Asteroko buletina
Otsailean irteten du hartzak leizetik.
Dani Blanco

Mendaroa

Origanum majorana

[Garbiñe Larrea]

Ekialdetik datorkigun landare hau baratze, lorategi edo loreontzian edukitzeko modukoa da, erabi-lera onak dituelako. Afrodita jainkosari eskainia izan omen zen. Loreak zabalduta dituenean moztuko dugu, lurretik lauzpabost zentimetrotik gora. Berehala haziko zaigu berriro, urtean hiru aldiz ere mozteko modua izango dugularik.
Taninoak, pentonasa, minerala eta printzipio mikatzak ditu. Hidrokinona, azido kafeikoa, azido rosmarinikoa, azido klorogenikoa eta flabonoideak ere bai (apigenola, luteolola, diosmetola). Bere esentzia aromatikoa da hala ere interesgarriena, terpeno oso indartsuz osatua baitago (terpinenoa, kabrakola, timola, origanola, sabinenoa eta seskiterpenoak).
Osagai hauei esker sendabelar diuretikoa, antiseptikoa eta antibirala da. Bakterioen kontra ere egiten du eta haizeak kanporatzen lagundu ere bai, digestibo ona delarik. Uzkurdurak baretzeko gaitasuna du eta sedatzailea da.
Hilekoa atzeratzen denerako ona da, sorrarazi egiten duelako. Fluxua garbitzeko erabiltzen da. Pelbiseko gaixotasun inflamatorioa (anexitis) tratatzeko erabiltzen da, bera hutsik edo beste sendabelarrekin nahastuta (kasuaren arabera). Gaitz hauek sortzen duten ondoeza eta tentsioa ere tratatzen ditu. Testosteronaren sintesia gutxitzen du, odoleko testosterona mailak jaitsiz.
Maskuriko katarroa tratatzeko erabili izan da, infekzioa garbitzeaz gain analgesikoa baita. Antsietatea eta urduritasuna dagoenerako ere ona da, zer esanik ez hauek eragindako insomnioa baldin badago. Estresak eragindako buruko minarentzat ere balio digu. Digestio aparaturako bezala balio digu arnas aparaturako; urdaileko mina eta uzkurdurak ditugunean bezala katarroa edo bronkitisa ditugunean hartuko dugu bere infusioa.
Kanpo erabileran zauriak sendatu eta ixten ditu. Min neuralgikoak baretzeko gai ere bada, erreuma esaterako. Giharretako nerbio-tikak daudenerako balio du. Umeek azalean izaten dituzten arazoak tratatzeko egokia da, dermatitisa kasu.

  • Arnas aparatua
  • Digestio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Sudurra

Deskribapen botakinoa

Lamiaceae familiako landare usaintsua dugu, oreganoaren ahaidea. Loreontzitan, baratzeetan edo lorategietan hazten da, hori bai, lur lehor eta eguzkitsuak behar izaten ditu. 60 cm arte hazten da eta zurtoin gogorra izaten du. Hostoak borobilak ditu eta udan jaiotzen zaizkion loreak zuriak.
Zitrikoen antzeko usaina du baina pinuen familiako erretxinaren antza ere hartzen zaio, lurringintzan oso erabilia delarik. Neguan desagertu egiten da baina udaberrian berritzen da.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora