Asteroko buletina
Otsaila, katu-hila.
Dani Blanco

Zaingorria

Geranium robertianum

[Garbiñe Larrea]

Leihoetako geranioen lehengusu dugun sendabelar xume hau odola berritzeko eta odolaren bideak zaintzeko erabili izan da. Horretarako, udan bildu izan da; gorritutakoan, odolari gehien orduan laguntzen ziola uste izan delako.
Erretxina, flabonoideak (errutina, kerzetina, kaemferola eta hiperosidoa), geranina bezalako taninoak, azido elagikoa, galikoa, zitrikoa (C bitamina) eta malikoa eta olio esentzial aberatsa ditu (geraniola, zitronelola, linalola eta terpineola dauzka). Osagai hauekin zirkulazio aparatua zaintzeko sendabelar egokia dela ikusten dugu, zain txikienak zaintzeko batez ere. Barizeak, flebitisa edo odoluzkiak daudenean bainuak egiteko erabiltzen da, zirkulazioa hobetzeaz gain azkura eta minsorra baretzen dituelako.
Taninoei esker beherakoa mozteko eta urdaileko ultzerak sendatzeko erabiltzen da. Tanino hauek odola darien zauriak ixteko eta hanturak kaltetutako odol hodiak bere neurrira ekartzeko ere balio digute. Kolpeek sortutako odolbilduak tratatzeko eta erreumak bereak duen mina baretzeko ona da. Begietako odol-isuriak tratatzeko ere balio du azido galikoak zainak bere onera ekartzen lan egiten duelako.
Zaingorriaren estraktuarekin egindako ikerketetan eragin antiglukosurikoa duela ikusi da, hau da, txizeko glukosa kontzentrazioa jaitsi egiten duela. Izan ere, zaingorri ura hipogluzemiatzaile arina da.
Ahoko zauriak eta hantura tratatzeko zaingorri urarekin ahoa garbitu dezakegu, gingibitia tratatzeko balio duelarik. Hortz edo hagina ateratakoan erabiltzea gomendatzen da, zauria azkar eta ondo sendatzeko. Eztarriko mina dagoenean edan baino gargarak egitea gomendatzen da, hantura azkar jaisten duelako.
Diuretikoa denez, likido atxikipena, hezueria edo hipertentsioa dagoenean hartzeko balio digu.

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Begiak
  • Sudurra

Deskribapen botakinoa

Geraniaceae familiako basa landare ugaria dugu, 40 cm inguru hazten dena, Zurtoin adartsua eta fina du, oso adarkatua, udaberrian berdea izaten dena eta udara hurbildu ahala gorritzen joaten dena. Hostoak txandakatuak eta triangeluarrak dira, gehienetan hirutan osatuak; hauek ere gorritzen joaten dira. Loreak txikiak dira, zentimetro batekoak edo, arrosa kolorekoak. Loraldiaren ondoren izaten du fruitua; kapsula baten itxurakoa da eta hegazti mokoa dirudi, hortik datozkio “lertsun-moko” edo “moko-belar” bezalako izenak. Belar arrunta da Europan, Asian eta Afrikan. Sastrakadietan, hondakindegietan, lur harritsuetan, horma zaharretan eta edozein leku ilun eta hezetan hazten da.

Nola eta zertarako

Beherakoa edo odol-jarioa daudenean zaingorri infusioa har daiteke. Odol-jario hau urdaileko ultzerak edo odoluzkiek eragindakoa izan daiteke baina baita zauri handieren batek eragindakoa ere. 250 ml ur irakin, koilarakada txiki bat zaingorri lehor ipini, bost minutuz tapatuta eduki eta otorduen ondoren hartzen da; egunean bi, edo hiru aldiz, sintomen larritasunaren arabera. Gehiegi hartuz gero idorreria eragin dezake, tamainan hartu beraz. 

Sudurreko odol-jarioak geldiarazteko ere aurreko puntuan aipatutako infusioa hartzen da. Hartzearekin batera, infusio epela sudur zuloetatik xurgatu behar da, edalontzia sudurrera hurbildu eta gorantz arnasa hartuz. Segundo batzuetan barruan heldu eta kanpora botatzen da, lau edo bost aldiz. 

Begietan odol-isuria izandakoan ere balio du, gorritutako zain txikiak bere onera ekartzeko. Goian aipatutako infusioa prestatu eta paperezko iragazkiarekin iragazi behar da. Ondoren, kristalezko frasko garbian ipini eta hozkailuan eduki. Bi begien gaienean gaza pare bat bustita ipintzen da; gaza hauek platertxo garbi batean ipini, zaingorri uraz busti eta begiak itxita, gainean ipìntzen dira bost minutuz. 

 

Kontuz

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da segurua, eragiten duen odol mugimenduarengatik, eta ezin da erabili. 

Ezin dira egunean hiru infusio baino gehiago hartu eta epe luzean (hilabete baino gehiago) hartzea ere ez da gomendatzen. Taninoek urdaila narrita dezakete eta epe luzean hartuta gibelarentzat toxikoak dira. 

Odolaren zirkulaziorako eta hipertentsioa tratatzeko botikak hartzen dituztenek ezin dute infusiorik hartu, ez baita bateragarria botika hauekin. 

Errezeta

Zirkulazioa indartzeko ukendua

Ukendu hau odol zirkulazioari laguntzeko erabiliko dugu. Barizeak, flebitisa edo zainetako gutxiegitasuna dagoenean erabiltzeko ona da; baita armiarma baskularrak edo masailetako kuperosia tratatzeko ere.  Erreuma, artrosia edo giltzadurretako hanturak ditugunean ere erabil genezake. 

Erromeruarekin (Rosmarinus officinalis) batera egiten da ukendu hau; izan ere, sendabelar honek zain handiak indartzen ditu zaingorriak zain txikiak indartzen dituen bezain ondo. Biek batera odolaren zirkulazio sistema guztia tratatu ahal digute. Bada ukendu honi kamamila (Chamaemelun nobile), Santio-belarra (Hypericum perforatum) edo ilena (Calendula officinalis) gehitzen diotenik, sendabelar hauek ere onragarriak direlako odolaren zirkulaziorako eta zainetako hantura tratatzeko.

Erromeroaren (Rosmarinus officinalis) atalean azaldutako erromero alkohola erabiltzean askotan azala lehortu egiten da eta ukendu hau ongi etortzen da egoera horietan azala indartzeko eta lehortasunari aurre egiteko. Biak txandaka erabiltzea ideia ona da. 

 

OSAGAIAK 230 gr egiteko 

* Erromero (Rosmarinus officinalis) freskoa, eskukada bat

* Zaingorri freskoaren txorten, hosto eta loreak, eskukada bat

* Oliba olioa, 450 ml inguru

* 30 gr erle argizari

* Erromero olio esentziala (Rosmarius officinalis), 40 tanta

* Kristalezko ontzia

PROZEDURA

1. Erromeroa eta zaingorria oliba oliotan ipiniko ditugu, eltze batean, Maria bainuan.

2. Ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordubetean edukiko dugu, tarteka eraginez. 

3. Sua itzali eta gau osoan utziko dugu dagoen bezala, taparik ipini gabe.

4. Hurrengo goizean berriro beste ordubetean berotuko dugu, Maria bainuan, tarteka eraginez. 

5. Oihal bat erabiliz ondo iragaziko dugu, landareak pixka bat estutuz.

6. Olioa pisatuko dugu eta 200 ml-tarako 30 gr erle argizari erabiliko dugu.

7. Argizaria urtutakoan kristalezko ontzietan ipini eta erabat hoztu eta gogortu arte bertan utziko dugu.

8. Erromero olio esentziala ere ipiniko diogu, ukenduaren indarra areagotzeko. 40 tanta kristalezko ontzira bota eta egurrezko txotx batekin nahastuko dugu.

9. Etiketa ipiniko diogu, urtea eta osagaiak adieraziz. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora