoa), hanturaren kontrako muzilagoak, eta alantoina dauzka. Alantoina da ehunak osatu eta berriak sortzeko gaitasuna duen osagaia. Azido klorogenikoa, rosmarinikoa eta kafeikoa, taninoak eta polifenolak dauzka. Sustraiak saponina esteroideak ere baditu. Osagai hauekin hanturaren kontra lan handia egiten du, aldi berean mina txikituz eta hausturak konponduz. Substantzia likatsuak ditu, kaltetutako ehun eta hezurretan babes-ekintza egiten dutenak.

Kanpo erabilera bakarrik erakutsiko dugu hemen. Izan ere, 1970eko hamarkadan animaliekin egindako probek zolda-belarraren alkaloideek gibeleko minbizia eragin zezaketela erakutsi zuten. Ordutik, barne erabilera debekatuta dago herrialde askotan.
Hosto eta loreak negu amaieran eta udaberri hasieran bildu ditzakegu eta sustraiak udazkenean.

  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Boraginaceae familiako landare iraunkorra da, 20-40 cm arten hazten dena. Zuztar iletsua du eta hosto berde ilunak, luzexkak eta zorrotzak. Loreak negu amaieran eta udaberri hasieran izaten ditu, 8-16 lore aleko multzotan, eta horixkak dira. Sustraiak tuberkuluaren antza duten kozkorrez beteak izaten ditu.

  Lu rzoru hezeak nahi izaten ditu, baita lur zingiratsuak ere. Eguzkitan edo baso arteko itzaletan ikusiko dugu baina leku lehorretan ez. Itsas mailan eta mila metrotik gora berez jaiotzen da.

Zolda-belar handia (Symphytum officinale) neurriz handiagoa da eta lore moreak izaten ditu. Ez da berez jaiotzen, baratze edo lorategietan landatuta ikusiko dugu. Zolda-belarraren ezaugarri terapeutiko eta erabilera berberak ditu.

Nola eta zertarako

   

Sustraiekin oleatoa egin dezakegu, Maria bainuan. Minberatutako hezurrak igurtzeko erabil dezakegu, baita erreuma edo artritisak eragindako minak baretzeko ere. 

Sustraiekin enplastua egin dezakegu eta odoluzkiak, fistula zein uzkiko etenak sendatzeko erabili. Sustrai freskoak garbitu eta zatitu ondoren, zartaginean berotzen dira, oliba olio pixka batekin, su baxuan, gehiegi gorritu gabe. Ondoren, zapi garbian bildu, epeltzen utzi eta kaltetutako tokian ipintzen dira ordubetean. Hosto eta loreak uretan egosita ere egin daiteke tratamendu bera, arinagoa izango da baina askotan eraginkortasun nahikoa izaten du. Hosto eta loreak urez estali, ordu laurdenean egosi eta epeldu arte uzten dira eltzean. Ondoren, zapi garbian bildu hosto eta loreak eta zapiak jasateko moduko tenperatura duenean, aplikatu egiten da. 

Ultzera edo zaurien gainean ere jar daiteke sustrai, hosto edo loreen infusioa baina zauriak oso garbi egon behar du, bestela kaltegarria da. Landarearen zati hauek lehorrean erbiltzea gomendatzen da, 300 ml uretan koilarakada handi bat ipiniz. Urak irakindakoan ipini, bost minutuz tapatuta edukim iragazi eta zapi garbia bustitzen da. Zapi hau ultzera edo zauriaren gainean jartzen da, ordubetean edukiz. Astebetez egin daiteke tratamendu hau, gehiago ez. 

 

Kontuz

Kanpo erabileran bakarrik erabili, barne erabileran hepatotoxikoa delako. 

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da segurua, kanpo erabileran ere ez. Haurrentzat ez da segurua, hazten ari den hezurrak ez baitu ondo hartuko sendabelar hau. Hezur hausturetan bakarrik erabili kasu honetan, modu puntualean.

Erreduren eta zauri zikinen gainean ez da erabili behar, azkarregi orbandu eta gero zornea izan dezaketelako. 

 

Errezeta

Hezurrentzako ukendua

Zainoker sustraiekin egindako ukendua hezurretarako erabiliko dugu batez ere. Hezur hausturak eta pitzatuak ditugunerako. Ukendu hau eman aurreteik hezurra bere tokian ipinia dagoela ziurtatu behar da, bestela kalte egingo liguke. Gorputz adarre bat igeltsuan eduki badugu, ondoren ematea gomendagarria da eta beso edo hanka lotzeko euskarria kentzeko modukoa bada, egunean behin kendu eta ukendu honekin igurtziak egitea gomendatzen dugu. 

Osteoartritis gaitza tratatzeko ere erabil daiteke, baita osteoporosia eta osteopenia daudenean ere. Bizkarrezurreko mina dagoenerako ere onda da, hezurraren gainean igurtzita.

Zaintiratuak eta zuntz hausturak izandakoan ere erabil daiteke, egunean behin edo bitan igurtzita. 

Aldiz, lotailuetako hantura edo giltzaduretako hantura badago ez da gomendatzen; tendinitisaren sintomak areagotu ditzakeelako eta mina handitu. Hezurretako gaitzak eta hezur zein zuntz hausturak tratatzen onda da, baina lotailuak oso kaltetuta badaude ez. Lehenengo proba egin zati txiki batean eta egun batean itxaron. Minik emango ez balu erabil dezakegu, baina mina areagotzen badigu ez da egokia izango. Tendinitisa aspaldikoa edo kronifikatua dagoenean ibili behar da erne. 

OSAGAIAK 230 gr egiteko 

* Zolda-belar sustrai freskoak, 50 gr

* Oliba olioa ,450 ml inguru

* 30 gr erle argizari

* Kristalezko ontzia

PROZEDURA

1. Zolda-belar sustraiak udazkenean aterako ditugu. Urarekin eta eskuilarekin garbitu, lehortu eta bi egunez izara gainean edukiko ditugu, hezetasuna galtzen. 

2. Xerra finetan moztu eta eltzean ipiniko ditugu, ondoren oliba olioa gehituz. 

3. Maria bainuan ipiniko dugu: ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordubetean edukiko dugu, su baxuan, tarteka eraginez.

4. Sua itzali eta gau osoan edukiko dugu dagoen bezala, taparik ipini gabe.

5. Hurrengo goizean berriro beste ordubetean berotuko dugu, Maria bainua, tarteka eraginez.

6. Oihal bat erabiliz ondo iragaziko dugu, sustraiak ahal den ondoen estutuz.

7. Olioa pisatuko dugu eta 200 ml-tarako 30 gr erle argizari erabiliko dugu.

8. Argizaria urrtutakoan kristalezko ontzietan ipini eta erabat hoztu eta gogortu arte bertan utziko dugu. etiketa ipiniko diogu, urtea eta osagaiak adieraziz. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora