Asteroko buletina
Toki hotzetako aza gozoena. Hortik Aramaioko Oletako azen sona.

Mihilua

Foeniculum vulgare

[Garbiñe Larrea]

Mihiluarena familia zabala da. Liburu honetan bertan itsas-mihilua (Crithmum maritimum) jaso dugu bakoitzak bereizgarri interesgarriak dituelako. Bere erraboila sukaldean erabiltzen da eta hostoak ere bai hainbat errezetatan. Carlomagnok tratatu batean mihilua landatzearen garrantzia azpimarratu zuen. Hemen haziak erabiliko ditugu bere osagai terapeutikoengatik baina sukalde-rako bezala balioko digute kosmetika egiteko.


Anis hazien (Pimpinella anisum) antzeko usaina dute, baita makilgoxoaren (Glycyrrhiza glabra) zaporea ere.
Hala, egiten ditugun sendabelar nahasketatan, mihilua gozagarrien ordez erabil dezakegu. Udan bildu behar dira, garatuta daudenean, eta sortan jaiotzen den lore burua moztu ondoren buruz behera ipiniko ditugu lehortzen.
Flabonoideak, kumarinak, azido organikoak eta olio esentzial konplexua ditu (anetola, azetola, kamfenoa, safrola, mirzenoa, estragola eta dipentenoa ditu). B1, B2, B3, B6, B9 eta C bitaminak ditu. Mineraletan ere aberatsa da: kaltzioa, burdina, magnesioa, potasioa, zinka, silizea, manganesoa, yodoa eta barioa ditu.  
Haizeak kanporatzeko erabiltzen da eta digestio aparatuko uzkurdurak tratatzeko ere bai. Haizeek peptidoak aztoratzen dituztenerako (dispepsia) da bereziki ona. Urdailaren mugimendu berezkoa biziarazten du, botagura dagoenean lagunduko digularik. Hesteetako fermentazioa garbitzeko erabiltzen da eta zizareak akabatzeko ere bai. Diafragma eta berari lotutako tendoiak erlaxatzeko erabiltzen da, horregatik da ona mihilua zotin errepikakor eta gogaikarria daukagunean. Dastamen gaitasuna (ageusia) galtzen denerako ere balio du. Diuretiko arina da.
Gorputzean lan hormonal ezberdinak egiteko gai da. Amari esnea sortzen laguntzen dio. Estrogenoak igotzen laguntzen duenez, menopausian hartzea ideia ona da. Hilekoa sorrarazten du, atzeratzen denerako balio digularik. Gizonezkoen sistema endokrinoa orekatzen du, genitalak batez ere.
Artzain jendeari jasotako lekukotza batekin amaitu nahi genuke. Sastraka edo garo-lekuetan ibili beharra dagoenean galtzerdietan mihilu zatiak sartu, hartara akain edo kaparrek ez digute erasorik egingo. Gaur egun, bizkarroi hauek ekar diezaguketen Lyme gaitzaren larritasunari erreparatuz gero, gomendatu edo berreskuratu beharreko ohitura iruditu zaigu honako hau.
 

  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Mingaina

Deskribapen botakinoa

Apiaceae familiako landare belarkara honek anisaren antzeko usain gozoa du. 2 m garai izatera irits daiteke eta itsas mailan zein mendiko bide bazterretan ikus dezakegu. Hosto luze eta finak izaten ditu, oso ugariak eta berde ilunak. Loreak zurtoin motzeko sortatan jaiotzen dira, hori kolorekoak, eta uda hasiera edo erdi aldean hazia ematen dute.
Bero egiten duen garaian bildu ohi da, lurrin gehien duen unea.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora