Asteroko buletina
Ez da harri gogorrik berakatzez lehuntzen ez denik
Dani Blanco

Negakina

Fumaria officinalis

[Garbiñe Larrea]

Negakinak aspalditik du fama, nahiz askotan baratze edo lorategian enbarazu egiten duen belar txartzat hartzen den. Galeno mediku greziarrak gibeleko gaitzak tratatzeko gomendatzen zuen. Min horia edo ikterizia sendatzeko erabiltzen zen, hainbat tokitan gaitz honen izena hartzen duelarik. Egoki erabiltzen ikasiz gero, etekin handia atera ahal diogu.
Loratuta dagoenean moztuko dugu lur kontratik, dena baitu baliagarri: txorten, hosto, lore eta hazi.
Alkaloideak, flabonoideak, azido fenolikoak, printzipio mikatzak, muzilagoa, protopina, erretxina eta taninoak ditu. Potasioa ere baduenez diuretikoa da. Azido alifatiko asko (azido fumarikoa, zitrikoa, glikolikoa, laktikoa, malikoa eta sukinikoa) dituenez landare antitoxikoa da. Fumarina izeneko osagaiak funtzio anitz hauek ditu: alergietarako erabiltzen da (antihistaminikoa), asma tratatzeko (antiasmatikoa), hanturak txikitzeko (antiinflamatorioa), bihotzeko taupadak orekatzeko (antiarritmikoa) eta migrainak edo zefaleak botagurea ematen duenean urdaila baretzeko (antiserotoninikoa).
Gibela garbitzeagatik da ezaguna baina berez behazuna garbitzen du hobeto eta bi organo hauen arteko hodiak bereziki. Organo hauek zikinduta daudenean digestioa geldotu egiten da, eta honekin pertsona nekatu; hain zuzen ere neke mota honi aurre egiteko erabiltzen da negakina. Digestio ezintasun honek buruko mina sortzen badigu, orduan ere negakina erabiliko dugu. Pankreari on egiten dio, nahiz eta onura hau oraindik zein osagaik eragiten dion ez dagoen argi.
Digestio astuna egiten denean, proteina edo koipeak jandakoan batez ere, erabiltzen da negakin infusioa. Jaten hasi eta berehala betetasuna edo betekada sentitzen baldin badugu, bolada batean sendabelar honekin tratamendua egin behar genuke. Haize pilaketa mingarria dagoenerako ere ona da. Libragarria da, behazun xixku berria sorrarazi eta zaharra kanporatzen duelako. Zizareak akabatzeko gaitasuna ere badu.
Anemia kasuetan interesgarria da, globulu gorri kopurua igotzen duelako. Arteriak malgutzeko eta arterioesklerosia tratatzeko erabiltzen da. Hipertentsioa eta glaukoma daudenean on egiten du baina tratamendua profesional baten zaintzapean egitea gomendatzen da.
Azaleko gaitzetarako ere balioko digu: dermatitis seborreikoa, aknea, ekzema, alergiak, psoriasia edo herpesa tratatzeko kasu. Azido fumarikoa, bestetik, granulomatosoak diren azaleko gaitzetarako eraginkorra dela ikusi da; hau da psoriasiaren kasua. Gram-positiboak diren hainbat organismoren aurka lan antimikrobianoa egiten duela ikusi da; bacillus anthracis, staphylococcus eta hainbat legami patogenoren aurka hain zuzen ere.
Begietako zati zurian, esklerotikan, orbain edo zikingune horixkak ikusten baditugu gantzak pilatzen hasi zaizkigun seinale da. Horrelakoetan kolirio egokia da, are gehiago, egoera honek konjuntibitisa sortzen badu. Hau gertatzen denean, ahal dela, negakina bakarrik erabili behar da: edanda eta begietan kolirio moduan jarrita.
 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Papaveraceae familiako landare hau belar txartzat hartu ohi du baratzean aritzen denak; lur landuetan hazi ohi delako. Hala ere, lur lehorretako lautadetan ere ikusten da. Zurtoin tentea izaten du, adarkatua, eta 50 cm artean hazten da; ia beti lurgainean horizontalki zabalduz. Hostoa berdea da, perrexilaren antza duena.
Udaberri hasieran izaten ditu loreak, 9 mm ingurukoak, arrosa kolorekoak. Eguzkiak jo ahala, landare osoa gorritzen joaten da eta uda aldera zurtoin eta hostoak erabat gorrituta ikus ditzakegu.

Nola eta zertarako

Negakin lehorrarekin egindako tintura alergiak tratatzeko erabiltzen da, hain zuzen ere, infusioak baino gaitasun antihistaminiko handiagoa duela ikusi delako. Tintura honek behazun berria azakarrago sorrarazten duela ere ikusi da. Beraz, egoera hauek tratatu nahi izanez gero, infusioaren aurrean aukera hau hobetsiko dugu. Egunean, 30 tanta, hiru aldiz, otroduen aurretik hartzen dira ur pixka batekin. Sintomak gutxitzen joan ahala dosia erdira jaisten da eta beste bi astean hartu.

Negakinarekin egindako oleatoa eta ukendua egokiak dira azaleko gaitzak tratatzeko. Bera hutsik dela edo plantaina (Plantago lanceolata) eta ilenarekin (Calendula officinalis) batera egin daiteke ukendua eta goian aipatu ditugun patologia horietan guztietan erabili (ikus oleatoa eta ukendua nola egin atalak). 

Negakin lehorrarekin egindako infusioa iragazi, epeltzen utzi eta begietarako kolirio moduan erabil genezake. Bi gaza busti eta bost minutu edukiko ditugu betazalen gainean. Begietan zikingune horixkak agertzen hasitakoan egiten da tratamendu hau eta hilabete behar izaten da gutxienez (hiru gehienez). Infusio hau paperezko iragazkiarekin iragazi behar da, bestela arriskutsua izan liteke begiarentzat. Kristalezko fraskoan ongi egongo da hiru edo lau egunez, hozkailuan. 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da erabili eta edoskitzaroan ere ez. Ume eta nerabeentzat ez da egokia, behazunari lan handiegia eginarazteko gai delako.

Behazunean harriak, lokaztutako xixkua edo hodiak buxatuta baldin badaude ezin da erabili. Polipoak baldin badaude ere ez. Gibeleko gaitz larriak baldin badaude ere ez hartu.

Gibelari lan eginarazten dion botika ia gehienekin ez da bateragarria. Horrelako botikaren bat hartuz gero, profesioanl bati galdetu negakina bateragarria den edo ez. 

Odolean globulu gorri gehiegi duenak gutxi eta epe motzean hartu behar du. 

Errezeta

Gibela eta behazuna garbitzeko udaberriko infusioa

Negakina udaberriko gibel eta behazun garbikea egiteko erabil daiteke. Neurrian hartu behar da, hori bai, bestela ahulgarri izango baitzaigu. Egunean infusio bakarra hartzea gomendatzen dugu, epe luzeko garbiketa proposatuko dugulako hemen.  Gehiago edo gehiagotan hartuta, ezingo genuke eguneroko gure bizimodua egin.

Bera hutsik hartuta baina beste sendabelar batzuekin nahastuta lan eraginkorragoa eta orekatuagoa egingo digu. Ondoezik, ez digu sortu behar, hala, infusio hartzen hasi eta bigarren asterako nekea, ondoeza edo ahulezia sentituz gero utzi tratamendu hau egiteari. 

Guztira 90 infusio izango dira, goizero bat baraurik.  Martxo amaieran hasi eta ekain amaiera arte. Infusio hau inolako gozagarririk gabe, bere mikaztasuna sentituz, edatea oso garrantzitsua da. Edan eta bost minututara ohi bezala gosalduko dugu. 

OSAGAIAK 250 ml egiteko

* 250 ml ur

* Honako bost sendabelar lehorren nahasketatik koilarakada txiki bat: negakina, mendafina (Mentha piperita), txikori belarra (Taraxacum officinale), boldoa (Peumus boldus) eta azitraia (Satureja montana

PROZEDURA

1. Lehenik, bost sendabelarrak kopuru berean ipini eta metalezko lata batean ipiniko ditugu.

2. Urak irakiten duenean nahasketa honetatik koilarakada bat bota, sua itzali eta tapatu egingo dugu.

3. Bost minutu egonean edukiko dugu.

4. Iragazi eta berea hutsik edango dugu, gosaldu aurretik. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora