Asteroko buletina
Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino.
Dani Blanco

Lupulua

Humulus lupulus

[Garbiñe Larrea]

Lupuluaren lorea erabiltzen da garagardoa egiteko, baina hainbat elikagairi zapore gehigarria emateko elikagaien industriak ere erabiltzen du. Zapore mikatza du, erretxin mikatz bat baitu.
Lupulenoa eta humulona izeneko osagai antibakterianoak ditu, karburo terpenikoz osaturiko olio esentziala eta borneol esterra; azken honek uzkurduren kontrako eragina du eta sedatzailea da. Sedatzaile izateaz gain hipnotikoa ere bada, hala, takikardia, buruko mina eta insomnioa bezalako gorabehera neurobegetatikoak tratatzeko erabiltzen da. Zink minerala du gehien, lipidoak eta argizariak, taninoak, flabonoideak, amina eta kolina ere bai; neuralgiak eta apetitu falta bezalako arazoak tratatzeko balio dutenak.
Estrogeno begetalak ditu; estrona, estradiola eta antiandrogenoak. Osagai hauek menopausia garairako egokia dela adierazten dute, baita estrogeno gabezia dela medio hilekorik ez datorrenean berau eragiteko ere. Gizonei, aldiz, gogo sexuala gutxitzen die, anafrodisiakoa izanik.
Antsietatea, urduritasuna, lotarako arazoak eta menopausiak izan ohi dituen sintomak tratatzeko erabiltzen da gaur egun.
Bere osagaien artean badira gorputzeko hantura gutxitu eta loa eragiteko gai direnak. Hala, erreuma minak, ziatika bezalako min neuralgikoak eta lunbagoak tratatzeko erabili izan da.
Kosmetikaren industriak lupuluaren hainbat osagai erabiltzen ditu ekzema, dermatitisa eta azkura tratatzeko; zink mineralak eta dituen hainbat azidok gaitz horiek tratatzeko baliagarri egiten dutelako.
 

  • Lokomozio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Cannabaceae familiakoa, hau da, kalamuaren familiako aihen-belarra. Igokaria da eta bere zurtoina 7 metroraino iristen denez, kainaberatan lotuta lantzen da. Bere lorea XV. mendetik erabiltzen da garagardoari usaina eta dasta bereziak emateko. Gure artean soroetan landu izan da eta, azken urteotan bere langintza suspertzen ari da.

Nola eta zertarako

Azalean azkura, dermatitisa edo ekzema daudenean lupulu loreen infusioa erabil liteke, azal gainean zapi bustia edo kataplasma ipinita. Litro bat ur ipini sutan eta irakindakoan bi eskukdada lupulu lore, lehorrak, ipintzen dira. Hamabost minutuan beratzen eduki. Iragazi eta likidoa epeldutakoan zapia ondo busti eta minberatutako azalaren gainean ipintzen da, ordubetean edukiz.

Estresak eragindako urduritasuna eta giharretao minak daudenean lupulu loreen bainua gomendatzen da. Bost litro ur irakin eta hamar eskukada lore ipintzen dira, tapatuta, habamost minutuan beratzen edukiz. Iragazi eta likido hau bainuontzira botatzen da. Kilo bat gatz gehitzen zaio bainuari eta hogei minutuan egoten da betan. Astean behin egin liteke estres bolada bizi dugunean.

Menopausia garaian gauero, oherakoan, lupulu lore infusioa har liteke: lo sakona egiten laguntzen du eta bat-bateko beroaldiak gutxiarazi ere bai. Bi hilabetean hartu eta hilabeteko atsedena egiten da; tratamendua zenbat denboran luzatu sintomek erakutsiko dute. 

 

Kontuz

Haurdunaldian ezin da erabili, eragin estrogenikoa duenez abortoa eragin dezake. Edoskitzaroan ere ezin da erabili eragin estrogenikoak umeari kalte egin diezaiokeelako. 

Gehiegizko estrogenoarekin lotura duen minbizia izan bada, edo garatzeko arriskua badago, ezin da erabili (bularretakoa edo obarioetakoa). Endometriosisa, bular fibrokistikoak eta hileko aurreko sindromea baldin badude ere ez, hauen sintomak areagotu egingo dituelako.

Gehiegi hartuz gero (egunean hiru infusio) goragalea eta bertigoa sorrarazi ditzake. 

Logure jasanezina eta zorabioa sortzen baditu ez da hartu behar, dosia edozein delarik ere. 

Depresioa dagoenean ez da hartu behar, sintomak txartu ditzakeelako. 

Lupulua hartzen denean, ezin da Santio-belarrik (Hypericum perforatum) eta melatonina gehigarririk hartu.

Gibelak prozesatu behar dituen botika asko eta askorengan eragina du, hauen lana murriztutz edo handituz. Beraz, edozein botika hartze delarik ere, lupulua hartu aurretik medikuari galdetu. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Errezeta

Lotarako infusioa

Herrialde germanikoetan lupulu lorez egindako burkoak egin ohi dira umeei lo gozoa egiten laguntzeko. Ohitura honek badu zentzua, izan ere, lore hauek indar sedatzaile eta hipnotikoa duten olio esentzial lurrunkorra dute. 

Lotarako arazoak urduritasunak, antsietateak edo lan ordutegiek eragindako arazoengatik baldin baditugu, are eraginkorragoa izango da infusio hau. Buruko minak lo hartzea galarazten digunerako ere egokia da infusio hau. Bera hutsik har daiteke, baina garraixkarekin (Melissa officinalis) batera hartuta erlaxazio sakonagoa eragingo digu.

Afaldu ondoren hartzen da beti eta logurea sentitu bezain prontso ohera joan behar da. Goizaldera esnatuz gero, beste infusio bat har liteke. Goizean ez hartu; egunean zehar mantendu beharreko arreta edukitzea zailduko ligukeelako. Infusio hau hartu ondoren ezin da gidatu. 

OSAGAIAK 250 ml egiteko

* 250 ml ur

* Lupulu lore lehorrak, koilarakada handi bat

PROZEDURA

1. Urak irakiten duenean lupulu lore lehorrak ipini eta bost minutuan edukiko dugu tapatuta.

2. Iragazi eta nahi izanez gero eztiarekin gozatuta har liteke. 

 

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

gora