Asteroko buletina
Euliak behera begira jartzen dira sanbartolomeak ezkero.
Dani Blanco

Salbia

Salvia officinalis

[Garbiñe Larrea]

“Nolatan hil daiteke salbia etxean daukan gizona?” dio Salernoko Mediku Eskolako esaerak (XIII. mendea). Hemen gizonaz gain, emakumeari egiten dion onurari buruz hitz egingo dugu; hain-batentzat emakumearentzat dagoen sendabelarrik onenetakoa baita. Batak zein besteak, bara-tzean edo lorategian, eduki behar lukeela uste dugu.
Salbia izenari eman izan zaion etimologiaren arabera, latinezko "salvus"-etik (“osasuntsu”) etorriko litzateke, eta bere ezaugarri sendatzaileak ikusita baietz esango genuke, osasuntsu bizitzen asko lagundu ahal digula.
Grezian sakratua zen landare hau eta erromatarrentzat ia-ia panazea; gaitz ororentzat ona. Sukaldean ere erabiltzen da, Italian du tradizio gehien; pasta, txerri haragi eta eltzekarien errezetetan ikus dezakegu.
B1 eta C bitamina, potasioa, enzimak, saponina, flabonoideak, azido fenolikoak (kafeikoa, klorogenikoa eta rosmarinikoa), tanino katekikoak, terpeno ugari, osagai mikatzak eta olio esentzial konplexua dauzka, alkanforra eta tuyona dituen olio esentziala. Picrosalvina osagaiak eragin antibiotikoa ematen dio eta azido rosmarinikoak eragin antioxidatzailea. Taninoei esker antiseptikoa eta zikatrizatzailea da, ahoko zauriak sendatzeko eta eztarriko minak baretzeko egokia. Osagai estrogenikoak ere baditu, oraindik ongi ezagutzen ez direnak.
Tuyona osagaiak izerdia jariatzen duten guruinengan du eragina, hala, gehiegizko izerdia edo hiperidrosia tratatzeko erabiltzen da. Azetilkolina neurotransmisorea blokeatzeko gaitasuna du olio esentzialaren osagai honek. Azetilkolina nerbio sistema autonomoaren neurotransmisore nagusia da, eta funtzio garrantzitsuak ditu: muskulatura leuna uzkurtzea, odol-hodiak dilatatzea, gorputzeko jariakinak handitzea (izerdia esaterako) eta bihotz-taupaden maiztasuna murriztea.
Flabonoideek eta azido fenolikoek behazunari lan eginarazten diote, xixku berria sortzen eta zaharra kanporatzen. Gluzemiaren erregulazioan badute eraginik. Gorputzeko uzkurdurak baretzeko gai ere badira; digestio aparatukoak, arnas bideetakoak eta giharretakoak.
Depuratibo bikaina da, gorputzeko toxinak kanporatzen dituelarik. Linfa eta likido zelularra garbitzen ditu, hain zuzen ere. Gorputzeko azido-base oreka erregulatzen du; honek eragin toniko eta estimulatzailea dauka.
Gure hormonengan badu eragina. Osagai estrogenikoek hilekoarengan dute eragina; hileko gabezia (amenorrea), hileko mingarria (dismenorrea) eta fluxuaren arazoak (leukorrea) tratatzeko erabiltzen da; nerabezaroan eta menopausia garaietan batez ere. Edoskitzaroa bukatzeko ere erabiltzen da, esnea mozten duelako (galaktofugoa da). Antigonadotropikoa ere bada, hau da, androgenoen ekintza blokeatzen du, testosteronarena batez ere. Horregatik, gehiegizko testosteronak sor ditzakeen gaitzei aurrea hartzeko balio du: prostatako minbizia gizonengan eta obarioko sindrome polikistikoa (OSP) emakumeengan.
Kanpo erabileran zauriak zaintzeko egokia da. Antiseptikoa, astringentea baita eta hantura tratatzen dituenez zauriak, urratuak eta ultzerak tratatzeko erabilgarria da.
Ah, eta Salernoko Mediku Eskolako esaerak bazuen bere erantzuna: “Heriotzari aurre egin ahal dion landarerik ez dagoelako”.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Sendabelar hau Lamiaceae familiakoa da. Jatorriz Europa hegoaldekoa den arren, gure baratze, lorategi eta loreontzietan ongi bizi da. 30-70 cm-ko altuera izaten du. Hostoak iletsuak, zurixkak eta usaintsuak, aurrez aurre jaiotzen dira. Lore moreak udaberri amaieran irekitzen ditu, erleentzat oso erakargarriak. Hazi ahala zurezko zurtoin gogor eta sendoa izaten du. Leku eguzkitsuetan bizi da gustora.

Nola eta zertarako

Ahoan zauriak edo eztarriko mina dagoenean ezkaiarekin (Thymus vulgaris) batera hartzen da, infusio bi belarrekin eginda. Infusio erdiarekin gargarak egiten dira eta beste erdia edan egiten da, otordu ondoren. Egunean hiru aldiz egiten da hau, sintomak desagertu arte. 

Menopausia garaian eta fibromak daudenean, milorria (Achillea millefolium)  eta ilenarekin (Calendula officinalis)  hartzen da. Hiru sendabelarrak nahastu eta lata batean jaso lehenbizi. 250 ml ur irakin eta bi koilarakada txiki ipintzen dira, bost minutuz tapatuta edukiz. Iragazi eta egunero hiru aldiz hartzen da, otorduen ondoren. Hiru hilabetean jarraina har daiteke, ondoren formulazioa aldatu behar da. 

Desodorante lehorra eta spray erakoa egiteko balio digu landare honek: izerdia orekatzeko balio du eta antiseptikoa da, hau da, izerdi usain txarrari aurre egiteko ona. Desodorante lehora mendaroarekin (Origanun mejorama) egin genuen bezala egingo dugu, ikus mendaroaren atala. Spray eran salbia desodorantea egiteko, lehenengo salbia lehorrarekin tintura egingo dugu (ikus tinturak nola egin atala). 50 ml salbia tinturari beste 50 ml salbia hidrolato nahasten zaio eta likido hau spray erako fraskoan ipini aurretik, frasko honek 30 tanta salbia olio esentzial ipintzen dira, ondoren likido nahasketarekin goraino betetzeko. Astebetez utzi egonean eta larruazalean eman daiteke behar dugun aldiro. Oinetarako ea besapeetarako egokia da; baita izerdiarekin lepo aldea edo tripa azpia egosten eta erretzen zaizkien pertsonentzat ere. Bi desodorante hauek, lehorra eta spray erakoa, txandakatuz erabil ditzakegu.

Salbia lurrin gozoa eta atsegina du, etxea lurrintzeko erabil dezakeguna. Salbiaren kea inzentsu natural moduan erabil dezakegu. Horretarako, salbia ador lehortu berriak, bere hostoekin, estu lotzen dira hari natural bat erabiliz (artilea adibidez). Salbia sorta estu honi puntan su ematen zaio eta kea etxean zehar zabaltzen da. Keztatzaile honek izpiritu gaiztoak eta gaizkinak etxetik urruntzen dituela uste du zenbaitek. Aindurrina (Salvia sclarea) ere erabil dezakegu eta nahi izanez gero erromeroarekin (Rosmarinus officinalis) batera nahastu. Bi salbia mota hauek erabiltzen baditugu, Mexiko eta Kaliforniako basamortuetan jatorria duen salbia (Salvia divinorum) ez dugu zertan erabili. Erritual indigenetan bertakoek erabili dezaten eurei utziko diegu.

 

Kontuz

Menopausian, gehiegizko testosterona eta fibromak daudenean epe luzean har liteke salbia, baina bestela ez da komeni epe luzean hartzerik; tuyona eta alkanfor gehiegi gorputzean pilatzea ez baita ona. 

Diuretikoak, antisorgailuak, giltzurrun gutxiegitasuna eta diabetesa tratatzeko botikak hartzen direnean, egunean behin bakarri har daiteke salbia infusioa. Hipertentsioa dutenek ere egunean infusio bakarra hartu behar lukete, salbiak igoarazi egin dezakeelako.

Haurdunaldian ez erabili, ez barne eta ez kanpo erabileran, abortoa eragin dezakeelako. Edoskitzaroan hartuta esnea mozten du, galaktofugoa delako. Nerabezaroan neskatilentzat da ona, baina mutilentzat ez. Haurrek ez lukete epe luzean hartu behar, eragin hormonala duelako. 

Hormonekin lotura duen minbizia izan bada, edo izateko arriskua badago, ezin da salbiarik erabili. 

Epilepsia dutenek edo aurrekariak dituztenek ez dute hartu behar (gertakari epileptikoa aspaldikoa eta bakarra izan arren ere ez dute hartu behar).

Errezeta

Umetokia zaintzeko lurrun bainua

Hileko mingarria emakume askorentzat osasun arqazo larria da, gure gizartean maiz analgesikoekin ezkutatzen dena. Hormona desorekak eragiten du min hau askotan, epe ertain eta luzera umetokian gaitzak eragiten dituen hormona desoreka hain zuzen ere; gehienetan gehiegizko estrogenoak eragindakoa. 

Hilekoaren minak (ziztadak eta uzkurdurak) eta desorekak tratatzeko eta umetokiko gaitzei aurrea hartzeko balio digu tratamendu honek; gehiegizko estrogenoa bere tamainara ekartzeko. Gehiegizko estrogenoa norberarena izan liteke; elikadura eta bizi estiloak eragindakoa, baina baita kosmetiko eta garbikariek eragindakoa ere (xenoestrogenoa). 

Lurrun bainu hau umetokiaren garbiketa egiteko modu tradizionala da, munduan zehar hainbat lekutan oraindik bizirik dagoena. Etxean egin daitekeen tratamendu merkea, segurua eta eraginkorra da; salbia landare freskoa eta ura besterik ez ditugu behar.

Garbiketa hau hilekoa etorri baino astebete lehenago egiten da. Hilekoak erregulartasunik ez baldin badu, hilekoa bukatu eta 20 egunetara egin daiteke. Garbiketa eraginkorra izan dadin eta behar den bezala baloratzeko, garrantzitsua da konpresa erabiltzea (litekeena da ohi baino gehiagotan aldatu beharra).

Lurrun bainua urtean lau aldiz egin behar luke edozein emakume osasuntsuk, prebentzio moduan. Ama izan berri direnentzat ere tratamendu egokia da, erditzearen ondoren umetokiko mintza behar bezala garbitzeko. Baita abortuen ondoren ere. Kasu hauetan, emakumea nola dagoen ikusi ondoren, emaginak edo ginekologoak erabaki behar du tratamendua egin edo ez.

Hilekoa dagoenean ezin da lurrun bainurik egin. Haurdunaldian ere ezin da lurrun bainurik egin. Umetokiko infekzioak daudenean, sukarra dagoenean, baginan zauri edo ultzerak daudenean eta odoluzkiak daudenean ezin da egin. Litekeena da tratamendu honen ondoren txiza gehiago egitea eta sarriago libratzea. 

Tratamendu hau aindurrirarekin (Salvia sclarea) ere egin daiteke. Salbia mota asko daude baina lurrun bainua egiteko bi hauek erabiltzen dira.

OSAGAIAK 

* Bi eskukada salbia fresko; hosto eta txortenak (loreak ere bai, izango balitu)

* Litro bat ur

* Lapiko zabala

* Tapaki edo manta bat

PROZEDURA

1. Litro bat uretan bi eskukada salbia ipiniko ditugu eta irakin arte berotu. Irakindakoan sua itzali eta 15 minutuz, tapatuta edukiko dugu.

2. Lapikoa komuneko konketa barruan ipiniko dugu. Lurruna jasan dezakegun tamainan daukagunean eseri egingo gara (kontuz, eskuak eta mukosa baginalak ez dute berdin sentitzen!). Gerriz behera biluztu eta eseri egingo gara. Gerrian tapaki edo manta bat lotuko dugu, lurrunak alde egin ez dezan.

3. Hogei minututan egongo gara, ordu erdi gehienez. Oinak banku txiki batean gainean jartzeak hobeto egoten lagunduko digu.

4. Tratamendua bukatutakoan, ordubetean ohean edo sofan egongo gara, hartu berri dugun bero horri eutsiz. Arratsalde edo iluntzea da tratamendu hau egiteko unerik onena. 

 

HORTZETAKO OREA

Hortzetarako ore hau hortzak garbitzeko eta ahoa daukagun sistema linfatikoa zaintzeko erabiliko dugu. Ahoko beste zenbait garbiketa lanekin batera erabil dezakegu; hartara gure hortz, hagin, hortzoi eta ahoko mintzak osasuntsu edukiko ditugu. Garbiketa lan sakon hau, hortzetako gaitz jakinik izan ezean, egunean behin egitea aholkatzen da, oheratu aurretik bada hobe. 

Lehenbizi, hortzetarako hariarekin garbituko ditugu hortzen arteko tarteak. Ondoren hortzetarako ore hau erabiliko dugu: aurrena hortzak garbituko ditugu, ondoren hortzoiak, gero ahosabaia eta bukatzeko masailen barruko mintzak. 

Ahoa urberrituko dugu para bat aldiz eta mingaina garbitzeko metalezko harraskagailua erabiliko dugu. Ondoren berriz ere ahoa urberrituko dugu. 

OSAGAIAK 

* Itsasoko ur iragazia eta garbia, 100 ml

* Buztin zuri hautsa, 100 gr

* Salbia (Salvia officinalis) hostoen hautsa, 5 gr

* Salbia (Salvia officinalis) olio esentziala, 25 tanta

* Propolioa, 30 tanta

* Zurezko koilara

* Buztinezko edo kristalezko katilua

* Kristalezko ontzi hermetikoa

PROZEDURA

1. Buztin zuria eta salbia hostoen hautsa ipiniko ditugu buztinezko edo kristalezko katiluan. Zurezko koilararekin nahastuko ditugu.

2. Itsasoko ura gehituko diogu orea egin arte. Itsasoko ur iragazia belardendan edo supermerketatuan erostea gomendatzen dugu.

3. Propolioa eta olio esentziala gehituko dizkiogu, eraginez, orean ongi txerta dadin.

4. Hortzetarako orea kristalezko ontzi hermetikoan jaso behar da, pixkanaka lehortu egiten baita. Hortzetako eskuila ontzian sartzea ez da komeni, kutsatu egiten baita. Horregatik, egurrezko koilara txiki bat ondoan edukitzea gomendatzen dugu; honekin ontzitik hartu eta eskuilari ipintzeko.

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora