Asteroko buletina
Kandelarioz euria. Laister du udaberria.
Dani Blanco

Plantaina

Plantago major

[Garbiñe Larrea]

Plantainaren familia zabala eta anitza da, antzeko osaera eta propietateak izan ditzaketen espezie ezberdinak daude. Hemen bi aztertuko ditugu: plantaina arra edo ezpata-plantaina (Plantago lanceolata) eta plantaina emea edo plantain handia (Plantago major), gure artean oso arruntak direlako eta biak ere erabilgarriak ditugulako. Maila zientifikoan plantaina arra da ezagunena, ikerketa farmakologiko eta kliniko gehien sendabelar honekin egin direlako. Plantaina emea baliokidea izan liteke, baina ez substantzia aktibo eta jarduera terapeutiko guztietan.
Althabek jasoa du esaera eder bat: nola Amabirjinak behiala hautatu zuen plantaina kristau guztien minak sendatzeko (“Amaberjinak bestordüz haitatü zin plantaña khiristi ororen minen sendotzeko”) eta ia ados egon gintezke, kristau guztien minak ez baina askorenak sendatzeko gai badelako.
Osagaien artean C bitamina, zink eta potasio mineralak, azido azetilsalizilikoa, muzilagoak, saponinak, pektinak, taninoak, alkaloideak eta glukosido kromogeniko bat daude. Osagai hauek gaitasun antiinflamatorioa, astringentea, orbaintzailea, antihistaminikoa eta antialergikoa dituzte. Eztularen kontra egiteko, mukiak kanporatzeko, asma eta bronkitisa tratatzeko ere balioko digu. Eztarriko mina, marranta edo katarroa ditugunean infusioak bezainbeste plantainarekin egindako xarabeak lagunduko digu.
Glukosiko kromogenikoak gaitasun antibakterianoa ematen dio eta hala, ahoko zauriak ditugunean edo hortz oietako hantura dugunerako egokia da, halakoetan, plantaina urarekin ahoa garbituko dugu.
Arnas aparatuko hantura eta narritadurak bezain ondo tratatuko dizkigu digestio aparatukoak, hala nola, gastritia eta ultzera gastroduodenala tratatzeko egokia da. Beherakoak hantura utzi digunean ere har dezakegu.
Kanpo erabileran zauriak orbaintzeko, urratuak eta erredurak sendatzeko, intsektuen ziztadetarako, alergietarako, azal gorrituak baretzeko eta herpes zein psoriasia ez hedatzeko ere egokia da. Ukendua eginda erabil dezakegu. Aipagarria da plantaina arra zauriak estaltzeko lehen lotura itsaskorra izan zela, gaur egun Hegoaldean hain ezaguna dugun tiritaren baliokidea. Sendabelarrak dituen muzilagoei esker itsasten da azalera eta zauria garbi edukitzeaz gain, orbaintzen ere laguntzen du. Mendian gabiltzala zauria egin eta zerekin garbiturik ez badugu, plantaina arraren hosto batzuk eskuekin ondo zanpatu eta pilota bat eginda, zauriaren gainean ipintzea daukagu.
Plantaina emeak (Plantago major) aipatu ditugun osagai eta gaitasun berak ditu baina, horiez gain, kolina, kumarinak, laktona eta azido fenolikoa dauzka. Hauei esker gorputzeko uzkurdurak baretzeko gai da eta immunitatea indartzeko ere bai.  
Bizkaian bizirik dirauen tratamendu bat bada, plantaina arrarekin egiten dena, eta askorentzat bitxia izango dena. Zaintiratuak eta bihurdurak osatzeko egiten den errituala da. Ia beti emakumeek egindako tratamendu honetan, giltzaduran masajea eman ondoren plantaina hostoekin lotu eta errezo kristaua egiten da. Gorka Menendez Bacetak Arratian bildutako lekukotzak badira, prozedura honen eta errezoaren hainbat aldaera jasoz.

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Plantaina arraren (Plantago lanceolata) eta emearen (Plantago major) hostoak eta loreak ezberdinak dira. Hosto luze eta estukoa da plantaina arra eta hosto zabal eta handikoa da plantaina emea. Plantaina arraren hosto luzeari zainak ikusten zaizkio, 3-7 zain paralelo izaten ditu. Hostoa baino luzeagoa du zurtoina, udaberrian loratzen dena. Buruxka zilindrikoaren bueltan lore zurixkak izaten ditu.
Plantaina emea ez da gorantz asko hazten, arra bete gehienez. Hosto zabal eta borobilduek paraleloki kokatutako zazpi edo zortzi nerbio izaten dituzte. Hostoen artean zurtoin tenteak jaiotzen zaizkio eta zurtoin honetan lorez betetako galburua. Loreak erori ondoren hazi txiki beltzez betetzen da.

Nola eta zertarako

Bi plantainetako edozeinen hostoen kataplasma oso aspaldiko erremedioa da ultzerak eta larruazaleko zauriak sendatzeko. Aurrez ur irakinetan bizpahiru aldiz sartu irtena egiten zaio landare berdeari eta plater garbi batean jartzen dira, epeltzen. Gure eskuak xaboi eta ur beroz garbitu ondoren, zauriaren edo gaiztotutako ultzeraren gainean jartzen dira. Ondoren, gaza batez estali eta benda finarekin finkatzen dira. Gaua osoan eduki ondoren hurrengo goizean garbitu egiten da zauria eta prozesua berriro egin. 

Bronkitisa tratatzeko infusioa honako lau sendabelarrak nahastuta egin daiteke: plantaina arra edo emea, izei zuriaren (Albies alba) edo pinuaren (Pinus sylvestris) puja edo begi lehorrak, eztul belar hostoak (Tussilago farfara) eta laranja (Citrus sinensis) azal lehorrak. Bakoitzetik kopuru bera ipintzen da eta lata batean jaso. 250 ml urek irakindakoan, nahasketa honetatik bi koilarakada txiki ipintzen dira, bost minutuz tapatuta eduki, iragazi eta nahi izanez gero eztiarekin har liteke. Egunean hiru aldiz, otorduen aurretik, erabat sendatu arte. 

Gastroduodenitis kronikoa dutenentzat ere ona da plantaina arra. Kasu honetan, kamamila (Matricaria chamomila),  mendafina (Mentha piperita) edo liburu honetan aipatzen dugun txipa-belarra (Mentha arvensis), Santio-belarra (Hypericum perforatum) eta latxaskia (Agrimonia eupatoria) nahasten dira. Bakoitzetik kopuru bera jartzen da eta nahasketa hau lata batean eduki. 250 ml urek irakindakoan, nahasketa honetatik bi koilarakada txiki ipintzen dira, bost minutuz tapatuta eduki, iragazi eta otordu ondoren hartzen da, egunean bi aldiz, norberak aukeratutako otorduaren ondoren. Gaitz honek berarekin dituen mina eta digestio zailtasuna asko hobetzen ditu. 

Begietako gorritasuna eta hantura tratatzeo ere egokia da plantaina, arra zein emea. Puztutasuna gutxitu eta lan baltsamikoa egingo digu. Begi-belarra (Eufrasia officinalis) eta plantainare hostoak kopuru berean nahastu eta lata batean jasotzen dira. 200 ml ur irakin eta koilarakada handi bat ipintzen da, bost minutuan tapatuta eduki, eta ondoren paperezko iragazkiarekin iragazten da. Hozkailuan jasoko dugu lauzpabost egunean, kristalezko ontzi garbian. Bi gaza busti eta betazalean gainean aplikatzen da, bost minutua begien gainean edukiz.

Plantaina arra zein emea erabiliz oleatoa egin dezakegu, eguzkitan edo Maria bainuan. Ondoren, ukendua egiteko osasgai oso ona izango da oleato hau. Larruazaleko gaitzak tratatzeko eta egunerokoan larruazalaren hidratazioa mantentzeko  ere ona da. Ukendua azalerako ona izateaz gain, giltzaduretako hanturak eta zaintiratuak edo bihurrituak tratatzeko ere ona da.

 

 

Kontuz

Sendabelar segurua da plantaina, esandako neurrian hartuta ez dago barne erabileran izandako eragin kaltegarrien erregistrorik.

Haurdunaldian ez da gomendatzen, uterotonikoa delako eta umetokiaren uzkurdurak eragin ditzakeelako. Edoskitzerakoan ere ez da gomendatzen. 

Taninoak eta alkaloideak ditu bere printzipio aktiboen artean eta giltzurrun gutxitasuna duten pertsonentzat indartsuegiak izan daitezke. Kasu hauetan, formulan ipinitako erdia erabili behar da eta hasierako egunetan behatu dosi egokia den edo ondoeza sortzen duen. 

Errezeta

Arnas bideetarako xarabea

Xarabe honen formulazioan plantaina arra (Plantago lanceolata) da osagai nagusia baina plantaina emea (Plantago major) ere jar dezakegu. Biak nahasian jartzeak ere balio digu. Udazkenean hartuta, arnas aparatua osasuntsu edukitzeko eta bertako gaitzen aurre-zaintza egiteo balio digu. Aldiz, arnas aparatuko gaitzen bat izanez gero, sintomak gutxitu eta baretzeko balioko digu.

Aurre-zaintza egiteko, udazken guztian, goizean baraurik, koilarakada handi bat hartu ohi da. Haurrek koilarakada txikia, ondoren ur pixka bat edanez. Tratamendu honekin hiru helburu lortzen dira: arnas aparatuari udazkeneko tenperatura aldaketetarako egokitzen laguntzea, arnas bideetan eduki ditzakegun mukiak eta bestelako zikinkeriak garbitzea eta negua iritsi aurretik immunitatea indartzea. 

Nahiz aurre zaintza tratamendu hau egin gaixotu egin bagara, momentuko sintomei aurre egiteko erabiliko dugu. Horrela, eztula, marranta, hotzeria, bronkitisa, gripea eta pneumoniaren sintomei aurre egiteko erabiliko dugu. Egunean hiru koilarakada hartzen dira, otorduen aurretik, zuzenean ahora, eta ondoren ura edaten da. Uraren ordez, ezkai (Thymus vulgaris) edo intsusa lore (Sambucus nigra) lehor infusioa hartzea tratamendua indartzeko modu ona da. 

Xarabe hau ezin da esnearekin, ogiarekin edo bestelako elikagai solidoren batekin hartu. Hutsik hartuko dugu beti, bestela urdailean hartzitu egingo zaigu eta bihotzerrea eragin ahal digu. 

Ez da egokia diabetesa duten pertsonentzat. Erletik eratorritako produktuei aleergia dieten pertsonek ere ez lukete hartu behar. 

OSAGAIAK litro bat egiteko 

* Kilo bat ezti

* Plantaina arra (Plantago lanceolata), eskukada bat

* Berbena (Verbena officinalis), eskukada bat

* Intsusa lore lehorra (Sambucus nigra), eskukada bat

* Ezkai lehorra (Thymus vulgaris), eskukada bat

* Limoi ekologiko bat

* 30 ml propoli

* Pinuaren (Pinus sylvestris) olio esentziala, 50 tanta

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa. 

PROZEDURA

1.  Kristalezko ontzian limoia ipiniko dugu, azal eta guzti xerratuta. Pipitak kendu beharrik ez dago. Plantainaren eta berbenaren hosto berdeak eta intsusa lore eta ezkai lehorra ipiniko ditugu; ontziaren 1/3 osatu arte, nahi izanez gero erdiraino ere bai.

2. Eztiz beteko dugu ontzia goraino.

3. 40 egunen toki epel eta ilunean edukiko dugu, sukaldeko armairuan adibidez, tartean behin mugituz.

4. Epe hau igarotakoan iragazi egingo dugu eta propolia gehituko diogu, pixkanaka, ondo nahastuz. Ondoren pinuaren olio esentzialaren tantak ipiniko dizkiogu, ondo nahasiz.

5. Kristalezko botila ilunean sartu eta etiketan osagaiak eta urtea ipiniko dizkiogu. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora