Asteroko buletina
Berezko joera, arraina urera eta satorra lurpera.

Milorria

Achillea milefolium

[Garbiñe Larrea]

Greziako mitologiari begira jartzen gaitu sendabelar honek, izan ere, “Achilea” Akiles gerlariaren izenetik dator. Kiron izeneko zentauroak eman omen zion gerrako zauriak sendatzeko eta horrekin ezagutzen dugu bere lehen erabilera: zauriak garbitu eta sendatzea. XVI. mendean Andres de Laguna mediku humanistak esana da, milorriak gerretan asko balio duela zauriak sendatzeko.
Printzipio aktibotan oso aberatsak dira heldutako loreak. Apigenina eta luteolina izeneko flabonoideak ditu, uzkurdura mota guztien kontra egiteko gaitasuna duten osagai antiespasmodikoak. Laktona seskiterpenikoak ditu, odol-jarioak geldiarazteko eta zauriak ixteko gaitasuna duten osagaiak. Bere olio esentzialak hanturen kontrakoak dira eta zikatrizatzaileak (zineola, pinenoa, borneola eta alkanforra). Hain zuzen ere, bere olio esentzialetako bat kamazulenoa da, kamamilak duen olio esentzialik onenetakoa; gaitasun antiinflamatorio eta zikatrizatzaile handikoa dena.
Klorofila, taninoak, alkaloideak, kumarina eta betainaren taldeko osagai nitrogenatuak dauzka. A, C eta E bitaminak; kaltzioa, kromoa, kobaltoa eta aluminioa bezalako mineralak eta lau azido mota dauzka: askorbikoa, kafeikoa, oleikoa eta salizilikoa.
Osagai hauen lan eremua zabala eta konplexua da. Zauriak gaiztotu gabe, egoki orbaintzea da erabilera ezagunena. Zirkulazio arazo ezberdinak tratatzeko balio du: odol-jarioak, flebitisa, barizeak eta odoluzkiak. Odolaren zirkulazio hobea ahalbidetzen du eta bihotzeko muskuluaren lana ere hobetzen du. Hala, hipertentsioari aurre egiteko erabiltzen da eta odolaren arintasuna mantentzeko, koaguloak saihestuz.
Gorputzeko uzkurdurak geldiarazteko gai da, digestio aparatukoak batez ere. Hala urdailari on egiten dio, zuku gastriko berria sortzen lagunduz. Beherakoak tratatzeko erabiltzen da. Behazuneko harriak kanporatzeko eta zizareak garbitzeko ere erabiltzen da.
Hilekoa atzeratzen denean hartzen da, ekarrarazteko eta zikloak orekatzeko. Umetoki eta obarioek eragin ditzaketen uzkurdurak baretzen ditu, sedatzailea baita. Endometriosia edo hilekoak sortutako minak eta kolikoak baretzeko gai da. Menopausiak eragindako ondoeza eta aldarte txarra baretzeko ere gomendatzen da. Emakumearentzat sendabelarrik orekatzaileenetakoa dela entzun (eta ikusi) ahal izan dugu askotan.
Izerdia eragiten duenez, sukar arina jaisteko balio du. Honek erreuma duenari ere on egiten dio, neguan hartuta batez ere. Katarroa edo hotzeria dugunean ere on egingo digu, bere eragin bakterizida dela medio sintomak azkarrago joango zaizkigularik.
 

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Asteraceae familiako landare belarkara hau bide ertzetan hazten da, ia beti leku hezeetan. Itsas mailan eta 1500 m arteko altueran aurkituko dugu. Lehortea bezain ondo jasaten du hotza, gehienetan leku eguzkitsuak maite dituelarik. 60 cm eta 100 cm artean hazten da eta hosto fin luzexkak zaten ditu.
Loreak txikiak eta usaintsuak dira, multzokatuta zabaltzen direnak. Bide bazterretan eta belazeetan ikusiko dugu udaberrian.

Nola eta zertarako

Milorria, zaingorria (Geranium robertianum) eta kamamila (Chamaemelum nobile) nahastu eta hanketako astuntasuna, zirkulazio arazoak, flebitisa eta barizak tratatzeko erabiltzen dira. Bost litro ur irakin eta bakoitzetik bi eskukada jartzen dira, tapatu eta epeldu arte utziz. Iragazi ondoren hanketako bainua egiten da, ordu erdi eta ordubete artean. Bainu hau bera garbiontzi edo palankana batean ipini eta bertan eserita ere egiten da, denbora berean, odoluzkiak eta hilekoak eragindako arazoak tratatzeko. Astean bi edo hiru aldiz egin liteke, hilabetean gutxienez. 

Hilekoa etorri baino astebete lehenago hasi eta hau bukatu arte, egunean hiru infusio edan genitzake, otorduen ondoren. Nahi izanez gero, kamamilarekin (Chamaemelum nobile) batera har daiteke, kopuru berean. Bi sendabelar hauek batera digetio arazoak dituenak ere har ditzake, otroduen ondoren. 

Umetokian fibromak daudenean, milorria, salbia (Salvia officinalis) eta ilenarekin (Calendunla officinalis) batera hartzen da. Hilekoak irauten duen egunetan bakarrik hartzen da, egunean hiru infusio, otorduen ondoren.

Milorri oleatoa  oliba oliotan egin dezakegu; bera hutsik erabiltzeko edo gero ukendua egiteko. Zaurien gainean zuzenean jartzeko balioko digu, gaza bat busti eta gau guztian edukin. Santio-belarrarekin (Hypericum perforatum) batera erabili izan da, biek batera lan oso ona egiten dutelako. Kirurgia ondorengo zauriak orbaintzeko da bereziki ona nahasketa hau, episiotomia bezalako zauri delikatuetan ere bai. 

Jengibrearekin batera (Zingiber officinale) otorduen ondoren har daiteke. Urdaileko min txarrenak eta digestio zailtasun errepikakorrak tratatzeko balio du. 250 ml uretan koilarakada txiki bat jengibre ipini, birrindua, eta bost minutuan irakin. Sua  itzali ondoren milorria ipini, beste koilarakada txiki bat, eta bost minutuan eduki tapatuta. Iragazi eta otorduen ondoren edan, egunean hiru aldiz, behar den guztietan. Infusio honek katarroa edo hotzeria dugunean ere balio digu. 

 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin  da hartu eta edoskitzaroan ere ez, mintzak gehiegi uzkurtu ditzakeelako. Sei urtetik beherako haurrek ere ez lukete hartu behar, hipersentsibilitatea garatu daitekeelako.

Koagulazioaren kontrako botikak, antisorgailuak, sedatzaileak eta litioa hartzen badira, ezin da milorririk hartu.

Gehiegi hartuz gero buruko mina eragin dezake eta bertigoak ere bai. 

 

Errezeta

Milorri tintura

Milorri loreekin tintura erabilgarria egin dezakegu, etxeko botikinean edukitzeko botika gomendagarria. Milorriaren lan esparruak asko dira, ikusi dugunez, eta maiz epe ertain eta luzean hartu behar izaten da; hobetzen dituen hainbat arazo ia kronikoak izaten direlako. Horrelakoetan, maiz infusioa prestatzen aspertu egin gaitezke eta, aldiz, tintura erosoa da. 

Zirkulazio arazoak hobetzeko, hilekoaren inguruko gaitzak tratatzeko eta digestio zailtasunei aurre egiteko balio digu tintura honek, baina, baita puntualki sukarra dugunean hartzeko ere. Zaurien gainean zuzenean jar liteke, gaza bat busti eta egunean hiru aldiz aldatuz. Ahoko zauriak sendatzeko ere onda da, urari gehituta ahoa garbitzeko erabiliz. Mendira goazenean edo bidaiatu behar dugunean gurekin eramateko moduakoa da, zauria momentuan sendatzeaz gain bestelako balizko arazo asko konpontzen lagundu ahal digulako 

Koilarakada txiki bat uretan disolbatu eta infusio baten pare egingo digu lan, umeen kasuan 20 tanta izango dira. Gaitza zaharra edo kronikoa bada, goizero baraurik hartzea gomendatzen dugu, sei hilabetez. Aldiz, gaitza gertatu berria eta larria baldin bada, egunean hiru aldiz, otorduen aurretik; bi astez gutxienez eta hilabetez gehienez. 

OSAGAIAK litro erdi egiteko

* 700 ml alkohol zuri, vodka edo uxuala

* Milorri loreak, lehortu berriak, alkoholaren erdiraino

* Kristalezko ontzi aho-zabala, hermetikoa

* Kristalezko frasko iluna, tantaz tanta isurtzeko xortakaria duena

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu milorri lore lehorrak eta alkohola. Sendabelarra ontziaren erdiraino baina zanpatu gabe.

2. Hiru astez edukiko dugu armairu barruan, egunero mugituz.

3. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu, landare beratua zanpatuz. Alkohol dezente xurgatuko digu eta ez dugu hasierako kopurua edukiko.

4. Etiketa ipini eta kristalezko frasko ilunean jaso. 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora