Asteroko buletina
Abendua, argia eta egurra erretako hila.
Dani Blanco

Txikori-belarra

Taraxacum officinale

[Garbiñe Larrea]

Hain arrunta eta ugaria dugu sendabelar hau gure artean, askorentzat arrunta izateak garrantzia kentzen baitio. Hala, zenbaiti kosta egiten zaio zenbaterainoko balio terapeutikoa duen onartzea ere. Askotan pentsatu izan dugu, urrutiko herrialderen batetik ekarri eta garesti kobratuko baligute gehiago estimatuko genukeela. Dudarik gabe, ezagutzen ez duenak baztertzen du. Belar xume hau zer egiteko gai den ikusi ondoren, estimatu besterik ezin baita egin.
Sustrai, hosto eta lore, dena du baliagarria eta printzipio aktiboz betea. Osagai ugari eta konplexuz betea dago: taraxazina, flabonoideak, inulina, osagai triterpenikoak, karotenoideak, erretxin azidoa, taninoak, enzimak eta azido koipetsuak ditu. A, B2 eta C bitaminak eta azido folikoa izateak elikagai on egiten dute. Potasioa, kaltzioa, burdina, fosforoa, magnesioa, selenioa eta manganesoa bezalako mineralak, enzimak, azido koipetsuak eta taninoak ere baditu.
Digestio aparatuko lau organo garbitzeko eta indartzeko gai dira hosto eta loreak. Eskuinetik hasita gibela eta behazunari lan eginarazten die lehenbizi eta ezkerreko aldean jarraituz, barea eta pankrea tratatzen ditu ondoren. Beti ere, beherago eta atzerago ditugun giltzurrunak garbituz; diuretiko ezaguna baita.
Gibel eta behazuneko gaitz eta ezintasunetarako erabiltzen da, behazunean harriak daudenerako adibidez. Digestio geldo eta astunak eta idorreria tratatzeko ere balio du. Azaleko gaitzetarako gomendagarria da; aknea, ekzemak, pikorrak eta herpesa tratatzeko barne eta kanpo erabileran, batera, erabiltzea da onena.
Gernu bideetako gaitzak eta infekzioak daudenerako ere baliagarria da: txilarra (Calluna vulgaris) edo horma-belarra (Parietaria judaica) batera nahastuta hartzeko ohitura bada. Gorputzeko likido pilaketa, hezueria edo gota eta erreuma tratatzeko ere erabili izan da txikori-belarra, hosto eta loreen infusioa eginda.
Sendabelar honen hosto lehorren infusioak hipertentsioa tratatzeko balio du, tentsioa jaisteko lagungarri baita. Odolaren zirkulazioa hobetzeko gai ere bada, zirkulatorio ona delarik. Likido atxikipenak sortutako zirkulazio ezintasuna tratatzeko egokia da, udan hartuta batez ere.
Gordinik entsaladan jan daiteke. Hostoa eta lorea erabiltzen dira baina bakoitzetik bi edo hiru bakarrik; asko janez gero beherakoa eta ondoeza eragin baitezakete. Inulina zuntza dute sustraiek, gure hesteetarako gai onuragarria.

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Landare bizikor hau gure artean oso hedatua dago. Zelai, lorategi eta edozein bide bazterretan ikus dezakegu. Zain lodia du, azal iluna eta mami zuria duena. Mami honek latex mikatza du. Hostoak erroseta eran hazten zaizkio, luzeak eta koskatuak. Hosto artetik zuztarrak jaiotzen dira, barnea hutsa eta latexez betea izaten dute. Zuztar hauen puntan eguzki erako lore horiak izaten ditu negu amaieran eta udaberri hasieran, gaua edo euria datozenean itxi egiten direnak. Heltzean loreak zuritu egiten dira eta haizeak eramaten ditu haziak.

Nola eta zertarako

Txikori-belarraren sustraiarekin kafearen ordezko edaria prestatuko dugu, izan ere, txikori-belarra txikoriaren (Cichorium intibus) familiako landarea dugu. Lurra heze dagoen momentuan, tresna egokia erabiliz landare osoa atera behar dugu. Hostoak baliatu egingo dizkiogu, jateko edo lehortu eta infusiotarako. sustraiak eskuila eta urez garbitu. Ondoren, xerra finak eginez moztu behar dira eta labeko erretiluan ipini, zabalduta. 180º-tan xigortuko ditugu labean, ordu erdiz. Bertan utziko ditugu erabat hoztu arte eta gero lata batean jasoko. Koilarakada handi bat 250 ml uretan ipini eta urak irakiten duenean sua itzaltzen da; gero hamabost minutuz tapatuta edukiz. Kafearen kolorea eta antzeko zaporea izango ditu, sustraiak dituen balio terapeutiko guztiak mantenduz.

Txikori belarra, azeri buztana (Equisetum arvense) eta urkiaren (Betuta alba) hosto lehorrak kopuru berea nahastu eta lata batean jasotzen dira. Lapa-belarraren (Articum lappa) sustraia hauekin batera erabilita gorputzean atxikitako likidoak kanporatzeko infusio ona egiten da. Txorkatilak hazita eta hankak puztuta izaten dituenarentzat egokia da. 250 ml uretan lapa-belarraren sustraia irakiten da lehenik, koilarakada txiki bat, bost minututan. Sua itzali eta beste hiru sendabelarren nahasketatik beste koilarakada txiki bat ipintzea da, bost minutuan estalita edukiz. Iragazi eta goizean baraurik edaten da, hilabetez gutxienez eta hiru hilabetez gehienez. 

Txikori-belarraren loreei hainbat tokitan "txuntxumel" deitzen zaie. Lore lehorrak infusiotarako erabil daitezke eta berdetan gozogintzarako edo entsaladan jateko. Maria Treben egile austriarrak badu lore hauekin egindako "ezti" bat, hainbat tokitan pobreen eztia deitu izan zaiona. Hemen errezeta hori egokitu eta azukre zuriaren ordez eztia erabiliko dugu. Kristalezko ontzi hermetiko aho zabalean txikori-belar lore freskoak, irekiak, ipiniko ditugu ontzia goraino betez (zanpatu gabe), azpiko txorten berdea ahalik gehien kenduz. Ondoren, goraino eztiz beteko dugu eta armairu ilunean berrogei egunean edukiko. Bi egunez behin mugituko dugu eta, hartzitu egingo denez, noizean behin tapa ireki gasa kanporatzeko. Epe hori igarotakoan, metalezko iragazkia erabiliz txukun iragazi, loreak eskuekn ondo estutuz, eta botila ilunean jasoko dugu. Lore hauek jan egin daitezke edo gozogintzan erabili; galleta edo bixkotxei gehituta, adibidez. Txikori-belar loreen xarabe hau ez da mikaztasun handikoa eta gaitasun depuratzailea du; loreen polenaz gain nektarra ere izango duelarik. 

Txikori-belar sustrai, hosto eta loreekin oleatoa egin dezakegu. Hosto eta loreak oliba oliotan beratuta egindakoa aurpegiko orbanak, iluntasunak eta zikinak garbitzeko erabiltzen da, azal lehorraren gainean eman, igurtzi eta ondoren ur epel eta xaboiaz garbituz. Sustraiekin ere egin daiteke, Nekane Martiarenak bere liburuan jasotzen du gibela garbitzeko erremedio gisa. Oleato hau ere oliba oliotan egiten da, ondo txikitutako 200 gr sustrai litro bat oliotan hilbabetean beratuta. Iragazi ondoren, bederatzi egunez goizero baraurik koilarakada bat hartzea gomendatzen du. Sobeeran gelditzen den olioa aurpegian igurtzita larruazala sakonki garbitzen du eta helburu berarekin aurpegia garbitzeko xaboia ere egin daiteke. 

Txikori-belar loreen txortenak berdetan moztutakoan latex naturala izaten du, moztu berritan dariona. Latex hau garatxoen gainean egunero emanda garatxoak kendu eta azala garbitu egiten du. Garatxoak erabat desagertu arte, egunero egin beharreko tratamendua da. 

Kontuz

Haurdunaldian ez hartu. Eragin garbitzailea eta diuretikoa duten sendabelarrek aztoramena eragin eta haurra intoxikatu dezaketelako. Edoskitzaroan ere ez da gomendatzen, aurreko arrazoiez gain esnea mikazten duelako. 

Urdaileko ultzera, gastritisa, behazun-buxadura, behazunean harriak, kolitis ultzeratsua eta kolon narritagarria bezalako gaitzak daudenean txikori-beñarra dosi arinetan hartu behar da eta ondoeza, edo kaltea, eragingo balitu hartzeari utzi. Izan ere, behazun hiperreakzioa eragin dezake eta horrek gaitz hauen sintomak larriagotzea ekarri. 

Beherakoa eta bihotzerrea eragiten baditu dosia eta maiztasuna gutxitu edo hartzeari utzi. 

Tentsioa jaisteko botikak eta diuretikoak hartzen baldin badira, txikori-belarra erabili aurretik medikuari galdetu. 

Errezeta

Hiru sustrai tintura depuratzailea 

Txikori-belarraren sustrai lehorrarekin egindako tintura gibeleko gaitzak tratatzeko erabiltzen da; alkoholarekin edo animalia jatorriko gantzekin egindako gehiegikeriek eragindakoak direnean batez ere. 

Azaleko gaitzetarako ere egokia da. Gaitz hauek hantura, gorritasuna edo azkura eragin eta koipea gutxitu edo gehitu egiten dutenean erabiltzen da.

Sustraiek inulina, erretxina, osagai mikatzak, triterpenoak, fitosterola eta karotenoideak dituzte eta lehortu berritan alkoholetan ipinita egindako tinturak bereganatu egiten ditu.

Infusioa hartu nahi izanez gero, sustrai lehorrak bost minutuan irakingo ditugu eta beste bost minutuan tapatuta eduki. Infusio hau alkoholarengatik tintura hartu ezin duenarentzat da ona. Egunean behin, goizean baraurik, hartzea nahikoa litzateke, hilabetez gutxienez eta hiru hilabetez gehienez (udaberrian bada hobeto). Garrantzitsua da gozagarririk gabe hartzea, zapore mikatza izan behar baitu. 

Hemen hiru sustrai erabilita egingo dugu tintura, bakoitzak duen eragin depuratzaile ezberdina bateratu eta tintura depuratzaile erabatekoa egiteko. Gibel eta behazuna garbitzeko bezala barea garbitzeko izango da ona eta diuretiko bikaina ere bai. Odolaren zirkulazioa hobetuko digu. Ajea dugunean punualki hartzeko ere balioko digu. Azaleko gaitzetarako da ona, larruazala garbitu eta aknea tratatzeko batez ere. 

Egunean hiru aldiz hartzen da, ur pixka batekin nahastuta, otorduen aurretik, 20 tanta aldiko. Tratamendu hau udaberri guztian egitea gomendatzen da. ajeari aurre egiteko berriz, goizean baraurik txikori-belar lehorraren infusioa prestatu eta honi 30 tanta ipini: behin bakarrik hartzen da. 

Asunaren (Urtica dioica) eta txikori-belarraren sustraiak martxo hasieran ateratzea gomendatzen dugu. Lapa-belarraren (Articum lappa) sustraiak, aldiz, udazkenean atera behar dira, beraz, aurreko urtekoak lehortu, jaso eta prest edukitzea gomendatzen dugu. 

OSAGAIAK 500 ml egiteko

* Txikori-belarraren sustrai lehorrak, bi koilarakada handi 

* Asun (Urtica dioica) sustrai lehorrak, bi koilarakada handi

* Lapa-belarraren (Articum lappa) sustrai lehorrak, bi koilarakada handi

* Alkohol zuria, vodka edo uxuala, 500 ml

* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetiko aho zabalean ipiniko ditugu hiru sendabelarren sustraiak. Lehortuta eta zatituta egon behar dute, zenbat eta zati txikiagotan egina hobeto.

2. Alkohola gehituko diogu, goraino betez.

3. Hiru astez edukiko dugu armariuan, egunero mugituz.

4. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu eta kristalezko frasko ilunean jaso. Etiketa ipiniko diogu osagaiak adieraziz. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora