Asteroko buletina
Eguberri argitsu, ogia gero lastotsu
Dani Blanco

San Jose lorea

Primula vulgaris

[Garbiñe Larrea]

Udaberriaren iragarle dugu lore xume hau, negu ilunean bazterrak apaintzen eta alaitzen dituena. Askok jan egiten dute, udaberriak dakarren indar berria bereganatzeko edo. Askotan entzun dugu, San Jose loreak noiz agertuko zain egoten zirela, eta lehenengoak ikusi ahala aitaren egin eta jan egiten zituztela.
Sendabelarra ere bada. Hostoak eta loreak erabiltzen dira baina sustraiak ere baditu printzipio aktibo onak. Hemen, landarea gal ez dadin, hosto eta loreez bakarrik arituko gara. Hosto eta loreek C bitamina, betakarotenoa, potasioa, sodioa, kaltzioa, antioxidatzaileak, flabonoideak eta saponosido triterpenikoak dituzte.
Printzipio aktibo hauek elikagai ona, indargarria, egiten dute, gordinik jateko egokia. Katarroa, marranta eta eztula baretzeko eta mukiak kanporatzeko erabiltzen da. Larruazala leuntzeko, baretzeko eta goxatzeko ere ona da. Arnasbideetarako eta larruazalerako baltsamikoa da. Lasaigarria denez, buruko minak tratatzeko ere erabiltzen da. Potasioak diuretiko egiten du; neguan atxikitu zaizkigun likidoak kanporatzeko ona.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

 

Udaberri lore goiztiarra dugu San Jose lorea, gero eta goiztiarragoa azken urteotan; izan ere, neguaren bihotzean loretan ikusi izan dugu. Primulazeo familiako landare bizikor hau oso hedatua dago gure artean; baso bideetan, ezponda eta maldatan eta zelai bazterretan ikus dezakegu. Hostoak erroseta baten moduan jaiotzen dira,5-20 cm arteko altuera izan ohi dutelarik. Loreak usain gutxikoak dira eta kolore hori argia dute; nahiz eta kolore arrosa duten aldaerak ere badiren gure artean.

Nola eta zertarako

Lore freskoa, gordinik, entsaldatan jan daiteke. Tarta gainean apaingarri polita ere bada. Gurinarekin edo gazta freskoarekin batera jateko ohitura badago, ogitartekoa eginda. Liburu honetan bioletarekin batera udaberriko gurina egoteko erabili dugu. 

Lore lehorren infusioa egunean hiru aldiz har daiteke, otordu ondoren. 250 ml ur irakin eta bi koilarakada txiki ipintzen dira. Bost minutuz estalita eduki, iragazi eta bera hutsik edaten da. Baregarria, diuretikoa eta lasaigarria izango da infusio hau. Arnasbideetako gaitzak ditugunean, eztul-belar hostoekin (Tussilago farfara) batera har daiteke.

San Jose lorearen eta Satio-belar loreen (Hypericum perforatum) oleatoak nahastu eta ukendua egin dezakegu. Oleato bakoitzetik 50 ml ipini eta 15 gr erle argizarirekin batera berotzen dira, Maria bainuan. Kristalezko ontzian ipintzen da gogortu arte. Kolpeak eta zauria duten kolpeak tratatzeko balioko digu; baita kirurgia ondorengo ubeldurak eta minak tratatzeko ere.

Lore lehorrak ehotu eta olo irinarekin (Avena sativa) batera nahasten dira, bietatik kopuru bera. Ontzi hermetikoan jasotzen da. Koilarakada handi bat ur epelarekin nahastueta aurpegia garbitzeko erabiltzen da. Ore honekin aurpegia igurtzi eta ur epelaz kentzen da. 

Esfoliazio arina egiten du eta azala leundu. Nahi izanez gero, arroz irina (Oryza sativa) erabil dateke; kasu honetan azala garbitu eta orbanak kentzen lagunduko digu. 

 

Kontuz

Egunean hiru infusio baino gehiago ez dira hartu behar, urdaileko arazoak sor ditzakeelako. Infusio gutxiagorekin urdaileko ondoeza sortzen badu, tamainan hartu edo utzi hartzeari. 

Errezeta

San Jose lore oleatoa

San Jose lore freskoak oliotan beratu eta oleatoa egin dezakegu. Izan ere, lorea kanpo erabileran kolpeek eta hanturak sortutako mina eta min neuralgikoa tratatzeko erabiltzen da. Erreumak eta artritiak sortutako mina baretzeko egokia izango da. Oleato honen erabilerak ez du hain ezaguna den arnikaren (Arnica montana) inbidiarik, honek bezain ondo tratatzen baititu kolpeak. Abantaila bat ere badu gainera: arnika ezin da zauria duen kolpean eman eta san Jose lorearen oleatoa edo ukendua bai. 

Oleato hau kosmetiko ona ere bada. Zimurrak ez areagotzeo, azal lehorrak hidratatzeko eta azal koipetsuak orekatzeko balio digu. Azalari garbitasuna eta argitasuna ekartzeaz gain, leungarria ere bada, aurpegirako erabiltzen delarik. Krema hidratatzaileak, xaboiak eta ukenduak egin daitezke oleato honekin. 

Oleatu hau makillajea kentzeko ere egokia da, azal lehorraren gainean igurtzi eta ondoren ur epel eta xaboiarekin garbitzen da. Aurpegiko azalaren zainketa egiteko oleato hau igurtzi, masaje leuna eginez, eta ondoren, aurretikur berotan bustitako zapia ipintzen da aurpegian, bost minutuz. Gero ur epel eta xaoiz garbitu et krema hidratatzailea ematen da. Eguzki erredurak tratatzeko ere oso egokia da. 

Nahi izanez gero 100 ml oleatori 15 gr erle argizari ipini eta ukendua egin diteke eta oleatoa bezala erabili. Izpiliku finaren (Lavandula angustifolia) olio esentziala ipiniko idogu, larruazala zaintzeko oso egokia delako eta min neuralgikoak tratatzeko ere balio duelako. Horrez gain, oleatoaren kontserbagarri lana ereegingo digu. 

OSAGAIAK 500 ml egiteko

* San Jose loreak, ontziaren 1/3

* Ekilore olio birjina

* Izpiliku finaren (Lavandula angutifolia) olio esentziala

* Kristalezko ontzi aho zabala, hermetikoa

* Kristalezko frasko iluna

PROZEDURA

1. San Jose loreak bildu eta txortenetik petaloak askatu, hauek bakarrik erabiliko ditugulako. Bi egunez izara edo maindire gainean edukiko ditugu, hezetasuna galtzen. 

2. Lehenengo olioa ipiniko dugu ontzian eta honen 1/3 lorez beteko dugu, eraginez.

3. Maria bainuan beratuko dugu, ordu erdian.

4. Gau guztian utziko dugu dagoen bezala, tapakirik ipini gabe.

5. Hurrengo goizean beste ordu erdiz berotu eta ondo iragaziko dugu, oihal trinkoa erabiliz.

6. 100 ml bakoitzeko 20 tanta izpiliku finaren olio esentzial ipiniko dugu kristalezko frasko ilunean eta ondoren San Jose loreak beratzen edukitako ekilore olioz beteko dugu goraino.

7. Etiketa ipiniko diogu osagaiekin. Urtebetean ondo egongo da, hortik aurrera indarra galduko du. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora