Asteroko buletina
Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka; ez santu guztiekin erreguka
Dani Blanco

Txipa-belarra

[Garbiñe Larrea]

Liburu hau egiterakoan barietate asko dituen menda familiari begira jarri gara eta, Jakoba Errekondok esanda bezala, menden saltsa izugarria dela ikusi dugu. Izen bera menda ezberdinei eman izan zaie eta nahasmendua sortu; hemen hiztegi eta bildumetan finkatutako izenak hautatu ditugu, nahasmendua argitze aldera.
Mendafina (Mentha piperita) izan daiteke gure artean ezagunena eta erabiliena, baina gutxik jakingo du mendabeltza (Mentha spicata) eta txipa-belarraren arteko gurutzaketatik sortutako landare hibridoa dela. Txipa-belarra berez jaiotzen zaigu gure artean eta menda basatien artean balio terapeutiko onena duenez, eta ezagutarazte aldera, atal hau eskaini diogu.
Antzinako menda honek usain freskagarria eta zapore gogorra ditu baina gure zentzuei atsegina egiten zaie. Antzinakoa diogu, Carlomagnok bere “Capitulare de villis vel curtis imperii” aginduan landatuarazteko sendabelarren artean zegoelako barietate hau. Hori baino lehenago, Jesukristo bera fariseuekin mendaren hamarrenak ordaintzeaz ari denean (Mateoren ebangelioan), ez dakigu zein mendaz ari den, baina baliteke menda hau edo antzinako besteren bat izatea.
Sendabelar honen hostoak erabiltzen dira, baina loreek ere badituzte hainbat printzipio aktibo eta erabil daitezke. Bere olio esentziala, mentola, da estimatuena baina timonina izeneko flabonoidea, polifenolak  eta taninoak dauzka. Horrez gain azido askorbikoa
(C bitamina), fenolikoa, rosmarinikoa, azetikoa eta benzoikoa ditu eta B multzoko bitaminak (B1, B2 eta B3). Mineralei dagokienez, fosforoa, kaltzioa, burdina eta magnesioa dauzka.
Mentolaz gain konplexua den olio esentziala du, kasu honetan limonenoa, kariofilenoa eta betaburbonenoa bezalako monoterpenoak ditu, beste askoren artean. Menden arteko aldea olio esentzialean egon ohi da, mentola denek dute neurri handi edo txikiagoan, baina bestelako olio esentzialak batetik bestera aldakorrak izan ohi dira.
Digestio aparatuko ondoezak tratatzeko egokia da sendabelar hau. Haizeak kanporatu ezinik gabiltzanean on egingo digu menda ura hartzeak, hesteetako mugimendu peristaltikoak indartzen dituelako. Goragalea daukagunerako aproposa da. Flabonoideek urdailari zuku gastrikoa sortzen laguntzen diote eta behazunari bere xixkua sortzen ere bai. Gibelarentzat indargarri edo toniko ona da. Gorputzeko uzkurdurak baretzen dituenez, digestio astunek eragindako ondoeza eta buruko mina tratatzeko ere ona da.
Mentolak eragin garbitzailea du, bai hesteak eta bai azala, biak garbitzeko da ona. Horrez gain, mentola azkuraren eta minaren kontrakoa da eta sortzen duen hotza dela-medio, odol kongestioa baretu egiten du. Eragin hauek denak batera prozesu alergikoetan, erreduretan eta sukarra dagoenean behar izaten dira. Mentola, taninoak eta polifenolak batera antibirikoak dira, arnas aparatuko gaitzak tratatzeko egokiak. Azido fenolikoa, berriz, onddoen kontrako lan ona egiten du.
Urdaileko gaitzengatik edo digestio txarrengatik hatsa dagoenean, menda ura otorduen ondoren hartzeak on egingo digu. Freskagarria izateaz gain, hatsa eragiten duten bakterioak hilko ditu eta arazo hau desagertzeko tratamendu egokia da. Horregatik ikusten dugu hain sarri hortzetako oreen formuletan.
Kanpo erabileran erreumak eragindako mina eta giharretako mina edo nekea tratatzeko balio digu, oxigenazioa eragiten duenez, minak arindu eta gorputza baretu egiten duelako. Mendarekin egindako ukenduak hotzeria, marranta, katarroa, gripea eta bronkitisa ditugunerako onak dira; baita neuralgiak ditugunerako ere, migraina bezalako buruko minetarako kasu.
Menda urak eta mendarekin egindako ukenduak freskura emateaz gain erlaxatu ere egiten du, nerbio sistemaren baregarri izanik. Hala, urduritasunak eta tentsioak eragindako gehiegizko izerditzerako edo menopausiako beroaldietarako egokia da. Baita sargoriak eragindako nekea dagoenerako ere. Linfa drainatzaile ona da eta gorputz-adarretako puztutasuna dagoenean erabiltzen da; linfa drainatzeaz gain gorputzeko atal hauetako odol zirkulazioa hobetu egiten duelako. Horregatik, barizeek eta ospelek eragindako mina eta azkura sendatzeko ere erabiltzen da.  
Sukaldean ere erabil daiteke. Entsaldari oso gutxi ipintzea gomendatzen dugu, bestela beste zaporerik ez baitiogu hartuko. Arkumeari baratxuri, oliba olio, limoi ur eta mendaz egindako saltsa labean sartu aurretik ipintzen dionik bada, hegaztiekin ere erabil daitekeena. Hala ere, gozogintzan erabiltzea zabalduago dago: fruta-mazedoniari edo txokolatezko pastel edo pastizari ipinita askotan ikusi dugu.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Ezpaindunen familiako landare iraunkor hau 60 cm inguru hazten da baina inguruan landaredi altuagoa duenean metroa baino gehiago ere hazten da. Hostoak borobilduak ditu, berde ilunak eta ile finez josiak. Txortena berdea edo iluna izan ohi du, tokiaren eta garaiaren arabera. Loreak txikiak dira, trinkoak, eta txortenaren puntan jaiotzen zaizkio, udan.
Ura dagoen inguruan jaiotzen da; erreka bazterretan, ubide ondoan, urmael, putzu edo lakuen inguruan. Leku laiotz eta freskoak nahiago izaten ditu eguzkitsuak baino.
 

Nola eta zertarako

Udan digestio aparatuari lagunduko dion edari freskagarria egin dezakegu txipa-belarra, limoia, jengibrea (Zingiber officinalis) eta luzokerra (Cucumis sativus), nahastuta. Edari hau diuretikoa da eta aldi berean hidratatzailea. Litro uretan jengibre birrindua ipintzen da, koilarakada txiki bat, limoi baten ura, luzoker erdi bat zuritu eta zatituta, eta berdetan bada txipa-belar eskukada bat edo hiru koilarakada handi, lehorra baldin bada. Gau guztian beratzen utzten da eeta goizean iragazi. Ezti pixka batekin edan daiteke edo izotzarekin, ahal dela, otorduen artean.

Te berdearekin (Camelia sinensis) ere hartzen dira mendak, ohitura errotua da hainbat tokitan. Txipa-belarra lehortu, txikitu, eta kopuru berean te berdearekin nahastu ondoren lata batean jaso dezakegu. Te berdea mendabeltzarekin (Mentha spicata) hartzen ohitua dagoenarentzat ezberdina izango da baina atsegina ere bai, txipa-belarrarekin ere ondo ezkontzen edelako. Infusio freskagarria, kitzikagarria eta bizigarria egingo dugu; antioxidatzailetan oso aberatsa. Goiz edo eguerdian hartzeko ona. 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da hartu, monoterpenoak karena pasa eta abortoa eragin dezaketelako. Edoskitzaroan ere ez da gomendatzen, esnea gutxiarazten duelako (galaktofugoa da).

Asmatikoaek eta haurrek ezin dute mentolik erabili. Infusio arinak, eguruak izan daitezke, neurri txikian, baina olio esentzialik ezin dute erabili, itolarria eragiten dietelako. 

Behazunean harriak badaude edo gibel eta behazun arteko hodiak buxatuta badaude ezin da erabili. 

Menda familiako landareak antigonadotropikoak dira. Gonadotropina hormonak obulazioarako beharrezkoak direnez, haurdun gelditu nahi duten emakumeek ez lukete menda familiako sendabelarren infusioa askotan hartu behar. Kanpo erabileran seguruak dira. 

 

Errezeta

Eguzkia hartu ondoren emateko emultsioa

Azakeko gorritasuna, hantura eta azkura ditugunerako prestatuko dugu emultsio hau. Erredurek eragiten dituzte sintoma horiek baina baita azaleko alergiek eta intsektuen ziztadek eta zenbait botikek ere. Barizeek edo kolpeek odol kongestioa eragiten dutenerako ere onda da, emultsio honek sortzen duen hotzak ehunak oxigenatuko dituelako, azalari eta giharrei baretasuna emanez. 

Giharretako gainkarga tratatzeko ere ona da eta buruko mina dugunean lepo inguruan, kopetean eta lokietan igurtzita onura nabarituko dugu. 

Emultsio honek azala hidratatzen lagunduko digu, udan izerdia eta eguzkia dela-medio beharrezkoa dugun gauza. 

Emultsio honetan menda olio esentzial indartsu bat erabiliko dugu, menda japoniarra (Mentha arvensis) hain zuzen ere. Mentol asko duelako hautatu dugu baina asma dutenek eta umeek ezin dute erabili, itolarria eragin baitezake. Kasu hauetan, menda ordezkatu egin  behar da, eta gorritasuna, hantura eta azkura tratatuko dituen beste olio esentzial bat aukeratu. Izpiliku finarena (Lavandula angustifolioa) adibidez egokia ltzateke. 

Elur ura bereziki egokia da erredurak tratatzeko, %50ean olioarekin nahastuta erabili izan delarik. Sukaldeko olio erreak eragindako erreduretarako ere onda da, hala, emultsio hau sukaldean edukitzea ideia ona da, erredura gertatu bezain pronto azalean emateko. Elur urik ez badaukagu ur destilatua edo desmineralizatua erabili behar da baina eragina askoz ahulagoa izango da. 

OSAGAIAK 100 ml egiteko 

* Txipa-belar oleatoa, ekilore olio ekologikotan egina, 50 ml 

* Elur ura, 50 ml

* Menda japoniarraren (Mentha arvensis) olio esentziala, 20 tanta

* Kristalezko fraskoa

PROZEDURA

1. Elurra egiten duenean kristalezko azpil edo erretilu bat ipini toki garbian eta utzi elurrez betetzen. Ondoren, etxe barrura sartu eta urtu dadila. Kristalezko botila ilunean eduki hozkailuan. 

2. Txipa-belar oleatoa egin hosto eta loreekin, Maria bainuan edo eguzkitan (ikus oleatoa nola egin atala). Oliba oliotan egin datieke baina olio hau azidoagoa da eta azalean azkura eta erresumindura daudenean kalte egin dezake, ekilorearena ez da azidoa eta azla narritatuek hobeto onartzen dute. Ekologikoa izan dadila, bestela azalak hain beharrezko duen E bitaminarik ez duelako izango. 

3. Kristalezko ontzian menda japoniarraren olio esentziala ipini lehenengo, 20 tanta, eta ondoren elur urez eta txipa-belar oleatoz bete goraino. Fraskoa itxi eta irabiatu egingo dugu: eman aurretik beti irabiatu egin behar da. 

4. Hozkailuan edukitzen da, ez daukalako kontserbagarririk  eta hotz efektua handitu egingo duelako. Sei hilabete irauten du, hortik aurrera ahultzera joko du. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora