Asteroko buletina
Ilbeltza egiten badu txuri, ardiak haziko du; ilbeltza egiten badu hil beltz, ez ardi eta ez axuri.
Dani Blanco

Santio-belarra

Hypericum perforatum

[Garbiñe Larrea]

Udako solstizioaren inguruan, hainbat tokitan lehenago eta beste batzuetan ondoren, lore hori eder hau jaiotzen da. Hainbat hizkuntzatan San Juan egunarekin lotzen da, uda hasiera izaten baita sendabelar hau biltzeko garairik onena. Eguzkiari begiratzen dio loreak eta eguzki argi asko pilat-zen omen du, neguko iluntasunean oso baliagarri izango zaigun argia.
Erdi Aroan deabrua uxatzeko ere erabiltzen omen zen, landarea etxe barruan erreta eta baita atarian edo etxeko sarreran babesgarri moduan ipinita ere. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat tokitan San Juan eguneko sendabelar eta lore sortan ipintzen jarraitzen dugu.
Lore sorta hau San Juan egunean egiten da eta bedeinkatu ere bai, urtebetean etxean edukitzeko. Bezperako sua pizteko, aurreko urtean prestatutako lore sorta lehorra erabiltzen da. Ekaitza denean sorta honi zati bat kendu eta sutara botatzen da, kalterik sor ez dezan. Etxeko sarreran ipini ohi da, baina bada teilatupean edukitzen duenik ere.
San Juan eguneko sendabelar eta lore sorta egiteko modu anitzak dauzkagu, tokian tokikoak. Hainbat arau betetzen dituzte hala ere. Gizakiarentzat jatekoa izan ohi du (garia, Triticum), animalientzat ere bai (artoa, Zea mays), erlijio ikurren bat (lirioa, Lilium candidum) eta ikur paganoren bat (oilar buztana edo gladioloa, Gladiolus).
Hauekin batera sendabelarrak ipintzen dira: Santio-belarra (Hypericum perforatum), oreganoa (Origanum vulgare), ilena (Calendula officinalis), berbena (Verbena officinalis) edo astalarrosa (Rosa canina), etxe inguruan aurkitzen ditugunak. Lizar (Fraxinus excelsior) adarren bat ipintzen zaio. Lorategi edo baratzean ditugun ohiko loreak ere jartzen zaizkio: larrosa (Rosaceae), geranioa (Geranium), krabelina  (Dianthus caryophyllus) edo besteren bat, daukaguna. Kotoizko hari zuriz lotzen da, kono forma emanez, eta askotan barruan berakatz burua ipintzen zaio, zazpi gaitzetatik babesteko.
Dioskoridesek sendabelar honen erabilerak aztertu zituen eta gerorako erremedio eta formula asko finkatu; oso ezaguna eta erabilia izan delarik. Gorputzeko minak bezain ondo arimakoak tratatzen ditu, hala, antidepresibo ezaguna da gaur egun. Greziarrentzat soldaduen sendabelarra zen eta, gaur egun ere, gerrek sortzen dituzten min anitzak tratatzeko ona dela esan dezakegu.  
Flabonoideak, polifenolak, taninoak, karotenoideak, fitosterolak, pektina, olio esentzialak, hipericina, hiperosidoa, hiperforina, olio esentziala eta pigmentu gorria ditu loreak eta osagai hauetako batzuk bakarrik hostoak. Horregatik, ahal dela, lorea erabiltzen saiatu behar dugu.
Osagai hauek sedatzaileak eta depresioa arinaren kontrakoak dira; antsietatea, urduritasuna eta honek eragindako insomnioa tratatzeko ere balio dute. Santio-belarraren estraktuak monoaminooxidasaren (MAO) inhibitzaile lana egiten du, honek oreka emozionala edukitzen eta animoa egonkortzen laguntzen duelarik. Zauri fisikoez gain, zauri emozionaletarako ere balio digun sendabelarra dela esan dezakegu.
Bere osagaiak antioxidatzaileak, antiseptikoak, orbaintzaileak, eta astringenteak dira, baita beherakoa eta uzkurdurak geldiarazteko gai ere. Bere osagai batek, flobafenoak, odol jarioak moztu ditzake.
Behazunari xixku berria sortzen laguntzen dio eta gibelaren funtzionamendu motelak dispepsia eragiten badu arazo hau tratatzeko ona da. Gastroduodenalak diren ultzerak sendatzeko ere erabiltzen da. Ohean txiza egiten duten umeentzat ere erabili izan da, amets gaiztoak egiten badituzte are gehiago.
Kanpo erabileran, zauriak, ultzerak, erredurak eta urratuak tratatzeko erabiltzen da, antibakteriano ona baita. Giharretako gogortasuna eta hantura gutxitzeko ere ona da, neguan hotzak eragindakoa denean batez ere. Zauri eta kolpeetarako bikaina da, zauri irekia duen kolpea dagoenean erabiltzeko egokia da oso.
Zirkulazioa hobetzeko erabiltzen da Santio-belarrarekin egindako oleatoa, barizeak tratatzeko batez ere baina ospelak sendatzeko ere ona da. Oleato hau gauez igurtzi behar da, txorkatiletatik belaunetara, masaje arina eginez. Santio-belarraren lore lehorra uretan egosi eta epeldutakoan ordu erdiz hankak bertan edukita barizeek eragindako mina, azkura eta ondoeza baretu ditzakegu.
 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Uda hasieran loratzen den sendabelar hau, 30-80 cm artean hazten da. Elkarren aurka antolatutako hosto txiki borobilduak ditu. Hosto hauek zulo txikiz josiak daude, hortik datorkio “perforatum” deitura bere izen botanikoan. Bost petaloko lore horiak sortan jaiotzen dira, ez dute usainik eta petaloen ertzetan puntu beltzak dituzte. Loreak garatu ondoren, kapsula erako fruitua izaten du.
Gure lurralde guztian jaio eta hazten da, leku eguzkitsuetan errazago. Sasi artean, bide bazterretan eta basoetako argi guneetan ikus dezakegu; baita autobideko erdibitzailean ere.

Nola eta zertarako

  

Santio-belarraren loreen infusioa, neguan, hotzak eta hezetasunak aldartea iluntzen digunean hartzeko erremedio egokia da. Afalondoren edatea gomendatzen dugu. 200 ml ur irakin eta koilarakada txiki bat ipintzen da, bost minutuan tapatuta eduki,iragazi eta edan. 

Antsietatea, urduritasuna, lo egiteko arazoak eta gertakari mingarriren batek sorturiko min emozionala baldin baditugu, Santio-belarraren loreen tintura edo estraktuak lagunduko digu.  Depresio arina tratatzeko ere berdin hartzen da. 30 tanta hartzen dira, ur pixka batekin, otorduen ondoren. Hiru hilabetean hartu ondoren, dosia gutxitu edo handitu behar den baloratu beah du osasun profesional batek. 

Santio-belarraren loreekin oleatoa egin dezakegu. Oliba oliotan egiten da, 40 egunean eguzkitan edukita. Kanpo erabileran erabiltzen da eta masajerako erabil dezakegu, giharrak eta giltzadurak tratatzeko balio duelako. Barizeak, ospelak, kolpeak, gerrietako minak eta ziatika bezalako min neuralgikoak tratatzeko balio digu. Oleato honek erredurak eta zauriak tratatzeko ere balio digu. Ikus oleatoa nola egin atala. 

Etxean dugun lapikorik handienean infusio kontzentratua egin eta bainua har dezakegu. Litro bakoitzeko eskukada bat Santio-belarraren lore lehorrak jartzen dira, urak irakin ondoren botatzen direlarik. Ordu erdian beratzen edukitzen dira eta iragazi ondoren bainuontzira bota. Urari kilo bat gatz ipintzea gomendagarria da. Bainu honek giharretako minak eta barruan ditugun korapilo mingarriak, biak batera tratatuko dizkigu. 

Kontuz

Urdaileko arazoak, urduritasuna, buruko mina, goragalea, ahoa lehortzea eta azkura eragin ditzake, baita gosea eragin ere. Ez dira ohiko erreakzioak baina gerta daitezke. Horrelakorik izanez gero, ez erabili.

Buruko gaitzetarako hartzen diren botikekin ez da bateragarria. Nahasmendu bipolarra edo hipomania baldin badaude ezin da erabili. Analgesikoak, anestesikoak, antisorgailuak, antirretrobiralak, digoxina, tiroxina, botika antiarritmikoak eta onkologikoak hartzen direnenean ere ezin da erabili. Bestelako botikaren bat hartuz gero, badaezpada medikuari galdetu Santio-belarra hartu dezakegun edo ez. Kanpo erabileran, ukendua, segurua da kasu hauetan. 

Santio-belarraren infusioan edo tinturan hartutakoan, ukendu edo oleatoa larruazalean emanez gero, ez da eguzkirik hartu behar. Izan ere, hiperizina izeneko printzipio aktiboak fotosentsible bihurtzen du. Larruazalean orbanak aterako zaizkigula esan nahi du horrek. Horregatik gomendatu ohi dugu neguan erabiltzea. 

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili, arrisku potentzialengatik eta behar bezala ikertu gabe dagoelako. 

 

Errezeta

San Juan ukendua eta zazpi sendabelar ukendua

San Juan egunean, ekainaren 24 egunsentian, biltzen da zazpi sendabelar ukendua egiteko. Urte guztirako ukendua egiteko biltzen zituzten gure aurrekoek, orain adina ukendu eta krema aukerarik ez zen garai batean. San Juan eguneko ukendua egun horretan bildutako sendabelarrekin egiten denari deitzen zaio. Beste edozein egunetan bil ditzakegu sendabelarrak, bezperan bertn adibidez, eta ukendua egin baina ukendu horri ez zaio San Juan ukendua deitzen, zazpi belar ukendua baizik. 

Ikusten denez, San Juan eguna ez da edozein egun. Indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Ahal dela gure inguruko, gure herriko sendabelarrak izan daitezela. Pixka bat erreparatuz gero, ikusiko dugu zazpi sendabelar hauek librean hazten direla, ez direla lorategian edo loreontzietan hazten.

Zein sendabelar erabili behar diren, hori ez dago argi, eta horrela hobe; gure ustez, tokian tokikoarekin egin behar delako lan. Ez baitira berdinak itsasertzean edo mendialdean hazten diren lore eta belarrak, ezta urte batetik betera hazten direnak ere. 

Noski, beti formula bera egin dezakegu gure gustukoa baldin bada edo ona dela ikusi badugu baina formula aldatu eta egokitzeko askatasuna ere eduki behar dugu. Zertan ari garen jakinda, hori bai. 

Ukendu hau erabilera anitzekoa da: azaleko gaitzetarako, zaurietarako, erredurak, urratuak, ziztadek eragindako handituak, pikorrak, orbanak, azukrea eta kolpeak tratatzeko erabiltzen zen. 

Hemen formulazio askotan presente dauden eta oso ohikoak diren zazpi sendabelar aukeratu ditugu. Badira beste batzuk ere, urte garai honetan biltzeko moduan egongo direnak eta ukendu honi gehitzeko modukoak. Arazorik gabe ordezkatu ditzakegu. Ilena (Calendula officinalis), iodo-belarra (Chelidonium majus), erramua (Laurus nobilis), bostorria (Potentilla reptans) eta beste batzuk erabil ditzakegu, adibidez. 

Sendabelarrak orekatuta ipiniko ditugu, ez gehiago ez gutxiago, bakoitzetik eskukada bat. Hori bai, ez egin zortzi, bederatzi edo hamar sendabelarreko ukendurik; gehiegi lirateke eta ez pentsa landare gehiago ipintzeagatik ukendu hobea egingo dugunik. 

Zazpi sendabelar zergatik ote diren jakiterik ez dago eta azalpen asko eman izan diren arren, ezin da ziur jakin zein den arrazoia. Zazpi zenbakiak sinbolismo handia du eta autore askok hainbat hipotesi dituzte: zazpi egun ditu asteak (egunero erabil liteke), zazpi dira goiangeruak (haiei errezatuz egiten dute askok), zazpi gaitzen kontrako erremedio dela diote beste askok. 

OSAGAIAK kilo bat ukendu egiteko

* Santio-belarra eskukada bat

* Berbena (Verbena officinalis), eskukada bat

* Pasmo-belarra (Lysimachia arvensis), eskukada bat

* Plantaina arra (Plantago lanceolata), eskukada bat

* Zaingorria (Geranium robertianum), eskukada bat

* Asuna (Urtica dioica), eskukada bat

* Azeri buztana (Equisetum arvense), eskukada bat

* Litro bat oliba olio

* 150 gr erle argizari

PROZEDURA

1. Sendabelar guztiak San Juan egunean, goizaldean, bildutakoak izango dira. Heze egon daitezkeenez, izara edo maindire gainean edukiko ditugu eguerdira arte.

2. Bakoitzetik eskukada bat ipiniko dugu lapikoan eta ondoren oliba olioa gehitu. Su txikian eta Maria bainuan berotuko dugu.

3. Ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordubetean edukiko dugu, tarteka eraginez.

4. Sua itzali, eta egun bat utziko dugu dagoen bezala, taparik ipini gabe.

5. Hurrengo goizean iragazi oihal garbi bat erabiliz eta erle argizaria gehituko diogu. Maria bainua erabiliz urtuko dugu.

6. Argizaria urtutakoan kristalezko ontzietan jarriko dugu, taparik gabe, eta erabat gogortutakoan tapa ipiniko diogu, gainean osagaiak eta urtea ipiniz.

7. Urte betean ongi funtzionatzen du, baina hortik aurrera indarra galtzen hasten da; beraz, gastatuko duguna egitea gomendatzen da. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora