[Garbiñe Larrea]
Mendian ibili izan denari noiz edo noiz itsatsi izan zaio lapa-belarraren fruitua. Gogaikarria gerat-zen da baina George de Mestral ingeniari suitzarrari gaur egun hain baliagarri suertatzen zaigun belkroa sortzeko burutazioa eman zion sendabelar honen portaerak.
Analogia eginez, fruituak arropari bezalaxe itsasten zaio lapa-belarra gure gorputzean dagoen toxizitateari, berau herrestan kanpora eramanez eta kanporatzea erraztuz. Beraz, atzerriko sendabelar exotiko depuratzaileekin liluratu baino, hobe genuke “belar txar” honen sustraia aintzakotzat hartzea.
Sustraia mineraletan aberatsa da. Potasioa du batez ere baina inulina eta polienoak ere bai. Azidoak (kafeikoa eta klorogenikoa), esterolak, flabonoideak eta taninoak dira bere beste printzipio aktibo batzuk. Potasioaz gain burdina, fosforoa eta bitaminak ere baditu, ez gutxi gainera: A, B1, B2, B3, C eta K.
Hosto gazteek arctiopicrina izeneko osagaia dute, bakterioen eta onddoen aurkako gaitasuna duen printzipio aktiboa. Bakterio gram positiboen (estafilokokoak, estreptokokoak, neumokokoak eta abar) aurka gaitasun antibiotikoa duen laktona seskiterpeniko bat ere badu. Ikerketa zientifikoek lehendik ezaguna zen jakintza enpirikoa berresten dute: lapa-belarrak gure mikroorganismoetan eragiten duten bakterioen aurka lan antiseptiko eraginkorra egiten du. Aipatzekoa da, antzina ezkabia zutenen sendabelarra zela.
Lapa-belar fruitutik arctigenina izeneko osagaia isolatu eta ikertzen ari dira azken urteetan; minbiziaren kontrako tratamenduetan agente kimioterapeutikoen efektuak hobetzen dituela ikusi delako. Arctigenina neurotoxizitatearen kontrako antioxidatzaile indartsua da, gaitasun antiinflamatorioa duena.
Hosto eta fruituek antzeko osagaiak dituzte, baina kopuru ezberdinetan. Fruituek %16an azido koipetsuak dituzte; linoleikoa, oleikoa eta palmitikoa.
Osagai hauek sustraia eta hostoak bakterioak eta onddoak akabatu eta garbitzeko gai egiten dituzte. Azaleko koipea eta azkura baretzen dituzten printzipio aktiboak ere badira. Odoleko gluzemiari eragiteko gai ere badira osagaiok, lan hipogluzemiatzailea egiten dutelarik.
Lapa-belarrari buruz hitz egitea garbiketaz hitz egitea da. Depuratzaile handia da: izerdi eta txiza eragilea, libragarria, linfa, gibel eta behazun xixkuen garbitzailea eta, batez ere, odol garbitzaile ona da. Hala, aknea, pikorrak, ekzemak eta herpesa tratatzeko erabiltzen da; azal zein larruazaleko gehiegizko koipea eta izerdi zikina garbitzeko gai delarik, buruko larruazaleko zahia esaterako. Mukiak, azido urikoa eta azetona iraizteko ere erabiltzen da.
Lapa-belarrarekin garbiketa egin ondoren ohikoa izaten da digestio gaitasuna hobetzea, batez ere urdailari eta gibel zein behazunari dagokionez; koipe eta gantzen digestioa egiteko erraztasuna izango dugu. Azala garbiago eta orekatuago ikustea ere ez da harritzekoa izango.
Inulina zuntz asko du sustraiak, hala, toxinek, zabor-janak edo botikek eragindako kalte digestiboa sendatzeko erabiltzen da. Sustrai mikatz honek digestio gaitasuna indartu dezake desintoxikazioaren bidez. Horrez gain, inulinak hesteetan kaltzioa xurgatzen laguntzen du. Beraz, hezurdura indartzeko eta osteoporosia tratatzeko lagungarri izango zaigu.
Asteraceae familiako landare honek hosto zabal eta handiak, berde ilunak ditu. Loreak orburu txiki baten antza du eta fruitu txiki gorri iluna itsaskorra da, arantzatsua baita.
Landu gabeko sailetan eta mugitutako lurretan hazten da berez. Erdi Aroan barazki moduan landatzen zen baina gaur egun bere sustraia da sendabelar estimatua. Udazkenean ateratzen da sustrai hau; sendoa, mamitsua eta zilindro egiturakoa izaten da.
Sustraien infusioa udaberri edo udazkenean hartzea oso gomendagarria da, gorputzaren hainbat atal garbitu eta urtaro aldaketa ondo eramateko 250 ml ur irakin eta koilarakada bat sustrai ipintzen da, bost minutuan irakinez. Sua itzali, tapatu eta iragazi ondoren baraurik edatea gomentatzen dugu. Hilero bederatzi egunez, udaberri edo udazken osoan (edo bietan, kasuaren arabera). Bost minututara ohi moduan gosaldu. Edema edo likidoak atxikitzeari aurre egingo dio. Urdailak, gibelak eta behazunak ere eskertu egingo digute; libragarri arina delarik. Odolean gehiegizko glukosa maila badugu ere erregulatzen lagunduko digu. Antioxidatzailea denez neke gutxiago eta gorputza arinago igarri dezakegu.
Lapa-belar sustraia aurreko puntuan esanda bezala irakin ondoren, sua itzali et koilarakada txiki bat pixa-belar (Lepidium latifolium) ipiniko diogu, bost minutuan tapatuta edukiz. Iragazi eta berdin hartzen da, epe berean. Giltzurrunetako tratamendua egiteko erabiltzen a: gernu bideak garbituko dizkigu, giltzurrunetako harriak edo harea sortzen ari baldin badira kanporatzeko lana egingo digu eta maskuriaren mintzak garbituko dizkigu. Udazkenean hiru hilabetean egitea gomendatzen da, bederatzi egunean hartuz.
Bizkarrean edo sorbaldan herpes gaitza baldin badugu lapa-belarraren infusioa hotza egunean behin aplikatzeak on egingo digu. Horretarako, oloa (Avena sativa), izpiliku fina (Lavandula angustifolia) eta salbia (Salvia officinalis) ere gehitu behar dizkiogu. Lapa-belar sustria eta olo malutak bost minutuan irakin ondoren, izpiliku fina eta salbia gehitzen zaizkio urari; beste bost minutuan tapatuta edukiz. Iragazi ondoren, infusio hau hozkailua hoztu, oihal bat ondo busti eta hamabost minututan edukitzen da mina dagoen tokian.
Sustrai freskoak xerra finetan txikitu eta tipularekin batera gorritzen dira oliotan. Nahi izanez gero jengibrea edo piper min pixka bat ipintzea badago. Oinarri hau barazki zopa edo pureetan erabil daiteke, bere propietateak baliatzeko modu oso ona da.
Haurdunaldian ez da erabili behar, oxitozina sorrarazten duenez, abortoak eragin ditzakeelako. Edoskitzaroan segurua den jakiteko ez dago ikerketa nahikorik, baina duen tanino kopuruagatik ez dirudi segurua denik.
Botika diuretikoak hartzen dituztenek ezin dute erabili, potasio asko duelako.
Anemia dagoenean ez da gomendatzen, neke sentsazioa areagotu dezakeelako.
Intsulina edo gluzemia erregulatzeko botikak hartzen badira, lapa-belarra profesional baten kontrolpean bakarrik hartuko da, gorabeherak eragin ditzakeelako.
Asterazea familiako landareei alergia izanez gero lapa-belarra ezin da erabili. Kamamila (Chamaemelum nobile), ilena (Calendula officinalis), txikori belarra (Taraxacum officinalis) eta bitxilorea (Bellis perennis) ere familia botaniko honetakoak dira.
Landare hau lurrean zein airean egon daitezkeen toxina pilatzailea denez, toki garbian bakarrik bildu behar da; errepide bazterrak eta leku industrialak ekidinez.
Lapa-belar ukendua
Lapa-belar sustrai oleatoa egitea gomendatzen dugu lehenbizi, izan ere, hainbat aplikazio egiteko ukendua baina erosoagoa izango da. Hala, oleato honen erdia botila ilunean jasotzea eta beste erdiarekin ukendua egitea gomendagarria da.
Sustrai hauekin egindako oleatoa astean behin buruko larruazalean igurtziko dugu, bost minutuz eduki eta ondoren pare bat aldiz xanpuarekin garbituz. Tratamendu honekin gehiegizko koipea tratatuko dugu, gantza izaten duen dermatitisa eta zahia tratatzeko oso onda delarik. Horretaz gain, ilea sendo edo indartsu jaiotzen laguntzen du.
Oleato hau oliba oliotan egitea gomendatzen dugu, hartara barne erabilera ere eman ahalko diogulako. Oleato hau gibela zein behazuna garbitzeko eta estimulatzeko erabil dezakegu; haien lana indartu eta hobetu egingo duelako. Koilarakada handi bat oleatori limoi tanta batzuk ipini eta goizero baraurik edaten da, hilero bederatzi egunez jarraian; edan eta bost minututara ohi moduan gosaltzen delarik. Beherakoa eragingo balu, bi egunez behin hartu.
Oleato hau ukendu eginda berriz, azalean igurtziko dugu. Azalaren gastatze eta zahartze seinaleei aurre egiteko, bost minutuan igurtzi eta ondoren xaboi eta ur epelarekin garbitu. Zimurrak eta orbanak tratatzeko eta haizeak edo eguzkiak eragindako oxidazioari aurre egiteko balioko digu. Dermatitisa, psoriasia, azkura, erredurak, ultzerak, intsektuen ziztdak edo ekzema koipetsua badaude, azalean zuzenean eman baino gaza batean igurtzi eta lotuta jartzea gomendatzen dugu, gau osoan edukiz.
Lapa-belar ukendua oliba olioa eerabiliz egin ordez txerri gantza erabilita ere egin liteke. Hain zuzen ere, sebo-kisteak eta lipomak desegin eta desagerrarazteko hau da osagairik onena eta lapa-belarrarekin oso ondo egiten du lan. 200 gr inguru gantz Maria bainuan urtzen dira eta lapa-belar sustrai lehorra ipintzen da, koilarakada handi bat, ilenare (Calendula officinalis) hiru koilarakada eta liho hazi (Linum usitatissimum) txikituaren beste koilarakada bat. Hamabost minutuan ondo berotu, ia frijituz, eta bertan utzi gau guztian, taparik ipini gabe. Hurrengo goizean berotu, iragazi eta kristalezko ontzian ipini, gogortu arte. Gauero eman behar da, igurtziak eginez.
OSAGAIAK 360 gr egiteko
* Lapa-belar sustrai lehorra, 2 koilarakada handi
* Lapa-belar lore lehorrak, 2 koilarakada handi
* Lapa-belar hosto gazte eta lehorrak, 2 koilarakada handi
* Oliba olioa, 400 ml inguru
* 45 gr erle argizari
* Kristalezko 2 ontzi
PROZEDURA
1. Sendabelarraren hiru zatiak lapikoan ipiniko ditugu eta ondoren oliba olioa, ez zuzenean sutan baizik Maria bainuan. Hirurak bateratsu udazken hasieran izango ditu eta landarea orduan ateratzea gomendatzen dut, bere zati guztiak erabiltzeko.
2. Ura irakiten hasten denean kontatzen hasi eta ordu erdian edukiko dugu, tarteka eraginez.
3. Sua itzali eta gau osoan utziko dugu dagoen bezala, taparik ipini gabe.
4. Hurrengo goizean iragazi, sendabelarra zanpatuz, eta erle argizaria gehituko diogu, Maria bainua erabiliz hau ere.
5.Argizaria urtutakoan kristalezko ontzietan ipini eta erabat hoztu eta gogortu arte bertan utzi.
6. Etiketa ipiniko diogu, urtea eta osagaiak adieraziz.
7. Olio esentzialik berez ez du behar baina nahi izanez gero erromero olio esentziala (Rosmarinus officinalis), hogei tanta, jar dakizkioke kristalezko ontzira bota ondoren, hobeto kontsebatzeko eta ukenduaren lana indartzeko.
EMAN HARTURAKO:
Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545