Asteroko buletina
Lurrak loreetan farre egiten du
Dani Blanco

Pasmo-belarra

Anagallis arvensis

[Garbiñe Larrea]

Pasmo-belarrari buruz idaztea ia atrebentzia ere bada askorentzat. Izan ere, hainbeste beldur edo “errespetu” sortzen du, sendabelar liburu askotan ez dela agertu ere egiten eta, agertzen denean, toxikoa dela eta ez erabiltzeko esanez jasotzen dute askok. Espainiako estatuan 2004ko agindu ministerial batek (ORDEN SCO/190/2004) bere salmenta debekatzen du, toxizitatea duela argudi-atuz. Gure artean sendabelar erabilia, eta are gehiago, miretsia ere bada ordea. Liburu honetan inori kalterik eragin gabe erabiltzeko gomendioak emango ditugu, segurura joz eta praxi on bat ezarri nahian.
Dioskoridesek hantura eta mina zeudenerako gomendatzen zuen; baita haginetako mina, korneako ultzera eta suge hozkada tratatzeko ere.
Osagai indartsuz betea dago: taninoak, glukosidoak, flabonoideak, saponosidoak, antrakinona, alkaloideak, rutina, kaempferola, ziklamina, fermentuak, heterosido triterpenikoak eta olio esentziala ditu. Zinka eta kaltzioa ere bai.
Onddoen, mikrobioen, moluskuen eta birusen kontra egiten du lan, hau da, organismo anitz hauek eragindako gaitzak tratatzeko balio digu. Ultzerak, leishmania eta herpes zoster gaitzak tratatzeko ona da. Zauriak ixteko, gaiztotutako zuldarrak sendatzeko, mukiak kanporatzeko, izerdia eta txiza eragiteko eta sedatzaile moduan erabiltzen da. Antioxidatzailea da baina zitotoxikoa ere bai, hau da, ehun berria sortzen bezala egin dezake lan zelulak akabatzen eta ehunak kaltetzen (azken hauek guretzat kaltegarriak direnean batez ere).
Pasmoa, infekzioa eta horrek sortutako zornea kentzeko erabiltzen da. Barne erabileran infusiotan hartuta, eta kanpo erabileran ukenduaren bidez edo infusioarekin zauriak garbituz. Enplastoa ere erabili izan da baina segurtasunari lehentasuna emanez, hemen ukenduaz eta infusioaz arituko gara. Infusioa gutxi eta gutxitan hartu beharrekoa da, tratamendu motzak egiten direlarik.
Arnas aparatuko gaitzak tratatzeko erabiltzen da; katarroa, bronkitisa, sinusitisa eta eztarriko mina ditugunerako. Infekzioa gernu bideetakoa denerako ere balio digu.
Askotan esan izan da sendabelar honen propietateak ez direla behar bezala ikertu, baina hori ez da egia. 2007an Silvia Akerretak pasmo-belar lore gorria (Lysimachia  arvensis) eta pasmo-belar lore urdina (Lysimachia foemina) aztertu zituen; bakoizarekin entsegu farmakologikoak in vitro eginez. Gaitasun antioxidatzailea, antifungikoa eta zitotoxizitatea ikertu zituen eta ondorioak aurretik jakintza herrikoiak erakutsitakoak izan ziren: lore gorria duen pasmo-belarra aktiboagoa dela eta toxizitate zelular handiagoa eragiten duela.
Oraindik orain, 2020. urtean Layyah Barrutiko Ospitaleko (Pakistan) ikerlari den Zarmeena Yasmeenek sendabelar honen fitoeratzaileak, erabilera tradizionalak eta efektu farmakologikoak ikertu ditu. Bederatzi funtzio aitortzen dizkio bere ikerketak: onddoak, birusak, moluskuak eta mikrobioak hiltzeko gai izatea, Leishmania gaitzari aurre egiteko gaitasuna, antioxidatzailea eta antiinflamatorioa izatea, zitotoxikoa eta espermizida izatea (esperma hil eta koagulatzeko gaitasuna du).
 

  • Arnas aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Sudurra

Deskribapen botakinoa

Denbora asko ez dela Anagallis arvensis izatetik Lysimachia arvensis izatera igaro da, landarearen kokapen botanikoa hobetze aldera. Pasmo-belarra izenez hainbat sendabelar erabiltzen dira gure artean, animaliena eta pertsonena bereiztuz. Lore urdinduna ere (Lysimachia foemina) pasmo-belarra dugu eta gorria bezainbeste erabili izan da, zeregin berak egiteko, nahiz ikerketek ahulagoa dela adierazten duten.
San Jose lorearen (Primula veris) familiako landare xume eta herrestaria dugu, udaberri-udan lore gorriak izaten dituena. Hostoak berdeak dira eta azpiko aldean puntu ilunak izaten ditu. Udan fruitua edo alea izaten du, barruan haziak dituena, eta toxikoa denez ukendu edo infusiotarako ez da erabili behar. Horregatik, udaberria da pasmo-belarra biltzeko garai ona.
 

Nola eta zertarako

Pasmo-belar ukenduak era askotakoak egin daitezke, guk hemen proposatu dugunaz gain beste formulazio interesgarriak ere badira. Egia da ia beti berbenarekin (Verbena officinalis) ikusiko dugula formuletan. Hirugarren osagai aldatu ohi da eta kasu honetan intsusaren (Sambucus nigra) bigarren azala gehitzea proposatzen dugu. Ukendu hau ere udaberri hasieran egin behar da, intsusa loratzen hasi aurretik. "Milagritos" ukenduaren oso antzeko propietateak izango ditu hoek, agian gihar eta giltzaduretarako izan daiteke indartsuagoa. Biak egin eta aldea zein duten probatzea gomendatzen dugu. 

Pasmo-belar infusioa arnas aparatuko gaitzak edo sukarra dakarten bestelako infekzioak ditugunean har dezakegu. Egunean infusio bakarra izango da eta hiru egunez jarraian hartuko dugu, ez gehiago. Infusio hau egiteko 250 ml ur irakin eta lehortutako pasmo-belarraren hosto, txorten eta loreak erabiliko ditugu, koilarakada txiki bat. Fruitu edo haziak erabiltzea arriskutsua da eta berdetan erabiltzea are gehiago, debeku hauek aintzat hartu. Bost minutuz tapatuta eduki ondoren iragazi eta nahi izanez gero eztia gehituko diogu. Ez zaio beste sendabelarrik nahastu behar. Oherakoan edatea da seguruena, ondoezik ez izateko. Hiru egunez jarraian hartuta ondoeza sentitzen duenak bi egunez behin har dezake., baina beti ere hiru egun osatuz. Urtaro aldaketetan tratamendu hau egiten duenik bada, gorputza aldaketetara egokitzeko.

Infusio kanpo erabilerarako ere egiten da, 400 ml uretan bi koilarakada handi pasmo-belar lehor ipiniz (irakin ondoren). Zauriak garbitzeko , ziztadak eta hozkadak zaintzeko eta jositako ebakiak ez gaiztotzeko. Infusioa epeldutakoan oihal garbia busti eta honekin garbitzen dira. Ondoren bese oihal garbi bat ondo busti eta kaltetutako eremuan ipintzen da ordubetean gutxienez eta hiru orduz gehienez. Sinusitisarentzat ere egin daiteke, kopeta eta masailetan ipinita. Infusio honek eztarriko mina dugunean gargarak egiteko balioko digu. 

 

Kontuz

Esandako neurrian bakarrik hartu behar da, hiru egunez jarraian. Astero, hamabostero edo hilero hartu gaitzaren larritasunaren eta pertsonaren sasoiaren arabera. Hau ez da norberak erabakitzeko modukoa, autotratamendua egindakoan gertatzen baitira istripuak. Sendagile edo osasun profesional bati laguntza eskatuta erabaki behar da pertsona bakoitzarentzat segurua izango den neurria. 

Fruitu edo hazi guztiak banaka-banaka kendu behar zaizkio, toxikoak baitira eta arriskutsuak edozein prestakin egiterakoan. Udaberriko aurreneko pasmo belarra hartuta kentzen lanik ez, oraindik garatu gabe izango dituelako. 

Hainbat urdaileko mina eta beherakoa eragiten die, halakoetan jarraian ezin da hartu; bi egunez behin baizik. 

Haurdunaldian eta edoskitzaroan ezin da erabili, zazpi urtetik beherako haurrek ere ez lukete erabili behar. Kasu hauetan, kanpo erabileran ere odolaren zirkulazioa aztora dezake eta profesional baten kontrolpean bakarrik erabiltzea gomendatzen da. 

Errezeta

"Milagritos" ukendua

Urumealdean jasotako formula tradizionala da honako hau. Hernanitik hasi eta Goizuetara bitartean jasotako lekukotzetatik ikasitakoa. Hiru sendabelar erabiliz egiten da, udaberri hasieran. Hain zuzen ere, neguaren ondoren indar betean hazten ari direneko momentua aukeratzen da. 

Pasmo-belarra osorik erabiltzen da; hosto, txorten eta lore. Berbenaren (Verbena officinalis) txorten eta hostoak eta plantainaren (Plantago lanceolata) hostoak gehitzen zaizkio, hirurak kopuru berean. 

Bere izenak adierazten duen bezala, ukendu hau mirariak egiteko gai dela uste izan da. Erabilera anitzekoa da eta sendabelarrari buruz aipatu ditugun propietate guztiak berekin izango ditu. 

Azaleko gaitzen zainketa egiteko erabiliko dugu, azalean igurtzita; baina zauriak, hozkadak edo ziztadak sendatu behar ditugunean ukendu hau gaza batean ipini eta ondoren, azalean itsasita gau osoan edukitzea gomendatzen dugu. Goizean xaboiarekin garbitu eta berriro ipintzen da, erabat sendatu arte. Kirurgia ondorengo zauriak sendatzeko ere egokia da. Herpes zosterra sendatzeko ere erabil dezakegu, behar adina denboran emanez. 

Eztarriko mina dugunean lepo aldea igurtzi eta ohera joatea gomendatzen dugu. Sinusitisarekin berriz masailak eta kopeta igurtzi eta atsedena hartzea. Giharretako mina dagoenean igurtziak egin eta ondoren atseden hartzea tratamendu ona da. 

OSAGAIAK 115 gr egiteko

* Pasmo-belar hosto, txorten eta lore freskoak

* Berbena (Verbena officinalis) txorten eta hosto freskoak

* Plantaina (Plantago lanceolata) hosto freskoak

* Oliba olioa, 200 ml inguru

* 15 gr erle argizari

* Kristalezko ontzia

PROZEDURA

1. Hiru sendabelarrak berdetan ipiniko ditugu lapikoan, bakoitza kopuru berean, olioak hartzen duen bolumenaren erdia.

2. Su txikian eta Maria bainuan berotuko dugu. Ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordu erdian eduki, tarteka eraginez. 

3. Sua itzali eta gau osoan dagoen bezala utzi, estalkirik gabe.

4. Hurrengo goizean iragazi eta 100 mililitrorentzat 15 gr erle argizari ipini eta Maria bainuan berotu berriro.

5. Argizaria urtutakoan kristalezko ontzietan jarriko dugu, taparik gabe, eta erabat gogortutakoan tapa ipiniko diogu, gainean osagaik eta urtea ipiniz. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora