Asteroko buletina
Imajinatzen duzunetik areago zerbait lortzearen poza sekula bizitu ez baduzu, baratze bat jarri
Dani Blanco

Luisa-belarra

Aloysia citrodora

[Garbiñe Larrea]

Berbenaren familia botanikokoa den sendabelar honek limoi usain atsegina du. Familia botaniko berekoa izateak ez du esan nahi propietate antzekoak dituztenik, hain zuzen ere, kasu honetan ber-bena (Verbena officinalis) eta Luisa-belarra oso ezberdinak dira propietate eta ezaugarri aldetik.
Usain atsegina dela-eta gozogintzan, perfumeak egiteko eta edari alkoholiko askori lurrina emateko erabiltzen da. Usain hori bere esentziak ematen dio, %30ean esentzia duelako landareak. Citral izeneko osagaia da esentzia honetan nagusi, baina ez da bakarra, limonenoa, linalola, cineola, terpineola eta cariofilenoa ere baditu. Esentzia hau guztira ehun eta hogei osagai ezberdinez osatua dago.
Esentzia konplexu honek digestio aparatuari laguntzen dio batez ere: haizeak kanporatzen, zaztada edo espasmoak kentzen, behazun xixkua sortzen, gosea sorrarazten, botagurea eta bihotzerrea baretzen eta digestio astunek sortutako ondoeza kentzen. Digestio zailtasun hauek buruko mina eragiten dutenean ere balioko digu.
Urduritasuna baretzeko ere egokia da. Bera hutsik arratsalde edo iluntzean hartuta on egingo digu baina antzeko propietateak dituzten beste sendabelar batzuekin batera hartuta eraginkorragoa izango da.
 

  • Digestio aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala

Deskribapen botakinoa

Verbenaceae familiako espezie honek limoi usain sarkorra du, hortik datorkio izena. Zurtoin gogorrekoa, 2 m eta 5 m artean hazten da hosto fin eta luzeak dituen landare hau. Udan lore txiki zurixkak izaten ditu. Hostoak eta loreak usain oso desberdina dute.
Jatorriz Hego Amerikakoa da, han berez jaiotzen da baina hemen lorategi eta baratzeetan landatzen dugu.

Nola eta zertarako

Urduritasuna edo antsietatea direla-medio, jatek gogorik eza edo jandakoak kalte egin izana gertatzen zaizkigunean egokia da Luisa-belarra beste sendabelar batzuekin batera hartzea. Ezkia (Tilia platyphyllos) eta elorri zuriarekin (Crataegus oxyacantha) batera nahastu eta egunean hiru infusio har ditzakegu, otorduen ondoren. 250 ml uretan nahasketa honetatik bi koilarakada jartzen dira. Epe luzean ezin dira hiru infusio hartu, kasu honetan nahasketa aldatu eta pertsonari egokitu behar litzaioke. 

Luisa-belarra beste bi sendabelarrekin baera nahastuta behazun xixkua garbitu eta berria sortzeko infusioa egin daiteke. Bide batez kolesterola jaisten du, baina zeregin horiek ondo egiteko hirurak batera erabili behar ditugu. Baratzean orburuak (Cynarae cardunculus var. scolymus) landu baditugu; landarearen hostoak lehortu, txikitu eta jasotzea gomendatzen dut. Bestela belar dendan eros daiteke

Kontuz

Haurdunaldian ez da erabili behar, haurraren nerbio sistemari eragin ahal diolako. Edoskitzaroan segurua da eta, are gehiago, onuragarria ere bai. 

Sendabelar honek urak izan dezakeen beruna xurgatzen du. Beraz, ekologikoa erostea garrantzitsua da. Geuk landatutako landarea erabili behar badugu, ahal dela euri urez ureztatzea da onena. Hoditeria zaharrek berun maila ertain edo altuak eduki ahal dituzte eta hauetatik igarotako ura ez genuke erabili behar sendabelar hau ureztatzeko.

 

Errezeta

Digestio-likorea

Otordu koipetsuak egindakoan edo elikagai ezberdin asko nahastutakoan sentitu litezkeen betekada eta ondoeza tratatzeko ohikoak dira sendabelar likoreak gure artean. Betekada honekin batera urdaileko mina, haizeak, nekea eta ondoren libratzeko arazoak izan ditzakegunez, ideia ona da otordua bukatu bezain laster hartzea. Horrelako otorduek eragindako hatsa edo halitosia kentzeko ere ona da. 

Hiru sendabelar bakarrik erabilita likore goxoa eta aringarria egingo dugu, edateko atsegina. Luisa-belarra freskotan jartzeak kolore berdea emango di eta usain zein zapore freskoa izatea ziurtatuko dugu. Garraixka (Melissa officinalis) eta mihilua (Foeniculum vulgare) lehortu berriak jarriko ditugu; anisetan beratzean printzipio aktibo ahalik gehien bertara igarotzeko, baina usain aldetik Luisa-belarrari itzalik egin gabe.

Urdailari eta gibelari laguntzeko egokia da, lan gainkarga dutenerako aproposa. Izotzarekin batera edo bera hutsik har liteke, otordu ondoren. Kamamila (Chamaemelum nobile) edo mendafin (Mentha piperita) infusioa gozatzeko ere erabil liteke, koilaraka txiki bat ipintzen zaio. Baraurik ez da hartzen, otrodu ondoren hartu ohi da, jatekoari bere bidea egiten laguntzeko. 

Hiru sendabelar hauen infusioa hartzea ere ideia ona da, noski. Alkoholarekin arazoren bat izan dezaketenek hiru sendabelarrak nahastu eta 250 ml ur irakin ondoren, nahasketa honetatik bi koilarakada txiki jar ditzatela, bost minutuan tapatuta edukiz. Otordu ondoren hartuta digestioa arin egitekolagungarri izango da.

OSAGAIAK 500 ml egiteko

* 5 koilaraka handi Luisa-belar fresko, hostoak

* 5 koilarakada handi garraixka (Melissa officinalis) lehor; txorten, hosto eta lore

* 5 koilaraka handi mihilu (Foeniculum vulgare) lehor, lore eta hazi

* Anisa, 600 ml

* Kristalezko ontzi hermetikoa

* Kristalezko botila iluna

PROZEDURA

1. Kristalezko ontzi hermetikoan ipiniko ditugu sendabelarrak lehenengo eta anisa ondoren.

2. Hiru astez edukiko dugu armariuan, egunero mugituz.

3. Paperezko iragazkia erabiliz ongi iragaziko dugu eta kristalezko botila ilunean jasoko. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora