Asteroko buletina
Lurrak esan zion: emaidan eta emango dinat
Dani Blanco

Kamamila

Chamaemelum nobile

[Garbiñe Larrea]

Sendabelar oso ezaguna dugu kamamila, askorentzat sendabelarrik ezagunena. Kamamila ura gaitz guztiak sendatzeko darabilen jendea adina dago kamamila ura umetan hartu zuelako gehiago sendabelar urik hartu ez duena. Haren usainarekin aitona-amonen oroitzapen goxoak dituenak maitatu egiten du baina, usaintzearekin bakarrik goragalea sentitzen duenak ezingo du maitasun handirik sentitu.
Loreak egun lehor eta eguzkitsu batean biltzea gomendatzen dugu, eguerdi aldera; ondo irekita daudenean. Isurialde atlantikoko hainbat tokitan esaten da: “Ama Birjinetik (abuztuak 15) Ama Birjinera (irailak 9) bildu behar dela”, ahal dela, itsasoa ikusten den mendi batean. Baldintza hauek bete gabe ere balio digu, noski, landare sendoa eta indartsua epe hori baino lehen ere ikus genezakeelako.
Historiari erreparatuz, Egipton eta Erroman erabilera anitz zituela ikusten da eta, hala ere, gaur egun ez du gaurkotasunik galdu. Orduan bezalaxe, gaur egun ere, urdaileko eta hileko minak baretzeko balio du, azal eta begietako narritadura gutxitzeko, buruko minak arintzeko eta ilea hori mantentzeko.

Gatz mineraletan aberatsa da (%8-11), flabonoideak, kumarinak, polisakaridoak eta muzilagoa ere baditu. Makrofagoak eta B linfozitoak aktibatzeko gai diren polisakaridoak dauzka. Bisabobol izeneko osagaiak gorputzeko uzkurdura edo espasmoak geldiarazten ditu. Bere bi olio esentzial ere oso estimatuak dira: azuleno eta camazuleno izeneko osagaiak. Hala, hauek denek gaitasun antiseptikoa, antibiotikoa, antifungikoa, antiinflamatorioa, analgesikoa, sedatzailea eta leungarria ematen diote.
Barne erabileran haizeak kanporatzeko, behazun xixku berria sortzeko, gastritisa eta ultzerak sendatzeko eta urdaila babesteko balio digu. Digestio aparatuko gaitzek buruko mina eragiten dutenean ere onuragarria da. Gorputzeko espasmo mota guztiak baretzen dituenez, digestio aparatuko eta ugal aparatuko minak baretzen da ona. Jatekoren batek kalte egin digunean da bereziki ona: jateko horren digestioa egiten edo berau kanporatzen laguntzen digu; botalarria tratatzeko sendabelarrik onenetakoa delarik.
Kanpo erabileran azkura, erredurak, ekzemak, hanturak, zauriak, llaga zein ultzerak eta bakteriek sorturiko kalteak tratatzeko balio digu, estafilokokoen infekzioak tratatzeko adibidez. Horretarako, kamamila ura, olioa edo ukendua erabil ditzakegu. Begietako gaitzetarako ere erabili izan da kamamila ura, konjuntibitisa edo blefaritisa tratatzeko, eta azpimarratzekoa da gaitz hauek daudenean egokia dela baina, aldiz, epe ertain eta luzean ez dela erabili behar; begia lehortzera jotzen duelako.
Urduritasunak areagotutako minetarako baliagarria da: buruko minak, hesteetako ziztadak edo hilekoak eragindako kolikoak. Kirioak dantzan ditugulako jateko gogoa galdu badugu ere komenigarria da otordu aurretik kamamila ura edatea.
 

  • Digestio aparatua
  • Zirkulazio aparatua
  • Ugal aparatua
  • Lokomozio aparatua
  • Iraitz aparatua
  • Nerbio aparatua
  • Larruazala
  • Begiak

Deskribapen botakinoa

Konposatuen familiako landare usaintsu hau ezaguna eta estimatua da gure artean. Zurtoinak gehienetan etzanak izaten ditu eta udaberrian hasten da agertzen. Lore usaintsuak eguzki formakoak dira, erdigune biribil horia izaten dute eta hosto zuriz osatzen dira; uda betean ikusiko ditugularik.
Eremu lehorretan eta eguzkitsuetan hazten da berez, landatu gabe. Mendiko bide bazterretan ale bakanak izan ohi dira baina mendi soilguneetako zelaietan ugari ikustea arrunta da.
 

Nola eta zertarako

Sendabelar honen onurak moduerraz eta erosoan gureganatzeko oso aukera ona da belar ura edo infusioa hartzea. Otordu ondoren hartuta digestioa arinduko digu. Peptido falta dela-medio hesteetako hantura baldin badugu infusioa otrodu aurretik hartzea komeni da. Hortzoietan eta ahoan zauriak edo llagak baldin baditugu edan baino ahoa kamamila urarekin garbitzea da gomendagarria. Infusioa zaurietan eta erreduretan era jar daiteke, epeldutakoan, gazak busti eta ordubetean jarrita edukiz. 

Kamamila tintura infusioa hartu ezin duenarentzat erosoa geratzen da. Ur oso gutxirekin eginean 30-40 tanta, hiru aldiz, otordu ondoren hartzea nahiokoa luke kamamila uraren onurak izateko. 

Hanketako hantura edo barizeek sorturiko astuntasuna baldin baditugu sendabelar bainu partziala, berna erdirainokoa, komeni zaigu. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

Bidelagun

Fede Pacha&Co
gora