Asteroko buletina
Buruilak uda ez hiltzen, baina neguaz oroitzen.

Oreganoa

Origanum vulgare

[Garbiñe Larrea]

Oreganoak sukalderako adina balio digu botikatarako. Odolkiek izaten duten espezia nahasketan edo pizza gainean ikusiko dugu, gure digestioaren lagungarri baita. Euskal Herriko hainbat tokitan odolki-belarra ere esaten zaio.
Digestio arazoak eta arnas bideetakoak, biak tratatzeko erabili izan da. Ukendua eginda, kanpo erabileran ere bai. Izan ere, gaitz askoren jatorrian dauden mikrobioen aurkako eragile ona da. Gram negatiboak bezala (Escherichia coli, Salmonella tiphymurium eta Vibrio cholerae), gram positiboak (Staphylococcus aureus eta Bacillus cereus) diren bakterioak erasotzen ditu. Azken hauetan txantxarraren eragile nagusia den Streptococcus mutans ere bai.
Flabonoideak, polifenolak, azido fenolikoak eta olio esentzial konplexu bat dira bere osagaiak. Olio esentzial hau aldakorra da oreganoa jaiotzen den tokiaren eta urtearen arabera, baina timola, borneola eta karbakrol asko eduki ohi du. Burdina, potasioa, magnesioa, kobrea eta kaltzioa bezalako mineralak ditu eta bitaminatan ere aberatsa da: B6, C, E eta K dituelarik. Beraz, sendatu adina elikatu egiten duela esan genezake.
Osagai hauek bakterizida eta parasitizida ona egiten dute; garbitzaile ona, antiseptikoa. Txantxarra ez sortzeko bezala, hesteetako zizareak eta buruko zorriak akabatzeko erabiltzen da. Gaiztotutako zauriak ere ongi garbitzen ditu. Printzipio aktiboen artean asko antioxidatzaileak direnez, kaltetutako ehunak berritzeko gaitasuna du oreganoak.
Digestio astuna, dispepsia, haizeak, jateko gogorik eza, urdaileko uzkurdurak eta txartutako jatekoek eragindako intoxikazioa baldin baditugu oregano infusioak asko lagunduko digu. Erramuarekin (Laurus nobilis) batera hartuta elkarren arteko eragina indartu egiten da.
Arnas bideak garbitzeko ere balio digu. Hotzeria, katarroa, eztula, bronkitisa, faringitisa, asma edo mukiek eragindako arnasketa arazoak baldin baditugu on egingo digu oreganoak. Hemen ere uzkurdurak baretzeko gai da, hala eztulak eragindako nekea tratatzeko ere balio digu.
Hantura tratatzeko erabiltzen da, bai infekzioek sortutako hantura eta bai giharretakoa. Hala, oreganoarekin egindako ukendua zauriak tratatzeko eta giharretako zein giltzaduretako gainkarga bere onera ekartzeko erabil dezakegu. Ahoan edo oietan infekzioak sorturiko hantura eta mina baldin baditugu oregano urarekin ahoa garbitzeak on egingo digu; horrelakoetan salbia (Salvia officinalis) eta ezkaiarekin (Thymus vulgaris) nahastuta presta dezakegu, prestakin indartsuagoa egiteko.
Azaleko gaitzetarako ere erabiltzen da ukendua, bai kutsakorrak direnak (ezkabia, atleta-oina, larruazaleko moluskuak) eta bai garbiketa sakona eskatzen dutenak (aknea, larruazaleko arrosazea) tratatzeko. Azaleko zirkulazioa hobetzen duenez, ospeletarako ere erabiltzen da.
Burdina, kaltzioa eta K bitamina batera dituenez, hezurretarako ona dugu. Hazten ari diren haur eta gazteentzat, hezurren bat hautsi duenarentzat edo hezurretako endekapenezko gaitzak (osteoporosia adibidez) dituenarentzat sendabelar hau jatea erremedio ona da; infusioa hartzea baino hobea, landarea jandakoan geureganatzen ditugulako ondoen mineralak.
Hilekoak eragin ditzakeen kolikoak eta uzkurdurak baretzeko ona da. Hilekoa baino astebete lehenago hartzen da, hilekoa bukatu arte, egunean hiru aldiz otorduen ondoren. Oregano ukenduarekin pubis gaina eta obarioak dauden lekua igurtzitzea ere ona dugu, oherakoan batez ere.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Lamiaceae familiakoa da landare belarkara hau. 30 eta 80 cm arteko garaiera izaten du. Hostoak borobilduak izaten dira, ugariak. Loreak udan izaten ditu, arrosa-zurixka kolorekoak eta usaintsuak. Itsas mailan eta mendi garaietan hazten da, bide bazterretan eta landu gabeko lurretan.

Nola eta zertarako

Oregano infusioa hileko mingarria dugunean, txizeko inkezioa dagoenean, eztarriko mina edo eztularekin gaudenean edo digestio zaila egiten ari garenean har dezakegu. Egunean hiru infusio har daitezke, otorduen ondoren, sintomak gutxitu edo desagertu arte.

Mukiek sortutako arnasketa zailtasunak daudenean, rinitisa edo sinusitisa kasu, oregano infusioa edateaz gain honen lurruna arnasteak on egingo digu. Litro bat uretan hiru eskukada oregano lehor ipintzen dira eta bost minutuz irakiten eduki, tapa ipinita, lurruna pilatu dadin. Ondoren, hamar edo hamabost arnasketa sakon egingo ditugu, buru eta sorbalda gainean toalla bat ipinita. Sintomak desagertu arte egin liteke lurrun arnasketa hau, egunean behin.

Ukendua egiteko oregano lehortu berriaren oleatoa egingo dugu lehenengo, eguzkitan edo Maria bainuan. Oliba olioetan egin daiteke baina beste olioren bat nahi izanez gero ez dago arazorik. Oleatoa iragazi eta 100 ml-tan 15 gr erle argizari ipintzen dira, Maria bainuan, ereabat urtu arte. Krsitalezko ontzian ipini eta hoztutakoan tapa ipiniko diogu, etiketan osagaiak adieraziz. Ukendu hau indartu nahi izanez gero oregano olio esentziala gehitu dakike, 20 tanta, ukendu beroa kristalezko ontzian ipini ondoren. Hala ere, olio esentzial hau ez da edozeinentzat; oso indartsua da eta kalteak eragin ditzake. Azal sentikorrentzat kaltegarria da. Erabili aurretik kalteez informatu.

 

 

 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da erabili baina edoskitzaroan segurua da, beti ere neurrian hartuta. 

Oregano infusioak urdaileko ondoeza eragin dezake, hala bada, gutxiago hartu edo bi egunean behin.

Oreganoak burdin eta zink gehigarrien metabolizazioan eragiten du, hauek geureganatzea zailduz. Beraz, gehigarri hauek oreganoa erabiltzen ez den otorduetan hartu eta infusioa ahalik gehiena hurrundu. Mineral hauek dituzten elikagaiekin ez da halakorik gertatzen, gehigarriekin bakarrik. 

 

Errezeta

Espezia nahasketa

Oregano lehorra elikagaiak kontserbatzeko erabili izan da, bere osagai antioxidatzaileak direla medio, baina bitamina eta mineraletan aberatsa dela ikusirik, merezi du sukalderako ere erabiltzea. Espezia nahasketa goxoa presta dezakegu, hala, egunerokoan oreganoa jaten ariko gara. Kafea ehortzeko errota batean ahalik eta ondoen ehotzen dira sendabelar eta espeziak, hauts fina lortu behar dugulako.

Espezia nahasketa hau haragi, arrain eta eltzekariekin jateko erabiliko dugu, baita zopatan edo barazki krematan ere. Saltsak egiten ditugunerako ere egokia da. Jateko astunak badira are gehiago gomendatzen dugu, digestio ona eta baketsua egiten lagunduko digulako. 

OSAGAIAK 150 gr egiteko

* Oregano lore eta hosto lehorrak, 15 koilaraka handi

* Erramu hosto lehorrak (Laurus nobilis), 8 koilarakada handi

* Kumino haziak (Cuminum cyminum), 4 koilarakada handi

* Piper beltza (Piper nigrum), 3 koilarakada handi

* Baratxuri deshidratatua (Allium sativum), 2 koilarakada handi

* Kafea ehortzeko errota

* Espezie ontzia

PROZEDURA

1. Kumino eta piper beltz haziak ehotuko ditugu lehenbizi, gogorragoak direlako eta ehotzen denbora gehiago behar dutelako. Baratxuri deshidratatua gehituko diogu ondoren.

2. Oreganoa eta erramua gehituko ditugu, ahal bada, zati txikitan eginda.

3. Bost osagaiak hauts fin egindakoan, espezia ontzian ipiniko ditugu. Ahal bada hermetikoa izan dadila. 

4. Etiketa ipiniko diogu osagaiak eta data adieraziz. Urtebetean ondo egongo zaigu, hortik aurrera oxidatzen hasiko da. 

Sukarrarentzat tintura

Gorputzeko atalen batean infekzioa edo gaiztotua dugunean, eta honek eragindako sukar arina dugunean, tintura hau baliagarri izango zaigu. Etxeko botikinean edukitzeko modukoa da. Hortzetako gaiztotuak edo haginen bat kendutakoan mina badugu ere erabil dezakegu, uretan disolbatu eta ahoa garbitzeko. Txizeko edo belarriko infekzioa, gaiztotutako zauriak, gripea edo beste gaitzen batek eragindako sukarraldia badugu, sintoma hori tratatzeko balioko digu.

Ez du zuzenean sukarrik mozten, horregatik sukar altua dugunerako ez digu balio. Infekzioaren sorburua tratatuko du eta, hartara, gorputzak sukarra jaitsi ahal izango du. Lau sendabelarren arteko sinergia hau tinturan egitea gomendatzen dugu, bereziki indartsua geratzen delako era honetan. Larrialdia dagoenean azkar eta ondo lan egingo digun produktua egin behar dugu. 

Egunean 30 tanta hartzen dira gutxienez eta 90 gehienez, otorduen aurretik, sintoma hau desagertu arte. Umeek ere har dezakete baina dosiaren erdia. Kasuaren arabera aztertu beharko da zein den dosi egokia eta honen iraupena. Odola mehetzeko botikak, antikoagulatzaileak, hartzen dituenak ezin du erabili; ezta urdaileko ultzerak edo urdail sentibera duenak ere. Izan ere, zume zuriaren azalak (Salix alba) kalte egingo die, azido azetilsalizilikoa baitu.  

OSAGAIAK 125 ml egiteko 

* Oregano lore eta hosto lehorrak

* Zume zuri azala, lehorra (Salix alba)

* Intxusa lore lehorrak (Sambucus nigra)

* Milorri lore lehorrak (Achillea millefolium)

* Alkohol zuria, vodka edo uxuala, 250 ml inguru

* Kristalezko ontzi hermetikoa

* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu lau sendabelarrak. Nahasian eta kopuru berean, ontziaren erdiraino ipini, zanpatu gabe. Zume zuriaren azala belardendan erosi, zuhaitzari kalterik egin gabe.

2. Hiru astez edukiko dugu armairuan, egunero mugituz.

3. Paperezko iragazkiarekin iragaziko dugu, sendabelarrak ondo zanpatzea garrantzitsua da; alkohol asko xurgatuko dute eta normala da hasierako alkohol kopurua erdiraino edo jaistea. 

4. Kristalezko frasko ilunean jaso eta etiketa jarri. 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora