Asteroko buletina
Kukua etorri, gosea etorri; kukua joan, gosea joan.
Dani Blanco

Pixa-belarra

Lepidium latifolium

[Garbiñe Larrea]

Dioskoridesek bere De materia medica liburuan aipatzen duen sendabelarra dugu pixa-belarra. Gure artera misiolariek ekarria dela uste da, izan ere, komentuetatik zabaldu zen sendabelar hau.
Europa guztian zabaldua dago eta hainbat tokitan sukaldean ere erabiltzen da; Ukrainia eta Errumanian haragi eta arrainekin batera, esaterako. Gordinik zapore mina du, wasabiaren oso antzekoa, berau ordezkatzeko balio duelarik. Entsaladatan ere jan daiteke, hosto pare bat pertsonako.
Giltzurrunetako harriak kanporatzeko erabiltzen da baina baita ez sortzeko, aurrea hartzeko, ere. Harri hauek gehiegizko kaltzioak sortutakoak direnean (kaltzio oxalatoak) da batez ere eraginkorra. Gehiegizko kaltzio hau zainetan pilatzen denean arterioesklerosia eragin dezake; gaitz hau tratatzeko ere balio digu pixa-belarrak.
Gehiegizko kaltzioa belarriaren barne ataletan ere pilatu liteke, bertan gogortu eta atxikita geldituz. Otoesklerosia da gaitz hau eta entzumen galera (hipoakusia), zorabioa edo bertigoa eragin ditzake. Gaitz hauetarako ere erabil daiteke pixa-belarra.
Gernu bideetako infekzioak ez izateko eta ditugunean sendatzeko balio digu, txilarrarekin (Calluna vulgaris) batera hartuta bera hutsik baino hobeto. Gorputzean likidoak atxikitzen direnean, edema dagoenean, erabiltzen da. Prostatako hantura tratatzeko ere erabiltzen da.
C bitamina, azufrea, muzilagoa, esentzia, fenolak, flabonoideak eta lepidina izeneko osagaiak dauzka. Lepidina onddoen aurkako printzipio aktiboa da eta leishmania gaitza tratatzeko balio du. Pasmo-belarra (Lysimachia arvensis) bezala zitotoxikoa da, hau da, ehun berria sortzen bezala egin dezake lan zelulak akabatzen eta ehunak kaltetzen (azken hauek guretzat kaltegarriak direnean batez ere).
Kanpo erabileran azala berotzen du, zenbaitetan gorritu ere bai, bere zirkulazioa areagotzen duelako. Sendabelar honek gaitasun analgesikoa eta antiinflamatorioa dituenez; ziatika, herniak eta artrosiaren minak tratatzeko erabiltzen da. Giharretarako eta giltzaduretarako ukenduak egiterakoan erabil dezakegu.
 

  • Zirkulazio aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Belarria

Deskribapen botakinoa

Aza jendearen familiako landare iraunkorra dugu (Brassicaceae), baratze edo lorategian landatu ohi dena. 30 cm eta metro artean hazi ohi da baina toki onean bi metrotaraino luza daiteke. Hosto berde zabalak, punta luzeak eta ertza zerratuarekin izaten ditu. Lorea zuria eta ugaria izan ohi du, udaberrian loratzen dena.

Nola eta zertarako

Giltzurrunetan harea edo harriak dituenak infusioa gehiago eta epe luzeagoan hartu behar du. Harea badago bederatzi egunean hartzen da, goizean baraurik 250 ml. Egunean zehar ur asko edanez ahal dela. Harria kanporatu behar duenak oinazez badago, egunean hiru infusio har ditzake otorduen aurretik baina astebetean, ez gehiago. Tratamendu hau egiten denean ur asko edan beharra dago eta atseden hartu, nekea eragingo baitigu. Zorabioak, ondoeza edo bestelako sintoma txarrik balego dosia gutxitu behar da. Kasu hauek, ahal dela, profesional baten zaintzapean egin behar dira. 

Kanpo erabileran ziatika edo artritisak eragindako mina dagoenean erabil daiteke. Berdetan hiru eskukada hosto hartu eta motrailuan txikitu egiten dira, ondoren zapi batean bilduz. Kataplasma hau minberatutako tokian ipini, lotu,eta berarekin lo egitea da onena. 

 

Kontuz

  Bezilglukosinolato izeneko glukosinolato osagaia du pixa-belarrak, hain zuzen ere tiroidearen desoreka eragin dezakeen osagaia. Tiroide-guruinean desorekak dituzten pertsonek aza jendearen falmiliako barazkiak mugatuta izaten dituzte osagai hauek direla medio eta pixa belarra ere hauen artean sartu beharra dago. Tiroide arazoren bat duenak espezialistari galdetu behar dio pixa-belar infusioa hartu aurretik, are gehiago botika hartzen badu.

Hainbat botika motarekin ez da bateragarria. Arritimia, hipertentsioa, bihotz edo giltzurrun gutxiegitasuna tratatzeko botikak hartzen badira ezin da hartu. Antikoagulatzaileak eta diuretikoak hartzen badira ere ez. 

Lepidina osagaiak eragin antisorgailua du, esandako neurrian hartu beraz, bestela ugalkortasunari eragingo dio. 

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ez da segurua, zazpi urtetik beherako haurrentzat ere ez. Kanpo erabileran, aldiz, erabili dezake. 

Errezeta

Gernu bideen garbiketa egiteko infusioa

    Pixa-belarra ez da epe luzean jarraian hartzeko sendabelarra egokia, erabilera motza egin beharrekoa da. Sendabelarretan aditua den Joxe Intxausti urnietarrak, Joxe Allapur, behir 40 urte egindakoan pertsonak hilero pixa-belarra hartu behar lukeela esan ohi zuen. 

Hilean hiru egunez, ez gehiago, goizean baraurik hartzen da. Horrela urtebetean egitea proposatzen dugu eta ondoren ikustea maiztasun hori mantendu behar dugun edo gutxiagotan hartu behar ote dugun. Gure giltzurrunen, maskuriaren eta gernu bideen egoerak eta beharrek esango dute zenbat denboran hartu behar den infusio hau. Hainbat botikarekin eta gaitzekin ez da bateragarria, ikusi Kontuz atala. 

Infusio bakarra goizean baraurik hartuta ez dugu garbitze sintoma larririk izango eta ondoezik ere ez. Infusioari ez diogu gozagarririk ipiniko eta hartu eta bost minututara gosaldu daiteke. 

Infusio honek egunean zehar egarria eta deshidratatzioa eragin ditzake, txiza eragilea delako. Beraz, gernu-bideak ondo garbitzeko likido ugari edan behar da, onena mineralizazio ahula duen ura izanik. 

OSAGAIAK 250 ml egiteko 

* 250 ml ur

* Pixa-belar hosto lehorrak, koilarakada txiki bat

PROZEDURA

1. Urak irakiten duenean pixa-belar koilarakada bat bota, sua itzali eta tapatu.

2. Bost minutu egonean edukiko dugu.

3. Iragazi eta edan. 

 

  

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora